Berria Hedabideeen Fundazioa

BERRIA BEKA. Hedabideekin lotutako proiektuetarako

BERRIA Hedabideen Fundazioak, Berria Taldearen eta Laboral Kutxaren laguntzaz, beka baterako deialdia egin du, euskara, hedabideak eta teknologia berriak kontuan hartuta proiektu berriak sortu eta martxan jartzeko.

Oinarriak

  1. Enpresa, hedabide edo bestelako proiektu berriak sortzea lortu nahi da bekaren bidez. Euskarazko hedabideen eremuan, teknologia berrietan oinarrituta, komunikaziorako egitasmoa izan beharko du: komunikazio proiektu edo enpresa ere izan daiteke.
  2. Banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da, beti ere parte hartzaileak norbanakoak izanik.
  3. Parte hartzen duenak honakoa aurkeztu beharko du:
    • Proiektuaren egilearen edo egileen curriculum laburra.
    • Proiektuaren azalpen txostena, landu nahi den ideia ahalik eta zehatzen azalduko duena.
  4. Proiektu bat baino gehiago aurkeztu ahal izango ditu pertsona edo talde bakoitzak.
  5. Beka eman ondoren, gehienezko urte beteko epea izango da proiektua garatzeko, epaimahaiarekin adostuz gero, luzatzeko aukerarekin. Beka aurkeztu den proiektua martxan jarri aurretik behar dituen azterketa eta lanketak egiteko baliatuko da: enpresa egituraren azterketa, alde teknikoen azterketa, antolaketa, merkatu azterketa eta abar; edota proiektu bat martxan jartzeko. Bekadunak, hiruhilero, epaimahaiari proiektuaren nondik norakoaren berri emango beharko dio.
  6. Proiektuak 2016ko apirilaren 1a bitartean aurkeztu ahal izango dira.
  7. Proiektuak entregatzeko, eskuz edo postaz:
    • Berria Fundazioa. Iratxe Monastegia, 45. 13.a. 31011 IRUĂ‘EA.
    • Berria Fundazioa. Martin Ugalde Kultur Parkea. 20140 ANDOAIN.
    • idazkaritza@berriafundazioa.net
  8. Jasotako proiektu guztiak Berria Hedabideen Fundazioak izendatutako epaimahaiak aztertuko ditu. Epaimahaia 5 lagunek osatuko dute Fundazioko patronatuko kideen eta adituen artean. Epaimahaia aldez aurretik izendatu eta jakinaraziko da.
  9. Epaimahaiak aurkeztutako proiektuetan kalitate nahikorik ikusiko ez balu, aukera izango du beka eman gabe uzteko.
  10. Bekaren irabazleak idatziz onartu beharko du berau.
  11. Bekaren laguntza era honetan jasoko du irabazleak: laurdena, beka eman eta onartzen duela dioen idatzia jaso eta berehala; erdia, beranduen handik hiru hilabetera, egiten ari den lanaren xehetasunak bilduko dituen lehen informea aurkeztu eta epaimahaiak onartu ondoren (epaimahaiak egindako lana baloratu eta ontzat ematen ez duen bitartean, ez da ordainduko); azken laurdena, proiektua amaitu eta epaimahaiaren oniritzia jaso ondoren.
  12. Egileak proiektua aldatzeko aukera izango du, beti ere aldaketarako nahikoa arrazoi badago, eta epaimahaiak aldaketa onargarritzat jotzen badu.
  13. Epaimahaiaren erabakiak onartu beharrekoak dira bai egilearentzat bai BERRIA Hedabideen Fundazioarentzat.
  14. Beka irabaziko duenak jasoko duena:
    • 12.000 € proiektua martxan jartzeko.
    • BERRIA Hedabideen Fundazioak eta Euskarazko Komunikazio Taldea SAk dituzten baliabideak erabiltzeko aukera.
    • Landutako proiektua martxan jartzeko laguntza, beharren arabera zehaztuko dena.
    • Proiektuaren helburua enpresa bat sortzea bada, egileak horretarako Laboral Kutxaren Gaztenpresa Fundazioaren laguntza izango du, nahi izanez gero.
  15. Proiektuaren jabea egilea izango da.
  16. Beka proiektu baten diseinua egiteko bada, proiektuaren diseinua bukatutakoan, bekaren sustatzailea den Fundazioak edo berau laguntzen duen BERRIA Taldeak aukera izango dute egilearekin batera proiektua garatzeko, baina ez inolako derrigortasunik.
  17. Informazio edo xehetasun gehiago nahi duena jar dadila harremanetan idazkaritza@berriafundazioa.net e-posta bidez.