Genero jazarpena

1933an lehen aldiz boza emateko aukera izan zuten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako emakumeek, beren eskubideak eskuratzeko urrats ugari egin zituzten, plaza publikoan tokia hartu zuten eta atzera etxeko zulora sartu behar izan zuten militar faxisten kolpearen ondorioz.

Gizonak ez bezalakotzat zituzten faxistek, eta gizonei ez bezalako zigorra asmatu zieten: Ile mozketak eta kanporaketak, besteak beste. Bortxaketen inguruko daturik ez dago, egon ziren arren. Emakumeek gerra garaian eta ondorenean jasandako jazarpen sexualarena tabu handi bat da gaur egun ere.

Emakumeak ilea arrasean moztuta, datatu gabeko argazkian.

545

Emakumeei egindako ile mozketak Nafarroan

Nafarroan 545 emakumeri egindako ile mozketen berri jaso dute. Beste herrialde guztietan ere izan ziren halakoak. Gasteizko Korazonistak eskolako emakume espetxetik, eesaterako, presoak ateratzen zituzten tarteka, eta, ilea arrasean moztua zutela eta ile xerlo batean laxo gorri bat lotuta zeramatela, Dato kaletik paseatzera behartzen zituzten, herritarrak haietaz trufa zitezen.

988

1937ko otsaila-martxoan Gipuzkoatik egotzitakoak

Aita, senar, seme edo anaiaren bat errepublikarren kontrolpeko lurretan "aurrera joanda" edukitzeagatik, ehunka emakume beren haurrekin bota zituzten Gipuzkoako hainbat herritatik. Otsailaren 8an egotzi zituzten lehenak, Azkoititik; sei emakume eta bederatzi haur -titiko batzuk tartean-. Elgoibar-Maltzaga-Eibar ibilbidea egin zuten Bilboruntz. Otsailaren 11n, beste ibilbide bat, kostaldeko korridorea inauguratu zuten Mutrikuko 105 zibilek: Ondarroa-Lekeitiotik barrena heldu ziren Bilbora. Zumaia izan zen herri zigortuena: 252 pertsona bidali zituzten bertatik.

Ondarroatik barrena, Lekeitiora bidean, Gipuzkoatik Bizkaiara egotzitako andre eta haurrak, 1937ko otsailaren 13an. EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOA