Publizitatea

Iritzia

Osasuna eta kirola

Esnalek eta Mendiak ez dute zalantzarik osasuntsua dela kirola egitea, baina ohartarazi dute kaltegarri bihurtzeko arriskua dagoela, oreka eta ardura galduz gero.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2016-05-08

Haritz Esnal Amondarain

Kirola eta osasuna: non dago muga?

Haritz Esnal Amondarain. Medikua eta kirol prestatzailea

Osasuna helburu badugu, nahikoa da Getaria-Zarautz bidea astean birritan egitea, oinez eta bixi. Baina, noski, hori askorentzat ez da kirola.

Orain gutxi arte, urteko kirol-erronkarik handiena Behobia edo Zarauzko triatloia egitea zen. Gaur, ordea, ez zara inor baldin eta Iron Man edo mendiko ultra-trailen bat egiten ez baduzu.

Tartean-tartean, oihartzun handiko berri batek astintzen gaitu: kirolari bat hil da bat-batean. Berehala entzungo ditugu betikoak, borborka: mediku-agiriak, esfortzu-probak, «zerbait egin beharra dago»... Heriotzak dira alarma gehien sortzen dutenak, baina ezin dira ahaztu bestelako hainbat gaitz; miokardio-infartu larriak, giltzurrun-gutxiegitasunak edota zuntz-hausturak.

Garai batean, informazio-eskasia izaten zen aitzakia. Orain, mozkortu eta itotzeko adina informazio lor genezake edozein gairen inguruan, baita kirol eta osasunaz ere. Erronka nagusia, ordea, benetakoa eta baliogarria den huraxe topatzea da. Zergatik ez dugu sinetsiko ultra-trailak egiten dituztenek bizi-esperantza luzeagoa dutela? Baina harrituta irakurriko dugu nola esfortzu-probak, nahiz eta Parisko maratoian parte hartzeko ezinbesteko baldintza izan, ez duen abantailarik erakutsi bertako korrikalarien bat-bateko heriotzak murrizteko.

Zentzuz jokatzea da denon betebeharra. Kirolari garen aldetik, guk geuk izan behar genuke kontrola. Gure ardura da ezustekorik ez izateko neurriak hartzea, bai entrenamenduetan, bai lasterketa bertan ere. Alferrik izango da entrenatzaileari edo beste edonori ardura eskatzea, gu geu ez bagara geure buruaren jabe.

Mediku edo osasun-langile garenon aldetik, bide segurua zein den erakustea izan beharko litzateke gure ardura. Aholkuak eman eta ahal den neurrian denon mesedegarri izan daitezkeen jarrerak hartzea, batez ere prebentzio mailan. Muga zeharkatu nahi duenari benetako arriskuak zein diren azaltzea. Muga zeharkatu duen horri, berriz ere hanka-sartze bera egin ez dezan, errekuperatzen lagundu eta begiak zabaltzea. Ez gaitezen jolasean ibili nahi eta ezinarekin.

Antolatzaileek eta erakundeek (federazio, udal edo diputazio) segurtasuna izan beharko lukete mugarri. Festarik handienak, girorik ederrenak edo markarik azkarrenak ez du inongo baliorik norbait ez bada etxera itzultzen. Neure eskuetatik pasa den kirolari batek inongo okerrik izan ez dezan dut kezka nagusi. Halako ardura izan beharko luke lasterketa-antolatzaile, laguntzaile edo babesle den erakunde batek ere.

Baina, neurriak neurri, geure esku dago benetako erronka. Etxera irribarre batekin itzultzea izan beharko genuke bizipoz. Eta hauspoa bete eta hurrengo erronka jasangarria ilusioz prestatzen hastea.

Zailena ez da muga non dagoen jakitea. Harantzago joan nahi izaten baitugu beti. Mugaz bestalde dagoenak erakartzen gaitu. Muga hanka batez zeharkatu ondoren, besteaz ere pasatu nahi izaten dugu. Eta, hala, isuri nahi genituen izerdi-tanta haiek negar-malko bihur daitezke. Beranduegi izan aurretik, zentzuz joka dezagun. Kirola gozatuz, osasunez blai ibil gaitezen!
Etor Mendia Zufiria

Nola eta zertarako, hor gakoa

Etor Mendia Zufiria. Kirol prestatzailea

Kirola eta osasuna elkarrekin lotu ohi ditugun bi kontzeptu dira. Barneratuta daukagu bizimodu osasuntsu bat izateko kirola egitea beharrezkoa dela, baina horrela al da hori? Osasunaren definizioa, Munduko Osasun Erakundearen arabera: «Gizaki bakoitzaren ongizate fisiko eta sozial erabatekoa da», hau da, bizi kalitate on bat izatea: fisikoki, emozionalki eta sozialki. Kirola era egokian eta erregularki egiteak, gure gaitasun fisikoak hobetzeaz gain, geure buruarekin gustura egoten eta giza harremanak hobetzen lagun diezaguke.

Aspaldi esan zuen Hipokratesek, giza gorputzari buruz: «Erabiltzen dugun hori garatzen da, eta erabiltzen ez duguna atrofiatzen da». Eta gehiegizko erabilpenarekin?

Denbora gutxian asko aldatu da gure gizartea eta jarduna: lan fisikoan oinarritutako bizimodu batetik bizimodu sedentario batera pasatu gara. Txikitatik hasita, haurrek ikastolan ordu asko pasatzen dituzte beren gelako aulkian eserita, eta helduak garenean, gure lanpostuan. Gaur egun, sedentarismoa da gizakiak jasaten dituen gaitz larrienen arrazoi nagusietarikoa, eta sedentarismoa jarduera fisiko erregular baten gabezia da. Horri aurre egiteko ezinbestekoa da gure egunerokotasunean kirola txertatzea. Baina edozein kirol edonorentzat al da ona? Adin tarte desberdinetan gizakion beharrak eta gaitasunak desberdinak dira, eta horietara egokitu behar da gure jarduera.

Gaur egungo gizarte kapitalistak gizakiarengan eragiten duen neurri gabeko lehiakortasuna gure aisialdian txertatu dugu: oharkabean, gure lanorduetatik kanpo egiten ditugun jardueretan gure muga fisiko eta mentalak urratzen ditugu, gero eta proba luzeagoak eta gogorragoak eginez. Non dago muga? Ez da egokia profesionalen prestakuntza modeloak kirolari herrikoiari aplikatzea, ez baitira berdinak ez haien gaitasunak, ez eta bizi baldintzak ere (batzuk horretarako bizi dira; besteak, berriz, zortzi orduko lan egunaren ondoren entrenatu behar dira). Egia da iraupen luzeko halako probek (Ironmanak, maratoiak, mendiko Ultrak... eta, gurera etorrita, Behobia, Zegama-Aizkorri, Zarauzko triatloia...) jende asko kirola egitera eraman dutela eta, ondorioz, beren gaitasun aerobikoa hobetu dutela eta bihotz-birika sistemako gaixotasun askori aurre egiteko balio diela, bai, baina lesioak? Gaixotasunak? Arazo muskularrak maiz izatea, sarri katarroak izatea... ez al dira gure gorputzak bidaltzen dizkigun mezuak muga zeharkatzen ari garela ohartarazteko?

Eta, beste muturrean, denbora gutxienari gehiengo etekina atera nahi diona dago: taldean egiten diren intentsitate altuko jarduera zuzendu labur eta gogorrak. Oso denbora laburrean»argaldu, gihardura indartu eta sasoi betean» jartzen omen dutenak. Edozeinek egin al ditzake jarduera horiek? Oinarri on bat eduki gabe, arriskutsuak, zalantzarik gabe. Gaurko ogia, biharko gosea.

Orduan, zein baldintza bete behar ditu kirolak osasuntsua izan dadin? Ezaugarriak: nahikoa, askotarikoa, orekatua eta egunerokoa. Eta jarraitu beharreko urratsak: mediku azterketa on bat, banakakoari egokituriko jarduera zehaztu eta progresio egokia mantendu norberaren erantzunaren arabera (entrenamenduaren oinarrizko printzipioak mantenduz). Eta edozein hobekuntza fisikoren oinarria atseden egokian dagoela jakin.

Zein helbururekin, zertarako egin behar dugu kirola? Gero eta zaharragoa da gizartea, eta zahartzaroak ezinbestean dakarren gaitasun fisikoen gainbeherari aurre egiteko, gainbehera horren eragina mantsotuz, ahalik eta denbora gehienean pertsona bakoitzak bere autonomia mantendu dezan.

Azken finean, bizitzari urteak eman baino gehiago, urteei bizitza eman diezaiogun.