Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Eztabaida gela

Hiriak eraikitzeko irizpideak nolako, hiriak halako

Zer eta noren arabera eraiki hausnartu dute Garbiñe Pedroso arkitektoak eta Izaskun Aseginolaza EHUko irakasleak.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2016-01-03

Garbiñe Pedroso Conejero

Hiri dinamikoa

Garbiñe Pedroso Conejero. Ari Arkitekturako kidea

Hiria zera dinamiko bat da. Gehienean hormigoiz eta lurzoru gogorrez, material ustez egonkorrez, kotatu eta baldintzatu nahi izan den dinamismoa. Fluxu eta asmo anitzen topaleku, etengabeko eraldaketa oinarri duen ingurune naturalean betiereko nahi espazialez mugatua. Nortzuek eta zertarako pentsatzen, eta horren arabera eraikitzen dituzten hiriak galderei arretaz so egitea, nola eta zergatik bizi garen, edo biziaraziak garen, ulertzeko abiapuntu nagusia da.

Gizon-emakumeek euren oinarrizko beharrei modu aberatsean eta komunean elkarrekin erantzutea helburu izanda sortu genituen hiriak; eta haien garapenak ere, egun, zio komun hauei xerka beharko luke jarraitu. Batetik, bizitzaren sostengu den lurra zainduz; bestetik, bilbe sozial sendoa osa dezaten pertsonak zainduz; eta amaitzeko, baliabideen banaketa justu batez, era guztietako soberakinak modu orekatuan birbanatuz. Asmo kolektiboei modu eraginkorragoan eta orekatuagoan erantzuteko tresna eder zatekeen hiria. Sarritan, ordea, kolektibitate batzuentzat, neurri gero eta handiagoan guztiontzat, mehatxu larri bilakatu da; zenbaiten interesak besteen bizkar eraikiak izan direnean.

Oinarrian, txertatzen direneko lekua, ingurune fisiko zein klimatikoa, eta zergatik ez, baita soziala ere, izan dute abiapuntu hiri bilbeek. Mendez mendeko ezagutzen transmisioz garapen itxuraz espontaneoz eta instintiboz tokian tokiko naturaren eta pertsonen neurrira eraikitako espazio aberatsak ditugu nonahi. Arrazoiak ere, ordea, bere bidea egin du. Gainera, aukera integratzailea baino hausturaren bidea hartu zuen, denborarekin leuntzen joan den talka proposatuz. Atzera, soluzio unibertsalak baztertuz doaz; orain, egungo ezagutza berritzaileek eskainitako arrazoiarekin tokiko jatorrizko baliabideak eta jakinduriak balioan jarri eta berreskuratzeko garaia da.

Espazio eraikiek, eta haien arteko hutsuneek, haiek biziko dituzten pertsonen bizitzak baldintzatzen dituzte. Hiri eskubidearen aldarriak, kezka honetatik abiatuz, hiria bizi duten pertsona guztiek hiria pentsatzeko testuinguruetan eta bere garapena baldintzatuko duten erabakietan parte hartze zuzenerako duten askatasuna ozen eskatzen du. Bizi ditugun espazioak ez dira neutroak; sexu desorekaren adierazgarri, eta eragile, sarritan adina edo arraza izan dezakete, eta, gainera, klasistak dira; bai beren eiteari esker eta bai bertan ahalbidetzen diren prozesuez baliatuz. Komunitate bete-bete baten xerka hirigintza barneratzailea bide; prozesu sozialak aldatzeko pausoak haiek baldintzatzen dituzten espazio eraikien egitura zurrunak eraldatuz iritsiko baitira.

Guztion asmo onek baino sakonagoa den gutxi batzuen interesek marraztutako arrastoa erakusten dute gure hiri bilbeek. Oihan arriskutsuetatik babesteko eraikia izan zena planetaren eta pertsonen ongizatea mehatxatzen duen oihan arriskutsu bihurtuz. Planetaren eta hura aberasteko asmoz bizi esperientzia gosez iritsitako guztien neurriko auzo eta hiriak eraikitzeko eredu, praktika eta dinamikak pizte eta orokortze garaian gaude; hauxe planetaren eta pertsonen ongizatearen mugak eskaintzen digun azken aukera bakarra.

Norbanako bakoitzak, bere gogoz, hiria den zera dinamikoa, hark bera baldintzatzen duen neurri berean, edo handiagoan, eraldatzeko gaitasuna du. Agintarien zain bagaude beranduegi izango ei da, eta herritarrok bakarka jardunda gutxitxo izango omen. Guztiok arduraz komunitatean arituz gero, etorkizun hurbila orainean kolektiboki eraikiz, XXI. mendeak oparitutako erronkei airosoki aurre egiteko tresnak eta jendartea prest ditugu.
Izaskun Aseginolaza

Hiritarren hiri eredua

Izaskun Aseginolaza. EHUko arkitektura irakaslea

Duela hamarkada bat hirien plangintza hazkunde etengabearen menpe zegoen. Ez zegoen hiria nondik eta nola garatu behar zen hausnartzeko denborarik. Jakina da, ordea, hiri eredu hura agortu egin zela eta ordudanik berri bat garatu beharrean gaudela. Edozein kasutan, gaur egun onartua dago hiri eredu egokiena lurzoru kontsumo berria suposatzen ez duena dela. Edo, beste modu batean esanda, hazkunde berriak eta jasangarritasuna ez datozela bat.

Gure hirien garapenari buruzko eztabaida eraberritze edo birmoldaketa bezalako kontzeptuen inguruan ematen da gaur. Hirien koherentzia hobetzeko aukera dugu, bai eta hiriek naturarekiko duten erlazioa berreskuratu eta hobetzeko erronka ere. Beraz, momentu paregabea da.

Hiri eredu berria zehazterakoan, badira behingoz kontuan izan beharko ditugunak: hiritarrak. Pertsonak, beren aniztasunean, etorkizuneko hirien plangintzaren lehen planoan kokatu behar dira.

Horretarako, hiritarrek planifikazio prozesuetan parte hartzea ezinbestekoa da. Planifikazioak eskala ezberdinak jorratzen ditu, eta ondorioz, partaidetza ere eskala bakoitzari egokitu beharko zaio, batzuetan besteetan baino errazagoa delarik.

Auzo mailan esperientziak ugari dira eta oso onak. Partaidetza prozesu hauek jarraitzen dituzten profesionalak ere sortu dira eta teknikak egokitzen doaz. Eskala honetan lantzen diren gaiak hiritarrei gertuko egiten zaizkienak dira, beraien eguneroko bizitzan eragina dutenak. Beraz, arrakasta ziurtatua dago eta auzokideen inplikazioa lortzen da.

Beste eskala handiagoetan, berriz, hiri plan orokorretan edo lurralde antolamendu planetan hala nola, zailagoa da hain beharrezkoa den hiritarren inplikazio hori lortzea. Eta, ondorioz, hiritarren isla ez diren herri eta hiriak lortzen dira.

Hiri plan orokorren kasuan, araudiak, hiritarren partaidetza bultzatzeko zenbait tresna eskuragarri jartzen ditu. Badaude partaidetza prozesuak martxan jartzen dituzten udalak ere, nahiz eta legalki behartuak ez egon. Baina hiritarrari ematen zaizkion tresna legal hauek ez dira beti baliagarriak eta partaidetza prozesuak egon arren, hauen eraginkortasuna eskasa izaten da. Izan ere, behar baino hiritar gutxiagok parte hartzen dute eta parte hartzen duten horiek ez dira beti gizartearen aniztasunaren lagin nahikoa.

Horretaz gain, gaur egungo planeamendu dokumentuak eta hauen izapidetze prozesuak korapilatsuak dira. Horregatik, hirigileon lana eta ardura dira legedia hori hiritarrei gerturatu eta ulertaraztea.

Argi dago, beraz, egungo partaidetza prozesuak hobetu behar direla. Teknologiak lagundu diezaguke, partaidetza prozesuak egiteko gero eta baliabide gehiago daude eta informazio gero eta gehiagorekin lan egin dezakegu. Baina hiritar bezala ere badugu gure ardura. Lehenik eta behin partaidetza prozesuetan parte hartuz. Eta ondoren, guztion interesen alde eginez, gaiak zuzenean guri eragin ala ez. Horrek erakusten du hiritarron heldutasuna eta horrek egingo gaitu gure hiriei buruzko erabakien jabe, horrela hiriak gure isla bihurtuko direlarik.

Eta nola lortu erakunde, profesional eta hiritarren inplikazio hau? Auzoetan egiten diren partaidetza esperientziak abiapuntu bezala har litezke beharbada; hiritarrak eskala txikian inplikatu lehendabizi eta eskala handiagoetara eramanez ondoren. Ziurrenik, esperimentazio eta etengabeko hobekuntza-prozesu bat izango da. Edozein kasutan, hiri gaiei buruzko partaidetza kultura bat lortzeko bidea aurkitu behar dugu, gure hiri ereduaren definizioa hiritar guztion eskubide eta ardura bihur dadin.