Publizitatea

Iritzia

Turismoaren hazkundea

Etengabe hazten ari da, eta egiturazko arazoak ugaritzen ari dira. Gogoeta egin dute Basagaitz Guereñok eta Amaia Almirallek.

Eztabaidan parte hartu edo iruzkinak egin nahi izanez gero, sartu honako helbide honetara: www.berria.eus/iritzia

2017-05-14

Amaia Almirall

Herritarren neurrira egokitua

Amaia Almirall. EH Bilduko zinegotzia Donostiako Udalean

Alde Zaharra bakarrik turistentzat eta Erdialdea multinazionalez josita, non dago gure Donostia?». Halaxe zioen lagun batek duela gutxi. Izan ere, turismoaren eztabaida pil-pilean dago, batez ere, Donostian eta kostaldeko herrietan. Urte gutxitan bisitari eta turisten kopuruak biderkatu baino gehiago disparatu dira, eta horrek turismoaren eragin ekonomiko eta sozialak areagotu ditu. Ezagutu dugun turismo eredua di-da aldatu eta aro berrian murgildu gara. Errekorren politikaren aroa bukatu da.

Argitu behar da hazkundea ez dela uniformea, otsaileko ilunabarretan, hamaika auzo eta herritan moduan, agobiorik ez da nabaritzen. Baina hainbat sasoi eta gunetan, zinez, ezin egon. Izan ere, masa-turismoa ez da ona inorentzat: ez bertakoentzat, ez benetako eta jatorrizkoaren bila datorrenarentzat. Azken finean, masifikazioa eta kalitatezko turismoa bateraezinak dira.

Non dago turismoaren muga? Euskal Herriko txoko askotan turismoak ez du goia jo; beste hainbatetan, bai. Herritarren bizi kalitatea da neurgailua: espazioen galera, alokairuaren igoerak, lan-baldintzak, masifikazioak egunerokoan sortzen dituen zarata, zikinkeria, estresa... Bizitza eta turismoaren arteko oreka galtzen denean, turismoaren eragina ezin da neurtu beteriko ohe kopuru hutsen arabera.

Etxebizitzaren eskubidearen urraketa da kontrolik gabeko turismoaren hazkundeak eragin duen kalte zuzena. Donostia adibide hartuta, ez dakigu noraino iritsiko diren etxebizitzen prezioak, baina jada hileko errentengatik 200 euro gehiago eskatzen ari dira. Eta izugarria da zenbat pisu turistiko klandestino dauden, udal arauak urratuz dirutza irabazten ari direnak, zergak ordaindu gabe, eta abar. Eraikin batzuetan praktika sasi-mafiosoak erabiltzen ari dira bizilagunak ihes egitea lortu arte. 2.000 pisu turistiko inguru daude, eta %75ak ez du betetzen araudia. Eta bitartean Udala eta Eusko Jaurlaritza beste alde batera begiratzen ari dira. Beraien mezua argia da: alokatu zure pisua turistentzat, ez herritarrentzat, askoz gehiago irabaziko duzu-eta. Ondorioak? Hor konpon! Turistaz bete eta herritarrez hustu diren zonak gero eta zabalagoak dira.

Bizitzaren eremu guztiei begirako tokian tokiko prebentzio neurriak hartzeko tenorea heldu da. Adibidez: tasa bat ezartzea turismoak sortzen duen aberastasuna hobeto birbanatzeko, kultura edo festa programazioen sasoiak zein edukiak zaintzea, barne garraio-sarearen hobekuntzak turisten fluxuak deszentralizatzeko, merkataritza eta ostalaritzako lan hitzarmenak hobetu eta orokortzea, tokiko produktuentzako espazio eta programak gordetzea, eta abar. Bi hitzetan: turismoari buruzko neurriak hartzerakoan, herritarrei entzun.

Gure altxorra gure nortasuna da; maite dugun hori nola babestu elkarrekin pentsa dezagun. Ikusi dugu han-hemenka nola gal daitekeen, eta akats berberak ez errepikatzeko garaiz gaude. Inork ez du parke tematiko handi batean bizi nahi. Gure herrian bizi, lan eta disfrutatu nahi dugu, orekaz. Seguru turistek ere eskertuko dutela.
Basagaitz Guereño Omil

Gorakada turistikoak ba al du mugarik?

Basagaitz Guereño Omil. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, turismoan aditua

Turismoaren gorakada etenik gabea da Euskal Herrian. Aste Santuko datu ofizialik ez dugu oraindik, baina Turismo eta Ostalaritza zuzendariak aurreratu duenez, aurten ere errekorra izan dugula dirudi. Aurten ere inoiz baino turista gehiago egon da Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Aste Santuan eta baita Pazko astean ere, baina gorakada honek ba al du mugarik? Turista kopurua aintzat hartuta, oraindik ez gara limitera iritsi. Biztanleriaren ikuspuntutik, ordea, saturaziora iristen ari garela pentsatzen dutenen artean alarmak pizten ari dira, Bilbo eta Donostiako alde zaharreko biztanleen aldetik, batez ere.

Turismoaren gorakada positiboa da EAEko ekonomiarentzat, non Barne Produktu Gordinean %6ko ekarpena duen. Horrez gain, turismoaren hazkundeak beste hainbat ondorio positibo ditu: garapen sozioekonomikoa ekartzen du helmuga turistikoetara, lanpostuak sortzen ditu, teknologian inbertsioak egiten dira, eta ondare kulturala berreskuratzeko balio du, besteak beste, eta hori ahaztu behar ez den errealitatea da. Honela, orain arteko estrategia geroz eta turista gehiago erakartzea izan da.

Tamalez, ordea, turismoak askotan ondorio negatiboak dakartza, masifikazioa eta gentrifikazioa kasurako. Turistak gune jakinetan pilatzeak bertakoak gero eta arrotzago sentitzea dakar, eta beste lekuetara mugiarazten ditu. Ondorioz, gero eta oihartzun handiagoa dute komunikabideetan masifikatutako gune hauetako biztanleen kexak: turistez gainezka gaudela; turistek lekua kendu digutela; eta gure bizimodua aldatzen ari direla. Hala ere, kontuan hartu behar dugu ikuspegi hori pertsonen pertzepzio bat dela, eta horrek ez duela jasate ahalmenaren fenomenoa bere osotasunean azaltzen.

Biztanleriaren eta bisitarien arteko oreka mantentzea garrantzitsua da turismoa arazo bihurtzea nahi ez badugu. Turismoaren gorakada era estrategikoan kudeatu ahal izateko, inteligentzia turistikoa ezinbestekoa da. Eskuragarri dauden datuak era integratu eta sistematikoan lantzea ekarriko du inteligentzia turistikoak, turismoaren fluxuak zeintzu diren ezagutu ahal izateko, eta masifikatuen dauden monumentu, leku edo kaleak zeintzu diren identifikatzeko. Baina hori ez da erraza; izan ere, beharrezkoak diren datuak ez baitaude beti eskuragarri eta ez baitira beti era sistematiko batean jasotzen. Horrez gain, eskura dauden datuak ez dira helburu integral batekin lantzen edo aztertzen, eta egiten diren hausnarketak, gehienetan behintzat, turismoari alde batetik edo bestetik begiratzen diote. Horri aurre egiteko Turismo Behatokiak eratu dira, Euskadi helmuga turistikoa Smart Destination edo helmuga turistiko «adimentsu» bihurtu ahal izateko. Helmuga turistikoa inteligentziaz hornituz lortuko dugu turismorekin harremanetan dauden enpresa, erakunde eta instituzioei etorkizunera begira erabaki estrategiko eta egokiak hartzen laguntzea.

Turismoaren gorakada errealitatea da, eta, oraingoz behintzat, mugarik jo ez dugula argia da. Joera hau EAEren garapenerako aukera paregabea da turismoak ekar ditzakeen onurez baliatzerik badugu. Ez gaude Venezia edo Bartzelonaren egoera berdinean, eta, horrelako helmugekin alderatu beharrean, haiengandik ikasterik badugu, bide egokiak eta desegokiak zeintzu diren identifikatuz.