Berria.eus

Kultura «Pastorala ez da eginik sobera kostatzeko, ez sos egiteko ere»

Publizitatea

Kultura

Junes Casenave-Harigile. Idazlea

«Pastorala ez da eginik sobera kostatzeko, ez sos egiteko ere»

Santa Graziko pastoralgile ezagunaren 'Xiberoko Antzertia edo Pastorala' liburua argitaratu berri du Euskaltzaindiak. Pastoralaren jatorria, idazteko arauak eta taularatzea ere azaltzen ditu lan horretan.

2012-05-02 / Joanes Etxebarria

Junes Casenave-Harigile (Santa Grazi, Zuberoa, 1924) Donapaleuko Betherramiten etxean erretiratua da gaur egun. Haren azken liburuak pastoralaren panorama bat aurkezten du, historiatik gaur eguneko euskararen egoerara.

Zerk eragin dizu liburu hau idazteko gogoa?

Zuberoako antzertia, pastorala zer den, idazteko eta emateko manera zer den azaltzen du. Zeren eta idaztean ere badu bere berezitasuna, hala nola badu lehen peredikua, gero badira jelkaldiak eta azken peredikua; hori berezitasun bat da, idazteko manera bat. Nik hola idazten badut, Etxahunek eta aitzinekoek ere hola idazten zuten. Aipatzen baldin badugu pastorala, aitzinetik izen hori ez zen idatzirik testuetan; hiru hitz ziren aipaturik: bizitzea, historia edo trajeria, baina ez pastorala.

Zuk idatzi hamaika pastoral jokatua izan da eta beste hainbeste baduzu jokatu gabe. Zerk eramaten zaitu gai bat edo bestea hautatzera?

Santa Grazi idatzi dudalarik, lehena, ez nuen pentsatzen pastoralari buruz zerbait idaztea. Euskarari atxikirik izan naiz beti, eta zuberotarrari, eta ene bizitze guztian mintzatu dut, nonahi izanik ere, Palestinan ala Frantzia erdian... beti mintzatu naiz zuberotarrez, egun oroz. Orduan, xehetasunak bildu nituen Santa Graziz, eta Etxahuni galdetu nion idaztea. Etxahun gibeltzen zen. Badakizu: hark norbaiten bizitzearen laburpena hartzen zuen eta horren arabera izkiriatzen zuen; nik eman nizkion xehetasunak, baina ez norbaiti buruz, baizik eta herri bati buruz. Azkenean pentsatu nuen: «hik idatziko duk»; eta hola nintzen abiatu.

Tradizioarekin haustea zelako ez zuen idatzi nahi izan Etxahunek?

Ez, ez baitzuen arterik. Guk ere nahi dugularik zerbait idatzi, ez gara bertan abiatzen. Nik memento hartan pentsatzen nuen ordu zela egiteko, jendeek zerbait berrikuntza nahi baitzuten.

Ramuntxo pastoralak eta Oiherkoren Trajeria-k, adibidez, fikzioa ukan zuten abiapuntu. Zer diozu horretaz?

Alegiaren arabera egin ziren, zergatik ez? Ez da beti historia edo bizi bat sarrarazten. Hori pastoralean sartzen ahal den pasta bat da. Nik ez dut deus elkitzen, gauza guztiak baliatzen ahal dira pastoral batean, baina pastoralaren legea atxiki behar da.

Hain zuzen, pastoralak baditu bere legeak. Baina, berrikuntzak izateko, batzuk hautsi behar dira... Zer errespetatu behar da, zure iritziz, ezinbestean?

Aipatu dugu pastorala historia bat, bizitze bat eta tragedia bat dela. Nola idatzia den ere, uste dut hori behar dugula zuzen atxiki.

Duela hamarkada batzuk ez zen orain bezainbeste herritar ikusten taula gainean pastorala ematen. Lehen, 30 bat ziren, edo gutxiago; orain, 100 jendeetara iristen da...

Lehenik, behar da pastorala den bezala atxiki, hori bat. Bigarrenik, jendea pastoralera joaten bada erakusteko arropa ederrak badirela edo hor direla, ez dut uste balio duenik. Maulek eman zuelarik pastorala, antolatzaileei galdegin nien 25 jende har lezaten gehienik, eta 100 iraganik hartu zituzten. Hori ikusten dut nik, anitzez sobera jende badela, eta ez dut nihaurek baizik ikusten.

Zuk idatzi zenuen Ibañeta pastorala ikustera mugaz gaindiko jende anitz etorri zen. Ez ote da herri batzuetan gehiegi kontuan hartzen gai bat edo besteak zenbat jende erakarriko duen? Diru kontuak badira artean...

Badakizu, pastoral bat egiten delarik, prefosta, badira fresak. Ez zara zorretan egoten ahal. Baina pentsatzen dut pastoralak behar lukeela arruntago izan; bai jantzietan, anitz kostatzen baitira, bai eta ere jarlekuetan, anitz sobera kario baitira. Orain duela 30 urte Etxahunen pastoralak ekarrarazi nituen Donapaleu eta Irisarri aldera, eta ez genuen holako despendiorik egiten. Hartzen genuen gune bat non patartxo bat bazen, eta jendea han jartzen zen, lurrean. Pastorala ez da eginik sobera kostatzeko, ez sos egiteko ere.

Erran dugu zure hamaika pastoral taula gainean jokatua izan dela eta beste hainbeste baduzula idatzia. Horien artetik, zein ikusi nahi zenuke uda batean oholtzan jokatua?

Nik ez dut hauturik; herri bakoitzak behar du hautatu. Idatzi ditudan horiek, herrien historiak... uste dut balio duen ikustea herri batek zer bizitza ukan duen eta zer izan den. Nik horiek ikertzen ditut aitzin-historiari buruz, hala nola Barkoxe, Atharratze, Larraine ber gauza...

Zure liburuko azken kapituluetan euskararen egoera aipatzen baituzu, aktore gehiago bada ere, euskararen ezagutzarik eza geroz eta gehiago sumatzen da, ahoskerarengatik.

Erran dudan bezala, jende sobera bada. 20 eta 25 arizale artean balira, aiseago litzateke atzematea euskara ontsa menperatzen dutenak. Uste dut gauza beharrezkoa den gure euskara atxiki dezagun. Santa Grazi pastorala emana izan zelarik, bazen Santa Grazira jinik ingeles bat, eta pastoralean sartu zen, baina ontsa ikasi zuen ahoskatzen eta nahi zuen zuberotarra ikasi. Orduan, ikusten duzu ahoskatzen ahal dela ez bada ere ontsa ematen mintzaira. Baina uste dut bakoitzak ikusi behar duela oroz gain gure mintzairaren arabera dugula pastorala, eta galduko dela euskara galtzen baldin bada.

Zure ustez, pastoralak laguntzen ote du kontzientzia hartzen?

Bai, laguntzen ahal du, nik uste. Bada jendea kanpotik jinik pastorala ikustera eta euskara ikasi nahi lukeena.
 

Publizitatea