Berria.eus

Plaza Bizia Espezializatzea da bide bakarra

Publizitatea

Plaza Bizia

Ezarian. Liburu denda alternatiboak

Espezializatzea da bide bakarra

Liburu denden kate handiek gero eta salmenta gutxiago dituzte, baina gai jakin batzuetan espezializatuta dauden liburu dendek joan den urteko datuak berdintzea lortu dute.
Kaxilda liburu dendak bost hilabete besterik ez du egin zabalik.
Kaxilda liburu dendak bost hilabete besterik ez du egin zabalik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Krisia bizitzako esparru guztietara iristen ari da. Baita liburuen salerosketara ere. Horren erakusgarri da joan den urtean paperezko liburuak %4 gutxiago saldu izana. «Best seller-ak saltzen dituzten liburu dendetan jaitsiera hori asko sumatu da, irakurle mota horiek gero eta gutxiago erosten baitute», dio Esteban Zamora Donostiako Kaxilda liburu dendako kideetako batek. Haiek, ordea, oraindik ezin dute esan gutxiago saldu dutenik, joan den maiatzean abiatu baitzuten egitasmoa. Bilboko Anti liburu dendak eta Iruñeko La Hormiga Atomica liburu dendek, ordea, ibilbide luzeagoa daukate, eta salmenten inguruko ikuspegi orokorra eman dute: joan den urteko fakturazioari eusten ari dira.

Gai bereziren batean espezializatutako liburu dendak dira hirurak, eta berezitasun hori ezinbestekoa da bezeroak mantentzeko garaian. «Gai jakin baten inguruko liburuak edukitzea irauteko giltza da, bai, baina, nire ustez, garrantzitsuagoa da dendak benekotasuna edukitzea», dio Javier Nevado Anti liburu dendako kideetako batek. Hau da, uste du garrantzitsua dela liburu eskaintza tentuz eta trebetasunez aukeratzea. «Hemen ez da libururik sartzen guk horrela eskatu ezean». Eta horrek, gainerako dendekin alderatuta, bereziagoak izateko bidea ematen dio. «Bezeroek ezaugarri hori eskertzen dute».

La Hormiga Atomica dendan ere lan egiteko modu horri eusten diote, eta horrek aurrera egin ahal izateko aukera ematen diela berretsi dute hango kideek. Hala ere, hainbat erakundetatik liburu eske joaten zitzaizkien bezeroak galdu egin dituzte. «Galera horri aurre egiteko, daukagun kafetegiak gastuak eta sarrerak orekatzen laguntzen digu». Beraz, ez da liburu denda soil bat; «eztabaidarako eta dendan dauden liburuak lasai irakurtzeko gune bat ere bada».

Espezializazioak, beraz, aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen die liburu denda alternatibo horiei. «Best seller liburuak irakurtzen dituzten pertsonek ez dute lehen bezainbeste irakurtzen. Baina irakurketa eguneroko dutenek ez dute alboratu, eta, horregatik, era honetako dendetan salmentak ez dira jaitsi».

Bezeroen fideltasuna

Egungo krisi ekonomikoak, beraz, ez die bereziki eragiten era horretako liburu dendei, «bezeroak fidelak direlako», Nevadoren esanetan. Baina gaur egun beste krisi bat dago zabalik argitaletxe eta liburu denden arloan, eta horrek eragingo ote dien beldur da Anti dendako saltzailea. Liburu elektronikoen agerpena eta paperaren krisia, hain zuzen ere. Hala ere, krisi horrek ere ez dio denda alternatiboen sektoreari zuzenean eragingo, Nevadoren ustez. Izan ere, zenbait argitalpen paperean oraindik egokiagoak direla dio. Horregatik, aldarrikatu du liburua edukiontzi gisa ulertu behar dela edukiarengatik baloratu baino gehiago.

Paperetik elektronikarako salto hori liburuetara iristea kostatu egingo dela uste dute La Hormiga Atomicako kideek. Aurretik, musikan eta zineman ere izan dira antzeko fenomenoak, eta «aldatu badira ere, oraindik indarrean jarraitzen dute». Horregatik, Iruñeko liburu dendako kideek ez dute beldur handirik, «nahiz eta agian hemendik hamar urtera liburu denda guztiak itxiko diren». Alde horretatik, argitaletxeen sektorean egon den gehiegizko ekoizpena orekatzeko tresna aproposa izango dela uste dute: «Azken urteetan burbuila editorial bat egon dela esan daiteke, Espainia seigarren postuan baitago argitaratzen diren liburuen kopuruan, eta irakurleen portzentajeak ez dira horren parekoak».

Beraz, uste dute liburu elektronikoekin gero eta titulu gehiago euskarri horretarako bakarrik kaleratuko direla. «Horrek eragin diezaguke, baina liburuen salmentak eutsiko dio». Hala bada, liburu denda alternatiboek bi krisiei gailendu zaizkiela esan ahalko dute.

Denda bakoitzak, ordea, eredu ezberdina dauka. Bereizgarri komunak badauzkate, baita elkarrekin zerikusirik ez dutenak ere. Ez dute sare bat osatzen, baina euren bezeroen artean elkar gomendatzen dute.

AntiArteari eta kulturari begira

Jesus Arpal lankidearekin batera sortu zuen Nevadok Anti liburu denda, 2005. urtean, Bilboko San Frantzisko auzoan. «Ingurune honekin daukagun atxikimenduarengatik jarri genuen hemen liburu denda». Artean eta kultura garaikidean espezializatutako denda da, eta sorkuntzan ari diren artistak bultzatzeko dibulgazio lana ere egiten dute. «Liburu denda bat martxan jarri nahi genuen, baina, era berean, hainbat arte diziplinatan ari diren artisten arteko elkargunea ere izan nahi genuen».

Eta lortu ere egin dute, urtean zehar egitasmo ugari antolatzen baitituzte, hainbat joeraren ingurukoak: ikastaroak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, erakusketak, dantza emanaldiak, kontzertuak eta antzerki lanak ere egin dituzte lokal horretan. «Gisa honetako Bilboko denda bakarra da gurea». Bakarra da, baina ez zuten inongo hutsunerik bete nahi izan hastapenetan. «Bokazioz hasi ginen denda sortzeko ideia garatzen, eta lanean ari ginela ohartu ginen halako ezer ez zegoela hiri osoan», azaldu dute.

Arte eta kultura garaikideari emandako denda den heinean, diziplina ugaritako liburuak topa ditzake bezeroak. Hala nola komikiak, zinema, arte eszenikoa, ilustrazioa, moda, arkitektura, diseinu grafikoa, argazkigintza... Horrez gain, eleberriak eta pentsamendu liburuak dauzkate apalategietan.

Orain arte, argitaletxe txikiekin lan egin dute Nevado eta Apalek. «Talde handien libururik apenas daukagun. Ez da ikuspuntu ideologiko bat; besterik gabe, ez zaigu interesatzen argitaratzen dutena». Hemendik aurrera, ordea, argitaletxe propioa martxan jarriko dute. «Hilabete barru, Alexis Noya marrazkigilearen liburu bat argitaratuko dugu», dio Nevadok. «Krisiak ez digu sobera eragin, eta horren lekuko da argitaletxe propioa sortzeko abenturan sartu izana».

La Hormiga AtomicaGizarteaz eztabaidatzen

Anti liburu denda ez bezala, Iruñeko alde zaharrean dagoen La Hormiga Atomica gunea behar batetik sortu zuten. «Kolektibo eta militantzia politiko anitzetatik zetozen hainbat pertsonak ikusi zuten defizit bat zegoela Iruñean testu jakin batzuk lortzeko garaian», diote. Beraz, gabezia hori ikusita, egitasmoa egin ahal izango zen lokal bila hasi ziren. «Hasieran, liburu denda jartzea bakarrik pentsatu genuen, baina kafetegi bat zeukan lokal bat ikusi genuen, eta bi arloak uztartuko zituen denda bat zabaltzea erabaki genuen». Era horretan zabaldu zituen ateak La Hormiga Atomica liburu dendak, 2007. urtean.

Lokalak hiriaren bizimoduaan eta arlo sozialean eragiteko helburua du. Era horretan, hiru ildo nagusiri buruz eztabaidatu eta eragiteko asmoarekin hasi ziren lanean. Lehenik, hiriaren inguruko hausnarketak egiteko lekua izatea nahi zuten sortzaileek: «Hiria, zeru zabaleko borrokagune gisa ulertuta, kalearen erabilera sustatzeko leku gisa»; bigarrenik, feminismoaren inguruko eztabaidak sustatu nahi izan zituzten: «Baina apur bat hutsik geratu da arlo hori, nahiz eta genero ikuspegia interesatzen zaigun»; eta azkenik, eskubide sozialen bulego bat sortzea izan zen La Hormiga Atomicaren asmoa. Alde horretatik, etorkinentzako hizkuntza ikastaroak eskaini dituzte, eta oinarrizko errenta nola jaso azaltzekoak ere ematen ari dira gaur egun. «Hiru ildo horiekin, politika ikuspegi ezberdin batetik garatu nahi genuen».

Horren aritik, urtero hitzaldi mordoa ere eskaintzen dute liburu denda eta kafetegi den lokalean. «Krisiaren inguruko hitzaldi sorta bat eskaini dugu berriki, aurtengo otsailetik apirilera bitartean». Hori guztia asmo jakin batekin egin dute: gizarteari gogoetarako tresnak emateko.

Baina hitzaldi eta ekintza politikoaz gain, liburu eskaintza zabala ere badauka La Hormiga Atomica dendak. 30 metro koadroko lokal batean, 7.000 izenburu inguru dauzkate; horietatik %70, saiakerak. Lantzen dituzten gaien artean, geografia kritikoa, antropologia eta geopolitika —ekonomia, globalizazioa, militarismoa, antimilitarismoa...— daude. Gainerakoan, poesia, eleberriak, antzerkia eta haur literatura daukate.

KaxildaArtea eta politika, banaezinak

«Artearen eta politikaren artean harreman oso estua dagoela uste dugu, eta, horrek pluraltasuna eskainiko digulakoan, bi alor horiek lantzen ditugu». Horrela azaldu du Zamorak, Dario Malventi kidea alboan duela. Bi alor horiek liburu denda eta jatetxe batekin partekatzen dituzte. Alegia, Kaxilda liburu denda Donostiako Amara Zaharra auzoko Kaskazuri jatetxearen lokalean jarri dute. Eta, liburuak kontsultatzeaz gain, otorduak egin —janari begetariano eta beganoa soilik—, edo kafe bat hartuz irakurtzen pasatu daiteke denbora. «Jende ugari etorri zaigu maileguengatik galdetzen, baina guk ez dugu mailegatzen. Bertan nahi adina irakur daiteke, baita liburua erosi ere, nahi izanez gero», dio Malventik.

Ekainean zabaldu zuten esparru hori. «Militantzia politikoa bideratzeko gune bat da. Liburu denda alternatibo batek gure pentsamenduetan sakontzeko aukera ematen zigula iruditzen zitzaigun». Horregatik abiatu zuten egitasmoa. Sakondu, ordea, nola? «Donostian mobilizatzen diren hainbat eragile ez dira bertakoak, inguruko herrietakoak baizik. Beraz, horiek hiriaren erdigunera erakarri eta mugimendu horietako zerbait hirian gera dadin nahi dugu», azaldu du Malventik. Gipuzkoako mugimendu artistiko eta sozialen bilgune bihurtu nahi dute, beraz, liburu denda.

Horretarako, orain arte hainbat jardunaldi egin dituzte. Esaterako, bihar, Nuria Güell autorearen eta Amadeu Casellasen (FIES ohia) partaidetzarekin, artea eta politika uztartuko dituzte Kaxilda dendan. Orain arte, artearen eta mugimendu sozialen inguruko liburuak bildu dituzte, eta gunearen izaera definitzen ari dira, pixkanaka. Malventik halaxe dio: «Denbora gutxi daramagu, eta, apurka, gune hau zertara bideratu nahi dugun aztertzen ari gara». Oinarrian zer nahi duten badakite, ordea.

 

Publizitatea

Tartea saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Alzate jenerala larunbatean utziko du aske FARCek

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Ozeano Bareko kostaldeko operazioak bertan behera uzteko agindu du operazioa errazteko, FARCen koordenatuei jarraituz. Gerrillariek ohartarazi dute Gobernuak ezin duela alde bakarretik bake negoziaioak berriro bertan behera utzi.

Gehien irakurriak