Berria.eus

Gizartea Kartzelaren eta zaborren herrian

Publizitatea

Gizartea

Kartzelaren eta zaborren herrian

Etorkizun hurbileko Zubieta irudikatzeko aukera izan da txango batean; errauste planta egiten hasteko obrak martxan dira, eta kartzela berrikoak, bidean.
Txangoan parte hartu zuten pertsonak, errauste plantarako plataforma eraiki nahi duten inguruan.
Txangoan parte hartu zuten pertsonak, errauste plantarako plataforma eraiki nahi duten inguruan. JON URBE / ARP

2011-02-06 / Arantxa Iraola

Kartzelaren herria izango da, eta errauste plantarena». Martxan diren egitasmoek bidean trabarik ez badute, Zubietak (Donostia, Usurbil; Gipuzkoa) etorkizun hurbilean, berezko izaera duen auzo koskor bat izateari utziko dio, nekazaritza eremuko txoko aparta izateari. Zaborrak erretzeko errauste planta, kartzela berri handi bat eta industrialde erraldoi bat bertan dituela, horiexek izango ditu ezaugarri nagusi, ia bakar. Iragarpena Carlos Gomisek egin du. Preso egondakoa da, 20 urtetik gora kartzelan egindakoa. Ondo daki espetxearen itzala zeinen luzea izaten den. Atzo goizean, Cristina Enea Fundazioak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak eta Donostia 2016 Hautagaitzak hirigintzari buruzko ekimen zabal baten barruan antolatuko txango batean parte hartu zuen. Lohi artean, errauste planta egiten hasteko lanean ari diren makina erraldoien ondoan, kartzela zer den esplikatzen saiatu zen. Ondoan, Zubieta Herri Batzarreko kide Eñaut Zuriarrainek eta Unai Agirrek, zubietarren ordezkari, Zubieta zer den azaldu zuten, zer galduko den.

Txangoa Dario Malventi antropologoak prestatu zuen, parte hartu nahi zuen ororentzat. «Existitzen ez den arren, aurki hemen egongo dena ikustera etorri gara». Eta horren gainean gogoeta egitera. Kartzelen gainean hainbat ikerketa egin ditu, nagusiena Villabonako espetxean (Asturias, Espainia). Kartzela mota berri bat sustatu nahi dutela diote Espainiako espetxe arduradunek, eta espetxe hori dute, esaterako, eredu. Arriskuak ere ikusten dizkio antropologoak. «Terapia bidez» funtzionatzeko moduluak bultzatu nahi dituzte presondegi horietan, eta psikologoak eta gizarte laguntzaileak buru, zigorraren logikak, gizartean «aparteko legitimazioa» lor dezakeen susmoa du. Paradoxikoki, gainera, kartzela berriak gero eta handiagoak direla dio, eta gero eta urrunago daudela, aparteago. «Horrek zailtasunak ekartzen ditu preso zein senideentzat». Iruñeko Salhaketako kide Libertad Frances saiatu zen zehazten zein bakartuta sentitzen diren presoak eta haien gertukoak halako azpiegitura erraldoien itzalean.

Lotura

Txangoko partaide denek nabarmendu zuten bi azpiegitura handien artean dagoen lotura, eta biak Donostiako paraje ezagunenetik urrun jartzeko politikariek izan duten ardura. «Zaborrak hiriko hondakinak dira; presoak, gizarteko hondakinak», ondorioztatu zuen Unai Agirrek, espetxeetan baztertuenak daudela oroituz. Inguruan, aste eta jai lanean ari diren makinatzarrek egiten duten lana erakutsi zien txangozaleei, muino baten gainetik.

Alde batera, espetxea egongo da, industrialde erraldoi baten atzeko aldean; beste aldera, berriz, errauste planta. Tartean, tunel artifizial bat egingo dute. Lasarte-Oria aldera begiratuz gero, ikus daiteke dagoeneko, eremu berri guztia lotzeko eraikitzen ari diren errepide berria. Bizi osoan ezagutu dituen bazterrak, egunen joanean, guztiz arrotz bihurtzen ari zaizkiola dio Unai Agirrek. «Orain mendia dagoen tokian, bi zabaldi egongo dira». Guztiz eraikiak. Carlos Gomis preso ohia, lokaztutako bazterrei begira, zer ikusten zuen deskribatzen ahalegindu zen: «Nik zauri bat ikusten dut».

Txangoari Imanol Azpiroz ere lotu zitzaion, San Markoko Mankomunitateko presidente ohia. Usurbilgo Udala aitzindari izan delarik, azken hilabeteotan hondakinen atez ateko bilketaren defentsan egin den lanaren berri eman zuen. Zaborren arazoa «bistatik ezkutatu» beharrean, hura konpontzen saiatu dira. Bilketa horren bidez erakutsi dute hondakinen birziklatze mailaren langa %80tik gora jar daitekeela.

Usurbilek bezalaxe, horixe erakutsi dute Oiartzunek eta Hernanik ere. Eta iragarpen baikorrak egiten dituzte Imanol Azpirozek eta atez atekoaren alde diharduten gainerako eragileek: «Errauste planta bera eraiki aurretik, lor daiteke Gipuzkoa osoan hondakinak %20ra jaistea». Horregatik, errauste plantaren proiektuan sei urteko moratoria eskatu dute. Alferrik momentuz. Kartzelaren egitasmoa geratzea ia guztiz ezinezkoa ikusten du. «Errauste plantarekin, ordea, ez dakit; hauteskundeak daude tartean, eta auskalo». Errauste plantaren aldeko prozesuan «gardentasun falta» ikusten du. «Presa dago». Udalak, hondakinen kudeaketarako eskuduntzaren jabe badira ere, guztiz eskuz lotuta gera daitezkeela dio, errauste plantaren funtzionameduak eta horrek dakartzan gastuek guztiz baldintzatuta.

Suntsiketa

«Suntsiketa osoa» da Zubietako obretan ikus daitekeena, Dario Malventiren ustetan. Bertan eraikiko diren egitasmo zehatzez harago, «iraganarekin amaitzeko» borondatea ikusten du operazio osoan. «Bai eta giza harremanekin ere». Bizitzeko era konkretu bat itotzeko saioa atzematen du antropologoak hondeamakina erraldoien jardunaren atzean: «Nekazaritza eremuko bizi eredua haustea bilatzen da».

Errauste plantak tonaka zaborrez betetako kamioiak hurbilduko ditu Zubieta eta inguruetara egunero. Espetxeak ere, aldaketa itzela ekarriko du. Bertan zaindari jarduten duten lagunak ingurura hurbilduko dira bizitzera; presoekin diharduten elkarte eta erakundeek ere eremu geografiko bera hartuko dute. Estalian gorde nahi den munduaren aztarna izango dira. Agerikoa.
 
Arantxa Iraola

Publizitatea