Azken elkarrizketa

Jose Elorrieta

Jose Elorrieta

ELAko idazkari nagusia

2007-03-07 - 11:30

Jose Elorrieta (Loiu, 1950) ELAko idazkari nagusia da, 1988tik. Beraz, ia 20 urte egin ditu sindikalgintzan, eta, oro har, Euskal Herriko gizarte eta politika bizitzan buru belarri murgildurik. Horri guztiari buruz hitzegiteko prest etorri da.

 Erantzundako galderak

19

G. Eskerrik asko gurekin izateagatik, eta BERRIA.INFO-ko elkarrizketa digitalak estreinatzeagatik. BERRIA.INFO

E. Zuei eta ongi izan. Oso interesgarria izan da. Hurrengo batean trebetasun gehiagorekin arituko naiz.

18

G. Noiz jarriko gara ados euskal langileak? alfredo

E. Beharra badaukagu eta aukerak ere bai; hori lortzen dugunean beste batzuk izango dira. Horregatik helburu horren atzean jarraitu behar da.

17

G. Zertan da orain dela hilabate batzuk izan zenuten eszisioa? Lander Gutierrez

E. Hau lehen erantzun dut.

16

G. Behin baino gehiagotan entzun eta irakurri dizut fronte soberanista sortzearen beharra defendatzen, baina hortik aratago ez zaitut ikusi. Jakin gura neuke berba jokoa baino ez dan, edo zegozer egiteko prest zauden. a.bilbao (Algorta)

E. Gure iritziz, gure posizio soberanista mantentzen dugu eta, zoritxarrez, koiunturaren arabera jokatzen dutenen artean ez du jarrera bera ikusten.

15

G. Hurrengo urtean erretiratuko zerala esan izan dezu. Gero zer egiteko asmoa dezu? Dena utzi behar? Emilio

E. Zer da dena? Sindikatuko idazkari nagusia izatea ez dena. Badauzkat asmo eta ilusio asko, nahiz eta niretzat oso garrantzizkoa izan den esperientzia amaitu.

14

G. Oso adierazpen publiko gutxi egiten ari zarete prozesuaren martxaz. Duela hilabete batzuk agiri bat argitaratu zenuten, nonbait ezker abertzaleari gustatu ez zitzaiona. Zuek ere su-etenean al zaudete? Arantxa Zaldibar

E. Bakoitzak egin behar du egin behar duena. Eta bakoitzak jakin behar du zer esan eta noiz esan. Gauza batzuetaz sinesten dugu eta beste batzuetaz ez. Egunero ez da polemikan egon behar gai hauen inguruan.

13

G. Euskal Herriko giza erakunde nagusia zerete, ez EAJ, ez Athletic... Ez al zenukete pisu handiagoa eduki behar eguneroko bizitzan? Elorri

E. Ez dakit pisu handia daukagun ala ez, baina egia esan lan pilo bat bai. Eta sarritan aurpegia ematea ez da erraza baina bai beharrezkoa gizarte honetan.

12

G. Lortu al duzue EAJren sindikatua zareten irudia gainditzea? Pepiņo

E. EAJri ezker parte handi batean. Ikusten duzu erantzunak zentzu ironikoa daukala. Ez da inoiz gure kezka. ELAn dagoen jendeak aspaldi gainditu zituen horrelako konplejoak.

11

G. Gauza jakina da ELAn zeu oso gaizki konpondu zarela beti informatikarekin. Nola ausartu zara elkarrizketa digital batekin? Edurne Arantzabal

E. Laguntza txiki bat jaso dut baina, dena dela, ez da informatikaren aurka nagoela. Baina seguru nago oraindik aurrerapausoak emango ditudala arlo honetan. Nauta ez naiz izan eta internauta gutxiago, baina zerbait egingo dut.

10

G. EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA GUZTION AHOAN DAGO.MADRILETIK LEGE BAT EGIN ZUTEN BAINA INDARKERIA JARRAITZEN DU.EZ GENUKE GIZONAK HEZITU BEHAR TXIKI-TXIKITATIK ETA HELDUEI GAUZA BERA? GORKA

E. Bai, horretan ez dago dudarik.

9

G. Langile gazte bat naiz eta inbidiaz ikusten dut Madrilen, esaterako, abiadura handiko trenarekin Toledo moduko hirietara joateko dituzten bidaia-denbora eta prezioak (Donostiatik Bilbora PESArekin joatea baina merkeago). Ez dut ulertzen ustez nere eskubideak babesten dituen erakunde batek zergatik errefuxatzen duen ganorazko trenbide sare berri bat gure Herriarentzat, ni bezalako gazte eta langileak behin eta berriro edonora joateko berebila hartzera kondenatuz. Orain aste batzuetako AHTren inguruko adierazpena lekuz-kanpo zegoela eta errealitatearekin bat ez datorrela iruditzen zait. XB

E. Guk eskatzen duguna da informazio gehiago, eztabaida gehiago. Pentsatuz tren sare berri bat beharrezkoa dela, baina baita posible direla sozialki alternatiba hobeak planteatzea ere. Gure iritziz, gaia oso garrantzizkoa da eta erabakiak beste modu batera hartu behar dira.

8

G. Zer iruditzen zaizu Batasunaren azken proposamena? Jon

E. Proposamen posibilistagoa dela pentsatzen dut, eta ikuspegi horretarik ikusita positiboa. Dena den, ez dakit kontestu honetan zer bide daukan.

7

G. Inoiz esan duzu ezkerrekoa eta abertzalea zarela, baina ez ezker abertzalekoa? Azalduko al didazu aldea? Pello Ruiz Agirre

E. Nahiko erraza da hori adieraztea. Ezker abertzale bezala ezagutzen dena proiketu antolatu bat da eta seguraski, kanpoan gelditzen garenok gehiago gara.

6

G. Nola liteke eusko trenen prekarietatearen bermatzaile den hitzarmena sinatzea? Galbahetzen al dituzue zuen kideek sinatzen dituzten hitzarmenak? Beņat

E. Ez dakit konkretuki akordio honen muina, baina dakidana da gure jendea -Eusko Trenekoak ere bai- prekarietatearen aurka daudela.

5

G. Duela urte batzuk oso "grebazale" ibili zen ELA? Orain ematen du lasaiago zabiltzatela. Zer dela eta aldaketa? Haritz Bibao

E. Lehen bezain grebazale gaude. Egiten diren grebetan ia beti ikusiko duzu ELAren sigla.

4

G. Ezker abertzaleak gobernuarekin akordioa lehenesteko abiatu duen estrategiaren aurrean, zuek esparru soberanista indartzea dela lehentasuna defendatzen duzue. Hori Lizarra-Garazin eman bazen, zergatik ez zuen aurrera egin? Ze konpromezu maila hartzeko prest dago ELA, esparru horrek protagonismoa hartuko balu? ibon

E. Gu soberanista gara eta hori da gure eguneroko jardueran nabarmentzen da. Adibidez, gehiengo sindikala erabiliz guretzat premiazkoa den lan harremanetan, Espainiako modeloaren subsistema izatea ez onartuz. Lan gehiago daude, noski, baina konpromiso nagusiak ez dira bakarrik paperean jaso behar.

3

G. Inportantea da oso gure gizarteko eragile nagusiek euskaraz jakitea eta ahalik eta gehienetan euskaraz aritzea. Horra hor zure kasua eta, beraz, euskaraz dihardugunon aldetiko esker ona. Baina, ELA Sindikatuan, barrura begira, ba al dago euskara planik? Eta, bestalde, nola bideratzen dira lantokietako hitzarmenetan euskara planak? Zein dira lantokietako euskara planen oztoporik handienak? Josu Laudio

E. ELAk duela urte batzuk jarri zuen martxan euskara plana. Urtero berritzen dira helburuak eta lortutakoaren azterketa egiten da. Exekutiban pertsona bat horretaz arduratzen da. Enpresa mailan euskara bultzatzeko akordioa dago sindikatu eta administrazioaren artean baina, egia esateko, asko dago egiteko. Gure aldetik ahal dugun guztia egingo dugu egoerari buelta emateko.

2

G. Zeinztuk dira arrazoiak ez osatzeko berriro LABekin ekintza batasuna? Ez al dugu horrekin, baita ELAko militante abertzaleek, denok galtzen? Rafa Perez

E. ELA eta LABen borondatea da ekintza sindikal bateratua martxan jartzea, baina gauzak ez dira hain errazak. Irakurketa politika ez da berdina baina, dena dela, adostasunak emateko arlo sindikalean dago koska. Ez dugu derdin ikusten sindikatuaren papera negoziaketa kolektiboan.

1

G. Zer pasatu da 35 orduko lan astearen aldarrikapenarekin? Miren

E. Guk mantentzen dugu lan orduen murrizketa aldarrikapen bezala. Ez ideologikoki bakarrik, lan hitzarmenetan ere bai. Arlo publikoan lortuta dago, zerbitzuetako sektore askotan ere bai eta borrokarik handiena industrian dago.