Alvaro Ubierna. Euskadiko Telekomunikazio Eskola Ofizialeko dekanoa

«IKTen sektorean bezero gehiago daude profesionalak baino»

Telekomunikazioari buruz ariko dira gaur Bilbon egingo den Telekogauan. Banda zabala edo 4G esaten zaion teknologiak sekulako igoera izango duela aurreikusten dute.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2014ko maiatzak 22

Telekomunikazioko profesionalentzat eta beste sektoreetan lan egiten dutenentzat. Bi esparru horietako pertsonentzat antolatu du Euskadiko Telekomunikazio Eskola Ofizialak Telekogaua izeneko jardunaldia. «IKTen [informazioaren eta komunikazioaren teknologien] esparruak etorkizun oparoa dauka, eta hori sustatzeko aukera edukiko dugu». Alvaro Ubierna eskolako dekanoak (Bilbo, 1969) garrantzi handia eman gura izan die gaur hasi eta amaituko diren jardunaldiei.

IKTen esparruan, eta zehatzago banda zabalean, zabalkunde handia espero da. Zenbatekoa izango da?

Datu asko eman dira, baina ez dago argi zenbaterainokoa izango den. Gaur egun, 10.000 milioi gailuk daukate banda zabala, eta 2020. urterako 50.000 milioira iristea aurreikusten da. Teknologia gero eta merkeago dago, eta gailuen artean komunikatzea errazagoa da.

Banda zabala esatean, zeri buruz ari gara?

Komunikazio maila asko daude. 4Gak eskaintzen duena da gailu ezberdinen artean konektatuta egotea. Horrela, seinale kaskarra dagoen lekuetara informazioa bidaltzea errazten du. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak haran ezberdinetan sentsore ugari jarrita dauzka, uholde arriskua dagoenean ibaien maila zenbatekoa den neurtzeko. Iraganean antenak jarri behar ziren, baina orain banda zabalarekin nahikoa da.

Herrialde garatuetan gehiago erabiliko da, baina garatze bidean dauden herrialdeetara iritsitakoan izango da benetako hazkundea, ala?

Bai, noski. Herrialde horietan, gainera, laguntzak emateko baliagarria izango da. Pentsa, Afrikako herrialde batzuetara sakelako telefonoen bidezko komunikazioa kable bidezkoa baino lehenago iritsi da, eta larrialdian beharrezkoa da hori. Hala ere, Japonia aurretik doa 4G edo banda zabalaren teknologian, eta ondoren doaz Europa eta Amerika. Han garatu ondoren txertatuko da gorabidean dauden herrialdeetan.

Banda zabalaren hazkundeak lanpostu berriak sortuko dituela ere badiote aurreikuspen horiek: mila banda zabal berri bakoitzeko, laurogei lanpostu. Nolako lanpostuak izango lirateke?

Egungo egoera soziala zaila da, baina egia da sektorean profesional gehiago behar ditugula. Bezero gehiago daude profesionalak baino. Eta, teknologia hori behar bezala hornitzeko, jende prestatua behar da. Ingeniaritza eskoletan, ordea, gero eta ikasle gutxiago dago.

Zergatik?

Telekomunikazio ikasketek zailagoak diruditelako. Horrez gain, gero eta ikasketa gehiago daude, eta horrek ere eragin dezake. Edonola ere, egia da beste sektoreetan baino hobeto gaudela ere. IKTen esparrua transbertsala baita, eta, horregatik, etorkizuna edukiko du.

Nola dago IKTen euskal sektorea?

Mugimendu asko dago. Ez dago alaitasun handirik, baina negozioak errazago egin daitezke. Kapital pixka batekin, software berri bat aurrera atera daiteke, baina erosleak topatu behar dira. Horretarako, Telekogaua jardunaldia garrantzitsua da, beste esparruek IKTen berri eduki baitezakete. Gainera, negozio aukera handiak daude ildo horretan. Dena den, Euskadiko IKTen esparruan 15.000 langile inguru daude gaur egun.

Banda zabala areagotuko da, baina horrek, era berean, pribatutasunaren auziarekin topo egiten du. Gailuek norbanakoak une oro non dauden adierazten dute...

Hala da, eta, horregatik, garrantzia duen gai bat da, norberaren datuak ematen ari zarelako. Gmail eta Facebook ez dira doan. Horren jakitun izan behar dugu, eta horren arabera erabili. Beharbada, niri axola ez zaizkidan datu asko dakizkite, baina horren jakitun naiz. Eta, horretan, hezkuntza lan handia dago egiteko. Izan ere, datu horiek saldu egiten dira, eta Facebook edo Gmailek gure datuekin zer egiten duten jakin gabe sinatzen ditugu haien baldintzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna