Edukira joan

Publizitatea

AURKIKUNTZA

'Arlanpeko Dama', 17.000 urteko venus paleolitikoa aurkitu dute Bizkaian

Joseba Rios arkeologoa buru duen taldeak Venus paleolitikoen marrazkiak topatu ditu Bizkaiko kobazulo batean. Talde berak garrantzizko hainbat aurkikuntza egin ditu azken urteetan, besteak beste, Lumentxako bisonteak eta Altxerriko antzinatasun harrigarriko margoak.

2015-10-20

  • Zabaldu.com-era bidali
  • Digg-era bidali
  • Del.icio.us-era bidali
  • Aupatu-ra bidali
Arlanpeko Damaren irudia eta Europan aurkitutako beste venus batzuen alderaketa.
Arlanpeko Damaren irudia eta Europan aurkitutako beste venus batzuen alderaketa. Rios-Garaizar, J., Garate, D., Bourrillon, R., Gómez-Olivencia, A. and Karampaglidis, T.

Arlanpeko Dama izenez izendatu dituzte Lemoako Arlanpe leizean aurkitutako marrazkiak. Kobazuloko sarreratik hamabost bat metrora dagoen harri blokean aurkitu dituzte gizaikiak apropos egindako lerroak. Harriak 8 x35 x 19 zentimetroko neurriak ditu, eta 60-70 kilo arteko pisua. Ikerlariek marrazkien adina zehaztu eta Europako beste arte adierazpenekin konparatu dituzte. Lana The Oxford Journal of Archeology aldizkarian publikatu dute, eta Sustatu.eus atariak eman du horren berri.

Harriaren bi aldetan ageri dira emakume siluetak. Arlanpeko Dama izena jarri diote, Anbotoko Damari erreferentzia eginez. Baina arkeologia aldizkarira bidalitako deskripzioan Venuses from Arlanpe jarri dute, pluralean, arte paleolitikoan forma hori erabiltzen baita emakumezko irudientzat.

Ikerlariek Madalen aroan kokatu dituzte irudiak, duela 17.000 urte inguru. Garai bereko beste giza irudi batzuk aurkitu dira Euskal Herrian, hala nola, Altxerri, Torre eta Isturitzen. Beraz ez da Euskal Herrian topatu den irudirik zaharrena, baina bai zaharrenetarikoa. Era berean, Landetan (Okzitania) venus edo dama askoz zaharragoak aurkitu dituzte, Gravette arokoak.

Europako paleolito zaharreko irudi femeninoetan bi tradizio daude. Lehena Gravette da; venus eskultura txikiak egiten zituzten, marrazkirik ez, eta duela 30.000-24.000 urte artekoak dira aurkikuntza gehienak, baina badira zaharragoak eta baita Madalen arora heldu direnak ere.

Bigarren tradizioa Gonnerdorf-Lalinde izenez ezagutzen da. Irudi eskematikoak dira grabatu horien oinarria. Europako hainbat tokitan aurkitu dira horrelako irudiak; beraz, arkeologoek uste dute badagoela kultura batasun argia.

Arlanpeko Dama azken tradizio horren barruan kokatu dute. Antza, kultura hau inguru franko-kantabriarrean sortu eta Europako erdi-iparraldera zabaldu zen. Alemanian aurkitutako aleak berriagoak baitira.

SELECT SQL_NO_CACHE id,kopurua FROM albis_ikusiak WHERE albis_id='4060' AND data='2019-10-15' LIMIT 1