Bilaketa: etb

Bilaketa azalpenetan:

idazkuntza >> Puntuazioa >> Parentesiak eta marra luzeak >> Parentesia

Datu solte argigarriak gehitzeko erabiltzen dira parentesiak: herrialdea, kopurua, jaioteguna eta jaioterria, jatorrizko izenburua edo itzulia, enumerazioak, siglak, hitzen edo kontzeptuen esanahia...

36ko gerran fusilaturiko zazpi lagunen gorpuak aurkitu dituzte Fustiñanan (Nafarroa).

Txapelketa ostiral gauean hasiko da, Asteasun (22:30, ETB1).

Hitz barrenean ere erabil daitezke, hitz jokoak egiteko.

Txapelaren f(z)ama

Parentesi barrenean beste parentesi bat jarri behar izanez gero, marra luzeak baliaturik honela jokatuko dugu:

Andrew Niccolek –Simone (2002)– zientzia fikziozko film biribila ondu zuen.

idazkuntza >> Gramatika >> Deklinabide arazoak >> Izenlagunak: noiz '-ren' eta noiz '-ko'

Zenbaitetan garbi badago ere (jabetza zentzuan -ren eta lekuzko zentzuan -ko), hainbat eta hainbatetan zalantza sortzen da loturarekin. Nekez bil daiteke kasuistika guztia, baina hona hemen kasu ohikoenak.

noiz '-ren' adibideak
jabetza ETBren egoitza 
kontserba etxearen jabea
Iraken etorkizuna
herriaren izena
liburuaren izenburua
Atarrabiaren Eguna
Euskal Herriaren sinboloa
Frantziaren irudia
Israelen enbaxada [Israelek duen enbaxada]
Israelen Egiptoko enbaxada [Israelek Egipton duen enbaxada]
egilea-eginikoa Sinn Feinen batzar nagusia
EAJren eta EH Bilduren bilera
eginikoa-egilea Aste Nagusiaren sortzaileak
Zinemaldiaren babesle ofiziala
Zinebiren antolatzaileak
filmaren zuzendaria
proiektuaren zuzendaria
liburuaren idazlea
egunkariaren irakurlea
elkartearen sustatzailea
deialdiaren arduradunak
objektua-ekintza delituaren salaketa
aldizkariaren harpidetza (eta aldizkariaren harpideduna)
partidaren amaiera
irailaren hasiera
Nafarroako Parlamentuaren eraketa
objektua-ezaugarria izatearen garrantzia
gereziaren gorria
osoa-partea liburuaren lehen zatia
Europaren bihotzean
filmaren parte bat
alde sei tantoren aldea
bi golen aldea
zale musika klasikoaren zalea
kolore bizien zalea
Realaren zalea [realzalea]
alderdia-hura nagusi den erakundea EAJren udala
PPren gobernua
  Arte Ederren Museoa
Zuzenbide Historikoaren Institutua
zerbaiten balioa, guztira hogei euroren gasolina [hogei euroren truke ematen dutena]
bi euroren intxaurrak [bi euroren truke ematen dituztenak]
txakur txiki baten karameluak [txakur txiki baten truke ematen zituztenak]

 

noiz '-ko' adibideak
tokia gelako armairua 
etxeko ataria
hango berri
taldeko kidea
Nafarroako Gobernuko presidentea
EAEko lehendakaria
Alaveseko jokalaria
BERRIAko itzultzailea
NBEko idazkaria
EAJko alkatea
denbora gaurko egunkaria
heriotzako ordua
azken judizioko eguna
arloa, esparrua  Erizaintzako Unibertsitate Eskola [erizaintzaren arlokoa]
kimika organikoko irakaslea [kimika organikoaren arlokoa]
nolakotasuna bihotz oneko jendea
lau hankako mahaia
garrantzi handiko erabakia
prezioa 1,90 euroko gasolina [litroa 1,90 kosta da]
lau euroko intxaurrak [kiloa lau euro kosta da]
besterik Euskal Herriko mapa

Badira kasu batzuk bi atzizkiak onartzen dituztenak, ikuspegia zein den edo zer esan nahi den. Hona hemen halako batzuk:

-ko -ren
Osasunako entrenatzailea [Osasunan duten entrenatzailea] Osasunaren entrenatzailea [Osasuna entrenatzen duena]
BERRIAko zuzendaria [BERRIAn duten zuzendaria] BERRIAren zuzendaria [BERRIA zuzentzen duena]
Alfako akzioak [norbaitek Alfan dituen akzioak] Alfaren akzioak [Alfak dituen akzioak]
Italiako Gobernuko bozeramailea [gobernuan duten bozeramailea] Italiako Gobernuaren bozeramailea [gobernuak duen bozeramailea]
Hezkuntza Ministerioko ordezkaria [ministerioan duten ordezkaria] Hezkuntza Ministerioaren ordezkaria [ministerioa ordezkatzen duena]
monasterioko burua [monasterioan duten burua] monasterioaren burua [monasterioak duen burua]
armadako buruzagia [armadan duten buruzagia] armadaren buruzagia [armadak duen buruzagia]
ikastolako arduradunak [ikastolan dituzten arduradunak] ikastolaren arduradunak [ikastolaren ardura dutenak]
Nafarroako konkista [Nafarroan eginiko konkista]  Nafarroaren konkista [1. Nafarroa konkistatu zutenekoa. 2. Nafarroak eginiko konkista]
Euskal Herriko historia [Euskal Herrian izaniko historia] Euskal Herriaren historia [Euskal Herriak izaniko historia]
EAJko hautagaia [EAJkoa den hautagaia] EAJren hautagaia [EAJk aurkeztu duen hautagaia]
Greziako egoera [Grezian dagoen egoera] Greziaren egoera [Greziak duen egoera]

 

2018-04-19 12:11:17
>
Gure ustez, izenburupean zuzena da. Egia da tradizioan ez dagoela halakorik, baina gaur egun erruz erabiltzen dute idazleek, itzultzaileek, kazetariek... Ereduzko Prosa Gaur eta Lexikoaren Behatokia arakatuz gero, egile hauen lanetan ageri da: Aingeru Epaltza, Andres Urrutia, Itxaro Borda, Ibon Uribarri, Iñaki Mendiguren, Isabel Arrigain, Joxerra Garzia, Koldo Zuazo, Pako Aristi, Piarres Xarriton, Ramon Saizarbitoria, Xabier Olarra... Gainera, kazetaritzan ere maiz erabiltzen da: Aizu, Argia, BERRIA, ETB...

Badira, jakina, beste esamolde batzuk ere: halako izenburukoa, halako izenburua du, halakoa darama izenburutzat...

2013-11-05 13:26:56
>
Guztiz normala da ordu eta erdi egitura. Esaterako, Ereduzko Prosa Gaur corpusean, 246 aldiz ageri da. Euskaltzaindiaren Hiztegian, bi adibide hauek daude: "Ordu eta erdi irauten duen emanaldia" (iraun sarrera), "Ordu eta erdi irauten zuela" (ordu sarrera). Eta Orotariko Euskal Hiztegian ere bada adibiderik: "Bear zan baino ordu eta erdi lenagotik".

Ordu bat eta erdi, berriz, oso bakan erabili izan da, guk eskura ditugun corpusetan, behintzat: Ereduzko Prosan, lau aldiz baino ez (hiru aldiz Herria-n, eta behin Itxaro Bordaren Zeruetako erresuma liburuan); Lexikoaren Behatokian, hiru aldiz (BERRIAn bi adibide, Allande Sokarrosek eta Irene Arrizurietak idatziak, eta ETBren webgunean bat). Orotarikoan ez dugu bat bera ere aurkitu.

Beraz, badirudi gutxi erabili izan dela ordu bat eta erdi, eta batez ere ekialdeko hizkerei dagokiela. Hori ikusirik, BERRIAn ordu eta erdi erabiltzen segituko dugu, tradizioan egin ohi den bezala, baina jakinik Iparraldeko testuetan baduela bere tokitxoa ordu bat eta erdi formak ere.
© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: estiloliburua@berria.eus
webgunearen mapa