Araba

Nafarroan bezala, Araban ere indarra zuen karlismoak, eta hitz emanda zeuden altxamendurako, Jose Luis Oriol diputatuaren bidez bereziki. Harekin batera, Camilo Alonso Vega teniente koronelak koordinatu zuen kolpea Araban.

Orduko gobernadore zibil Ramon Navarro Vivesek kezkatzeko arrazoirik ez zegoela adierazi zuen kolpearen lehen orduetan, agiri publiko batean, “normaltasun osoa” zela nagusi. Uztailaren 18aren eta 19aren arteko gauean bisita egin zioten, militarren aginduetara gera zedin. Alonso Vegak uztailaren 19ko goizeko ordu txikietan hartu zuen agintea, eta Jose Maria Elizagarate karlista gobernadore zibil postuan ezarri zuen tarte labur batez. Gasteiz militarrek hartua esnatu zen 19an, eta gerra bandoa goizeko zazpietan jo zuen Tapia kapitainak. Gasteiz zen, izan ere, errepublikazaleek indar gehien zuten herrialdeko gunea.

Matxinoak Gasteizko Dato kalean, kolpea jo berritan. CEFERINO YANGUAS

Uztailaren 20an greba orokorra egitera deitu zuten ezkerreko indarrek, baina bi egun eskasetan indargabetu zuten kolpistek. Uztailaren 21ean, Francisco Javier Landaburu EAJko buruzagia deitu zuen Elizagaratek. Atxilotuta eraman zuten jeltzalea bilera horretara. EAJren kolaborazio ezak ondorioak ekarriko zituela esan zion gobernadoreak. Handik bi egunera, alderdi horren lehendabiziko adierazpen ofiziala etorri zen: “EAJko Arabako kontseiluak, borroka fratrizidak eta anaia arabarren odol isurketak ekiditeko eta anarkia bere herriaz jabe dadin saihesteko asmoa argi utziz, beren betebehar sozial guztiak betetzeko eta ezarri berri diren agintari militar eta ordezkaren esanetara egoteko agintzen die bere afiliatuei”. Ganorazko erresistentzia gune bakarrak Laudion eta Amurrion gertatu ziren, herriotako guardia zibilek kolpearekin bat egiteari uko egin ziotenean. Bi herriok eta Legutio artean finkatu zen frontearen marra.