Bilaketa: what

Bilaketa azalpenetan:

informazioa eta interpretazioa >> Informazioa eta ikuspuntua >> Informazioaren antolamendua >> Gero, egituratu

Zer kontatua izan behar du kazetariak, jakina, eta gaiari nondik heldu, nola bideratu, datuak eta ideiak nola hierarkizatu erabakitzea da idazten hasi aurreko zeregina. Horretarako, ondo aztertu behar du orria edo web orria nola egituratu: testuak, infografiak, taulak, argazkiak, bideoak, estekak...

Gertaerak, normalean, ez dira bakanak, ez baitira espazioan edo denboran aparte gertatzen: testuinguru jakinetan gertatzen dira, eta kontatu ere hainbat ikuspuntutatik konta litezke. Horregatik, zaila da albiste bat idazten hastea eskemarik izan gabe.

Luzaroan, egitura modurik ezagunena piramide iraulia izan da: paragrafoka antolaturik, lehenik garrantzitsuena idazten da, eta gero gainerakoa. Molde horretara ekarri izan dira agentzietako albisteak, gero munduan zabal daitezen.

Albisteak moztu beharra izaten zen batzuetan, eta piramide irauliaren eskema aukera-aukerakoa zen: daturik garrantzitsuenak testu hasieran emanak zeuden, eta azken paragrafoetan bildutako informazioa galduta ere berdin ulertzen zen albistea, garrantzi gutxieneko atalak baitziren azkenak.

Gaur egun, Interneterako idazten denean, oso gogoan hartu behar da piramide irauliaren egitura. Izan ere, arrunt egokia da, batez ere kontuan harturik nola irakurtzen den sarean: askok artikuluaren hasiera bakarrik irakurtzen du, beheko aldera jaitsi gabe.

Piramide irauliaren eredua bezala, kazetaritzan oso zabalduta dago 5/6 W-ei erantzun behar zaien ideia —ingelesezko galdetzaileen hasierako letra da Wwho (nork), what (zer), where (non), when (noiz), why (zergatik) eta how (nola)—. Berez, esaldi arrunt bateko subjektu-objektuak eta horiei dagozkien adberbiozko osagarriak dira. Ondo baliagarria izan da kazetari berriek gogoan har dezaten albistearen funtsa.

Erredakzioetan teknologia berriak sartu zirenetik, ordea, ordenagailu eta programazio sistema berriak garatzearekin batera, testua egituratzeko beste bide batzuk landu dituzte kazetariek: estilo, genero eta idazkera modu berriak. Helburua ez da aldatu: ahalik eta informaziorik osatuena ematea, betiere komunikazio erarik eraginkorrenean. 

Piramide irauliaren ondoan, bada kazeta testuak antolatzeko beste eredurik ere. Hareazko erlojuarena, esaterako: informazioa garrantziaren arabera ordenatuta ematen da, baina azken paragrafoan kontakizuna biribildu eta informazioaren gaineko datu garrantzitsuren bat biltzen da. Beraz, albistea bukaera arte irakurri behar da.

Informazio hutseko albisteak piramide irauliaren eskemara lotu izan dira gehiegitan, eta 5/6 W-ei erantzun izan die idazkera zurrun eta ez beti gozagarrian. Eredu aseptiko hori oso baliagarria da, izan, testu laburrak idatzi behar direnean batik bat: normalean, agentzietatik bidalitako albisteen datu nagusiek ez dute ematen paragrafo bat osatzeko baino gehiago.

Baina informazio ondo hornitua eta zabala inguratzen duenean, kazetariak ez dauka hain estu jokatu beharrik: gaiari lotutako koherentzia izango du testua bilbatzeko haria. Datuak gaika lotuta dauden heinean atondu eta paragrafoak ideia baten inguruan eratuta, kontakizun erakargarriago eta samurragoak onduko ditu. Esaldiz esaldi, paragrafoz paragrafo ideietan aurrera eginda, testu erosoak eskainiko dizkio irakurleari.

Albisteak kontatzeko molde horretara biltzea da BERRIAren helburua: istorioaren elementu bakoitzak zeregin jakin bat betetzen duela, testuaren kanpo egiturari hainbeste erreparatu gabe, kontakizunaren barne koherentzian oinarrituta, arian-arian albistearen logikari erantzunez. Baina hitzik eta prosarik ederrenek ez dute apainduko berez hutsik dagoen mamia.

 

 

© Berria.eus - Euskal Editorea SM    •   Martin Ugalde kultur parkea, Andoain 20140
Telefonoa: 943-30 40 30  •   Faxa: 943-59 01 72  •  Posta elektronikoa: estiloliburua@berria.eus
webgunearen mapa