Artzeren bi ahotsak

Joxan Artzeren omenez, Bide Ertzean taldeak, Asier Sarasolak eta Oier Guillanek 'Nola belztu behar zuria' poesia eta musika ikuskizuna estreinatuko dute gaur gauean, Usurbilen (Gipuzkoa).
Bide Ertzean taldea, Asier Sarasola eta Oier Guillan, atzo Usurbilen egindako entseguan.
Bide Ertzean taldea, Asier Sarasola eta Oier Guillan, atzo Usurbilen egindako entseguan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ane Urrutikoetxea -

2014ko maiatzak 3

Usurbilgo Sutegi kultur etxean instrumentuen kaxak gora eta behera ibili dituzte egun hauetan. Aspaldi elkar ikusi gabe egon ondoren bildutako lagun zaharren antzera, Bide Ertzean taldeko kideak eta Metrokoadroka kolektiboko Asier Sarasola eta Oier Guillan deklamatzaileak lehen aldiz bildu dira elkarlanean, eta omenaldi berezia egingo diote gaur 22:00etan Joxan Artzeri (Usurbil, Gipuzkoa, 1939). Nola belztu behar zuria lelopean, poesia eta musika biltzen dituen ikuskizuna eskainiko du boskoteak, Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza (Elkar, 2013) poesia liburuak oinarri hartuta.

Aurretik elkar ezagutu arren, lehen aldia da bostek batera lan egingo dutena. Eskaini behar duten ikuskizuna ere estreinaldia da; alde batetik, Sarasolak eta Guillanek Artzeren hainbat poema errezitatuko dituzte, irakurketa erritmo eta doinuekin lagunduta, eta bestetik, Bide Ertzean taldeak zazpi kanta berri sortu ditu Artzeren olerkiekin, ikuskizunean espresuki aurkezteko asmoarekin. Hala, emanaldiak bi aurpegi izango ditu: bata esperimentala eta bestea lirikoa. Jexux Artze kultur elkartearen enkarguz sortu dute ikuskizuna, Joxan Artzeren onespenarekin.

Bosten arteko elkarlana «erraza eta oso naturala» izan da, Guillanen eta Bide Ertzean-eko Imanol Ubedaren esanetan. Poetaren lana ulertzeko bi modu bildu dituzte, eta bakoitzak bere estilora eraman ditu aukeratutako olerkiak. Elkarren artean kontrastea sortzen duten bi ahotsen bilketa izan da emaitza, Guillanen arabera. «Elkar ezagutzen genuenez, erraza izan da Asierrek eta biok sortu dugunaren eta Bide Ertzean-eko kideek egin dutenaren artean koherentzia duen ikuskizun bat egitea. Gure aldetik, aurretik Artzerekin harremana izan dugunez, oso gertukoa egin zaigu haren olerkiekin lan egitea». Artzek Sarasola eta Guillanekin kolaboratu zuen Mikelazulo kultur etxean. «Elkarlan horren ondorioz, bion lanean eragin zuzena izan du Artzek. Ahozkotasunarekin eta performanceekin harremana izan du, eta bere idazteko moduan musikaltasunak garrantzi handia dauka». Errezitatzeko errazak dira Artzeren olerkiak Guillanentzat, eta Sarasolarekin batera, etengabeko elkarrizketa baten moduan banatu dituzte testuak. «Artze errepikapenarekin jolasten da, baita gu ere. Bi ahotsetan errezitatzen ditugu testuak, bata bestearekin nahastuz eta esaldiak kateatuz. Txalaparta jotzearen modukoa da egiten duguna; batzuetan, batek soinuak egiten ditu besteak irakurtzen duen bitartean, etengabe elkarri lekukoa emanez».

Folk estiloan

Artzeren idazteko moduak alde esperimentala eta lirikoa biltzen ditu bai Guillanentzat eta bai Ubedarentzat. Testuen aukeraketa elkarrekin egin dute, eta ondoren, bakoitzak bere eremura eraman ditu. Bide Ertzean-ek alde lirikoa landu du; horretarako, poema liburuan agertzen diren eskuz idatzitako olerkiak erabiliz, Ubedaren hitzetan. «Kantua hitza erabiltzen du Artzek olerki horietan, eta horregatik aukeratu ditugu. Abestiak sortzerakoan, poemari eman diogu garrantzia, musikaren gainetik». Azkenaldian taldea rock eta musika elektronikora hurbildu bada ere, sortutako zazpi abesti horietan folk estiloa erabili dute, olerkiekin hobekien bat egiten duen estiloa delako. «60-70eko hamarkadetako folk amerikar kutsuko abestiak sortu ditugu, gure ustez Artzeren mundua ederki janzten duelako».

Ikuskizuna ehun lagun ingururentzat sortu dute, baina berriz egitea gustatuko litzaieke Guillani eta Ubedari. «Batzuetan eskertzen da ikusle kopuru txikiagoarekin lan egitea. Orainari begiratuko diogu, baina emanaldi honek bibrazio onak ematen dizkigu, asko gozatu baitugu elkarrekin lan egiten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Hau deserosotasun baten kronika da»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

Barruan sentitzen zuen ekaitza aztertzeari ekin, eta 'Galerna'-z erditu da artista. Bere identitateari eta gizarteari buruz galdezka hasi, eta hamaika galdera berri sortu zaizkio. Tabakaleran ditu ikusgai; liburuan ere eman ditu. Erantzun bila segitzen du.
Mary Shelley idazlea, John Opie artistak ondutako erretratuan. ©BERRIA

Azken gizakia gizakiaren azkenean

Joannes Jauregi

Otsailean 170 urte izango dira Mary Shelley hil zela. 'Frankenstein' du lanik ezagunena, baina, 2021 honetan, merezi du haren beste lan bati ere erreparatzea, lotura garbia baitu 2020tik mundua hartua daukan pandemiarekin.
Weezer izan zen Bilbao BBK Live jaialdiko kartelburua 2019an. Irudian, kontzertu hartako une bat. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Teknologia zaharren rocka

Itziar Ugarte Irizar

Maiatzerako iragarria zuen 'Van Weezer' lanaz gain, Weezer-ek beste disko bat iragarri du asteon: 'Ok Human', pianoan oinarritutako eta tonu orkestralez ondutako hamabi kantukoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna