Berria.eus

Politika «Pertsona hauek bi urteotako bilakaeran giltzarri izan dira»

Publizitatea

Politika

'Bateragune auzia'. Epaiketa

«Pertsona hauek bi urteotako bilakaeran giltzarri izan dira»

Akusatuek bultzatutako apustuak ezker abertzalearen estrategian «haustura» ekarri duela berretsi du Rufi Etxeberriak

Militantziak ibilbidea «borroka armaturik gabe» egitea erabaki duela nabarmendu du
Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia, atzo, Auzitegi Nazionalera bidean.
Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia, atzo, Auzitegi Nazionalera bidean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2011-06-29 / Pello Urzelai - Berriemaile berezia

Auzipetuak bezala, Rufi Etxeberria ere atxilotu zuten 2009ko urriaren 13ko arratsalde hartan. Arnaldo Otegirekin eta Sonia Jazintorekin batera zegoen LAB sindikatuaren egoitzako areto batean. Lekuko zuzena da. Auzipetuen asmoen eta ekintzen lekuko. Arratsalde hartan bertan, Arnaldo Otegik lekukoa eman zion, haiek hasitakoa jarrai zezan. Atzo, lekukotasuna eman du Bateragune auziko epaiketaren bigarren saioan. Batetik, auzipetuek deklaratutakoa berresteko, hau da, ezker abertzalearen ordura arteko estrategia guztiz aldatzeko edo hausteko apustua egina zutela, eta, bestetik, egindakoaren meritua aitortzeko.

«Ezker abertzaleko eztabaida eta Zutik Euskal Herria dokumentua areto honetan dauden pertsona batzuek bultzatua izan zen. Ezagutza zuzena eta zehatza daukat pertsona horiek norabide horretan lanean ari zirela. Pertsona hauek giltzarri izan dira azken bi urteotako bilakaeran, pertsona hauek zirkulazioan jarri duten dokumentutik abiatuta egoera berri bat bizitzen ari da gure herria». Aitortza hori egin ondoren, aitorpen bat ere egin zuen, atzora arte egin gabea: Arnaldo Otegik berak proposatu zion jarraitzea haiek hasitakoa. 2009ko irailean, espetxetik atera berria, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezekin izan zuen bazkarian, ezker abertzalearen barne eztabaida sustatzeko eginkizunean parte hartzeko gonbita egin zioten, baina orduan erantzun zien «eztabaida prozesua amaitu arte itxarotea» nahiago zuela.

Hala ere, egun batzuk geroago, halabeharrez hartu behar izan zuen lekukoa Arnaldo Otegiren beraren eskutik. «Atxiloketaren arratsalde-gau hartan bertan, LAB sindikatuaren egoitzan geundela, Arnaldo Otegik adierazi zidan iruditzen zitzaiola nire atxiloketa zerbait behartua zela eta laster askatuko nindutela, eta orduan zehazki eskatu zidan eztabaida prozesu horren lema har nezan. Planteamendu hori Arnaldo Otegik berak egin zidan arratsalde-gau hartan, LAB sindikatuaren egoitzan».

Jarraipena edo haustura

Jakina den bezala, Rufi Etxeberriak lekukoa hartu zuen, Arnaldo Otegi eta gainerakoen apustuarekin bat zetorrelako. Rufi Etxeberriak azaldu zuenez, norabide aldaketaren beharrak 2007an dauka iturburua, negoziazio prozesuaren hausturaren harira. Otegi eta bera ezker abertzalearen negoziazio batzordean aritu ziren, eta hainbat gogoeta bateratu zituzten. «Gogoeta egin genuen ezker abertzaleak behar zuela eztabaida sakon batean murgiltzea, zeren eta ikusten genuen ezker abertzalea heldugabe zegoela gatazka politikoaren itxierarako bidea egiteko». Bion arteko gogoetak ez zuen orduan jarraipenik izan, Otegi espetxeratu zutelako su-etena hautsi eta berehala. Hala ere, espetxean bisitatu ahal izan zuenean, egiaztatu ahal izan zuen biok gogoeta bertsuan jarraitzen zutela. 2007ko urrian Rufi Etxeberria bera atxilotu zuten, eta Arnaldo Otegi 2008ko abuztuan kaleratu zen. 2009ko urtarrilean berriz elkartu ahal izan ziren, EAEko Auzitegi Nagusian, elkarrizketa politikoen kontrako epaiketan. Orduan, Otegik jakinarazi zion Rufi Etxeberriari norabidea aldatzeko eztabaida antolatzen ari zirela. Etxeberria espetxetik atera zenean, 2009ko irailean, Otegik eta Rafa Diezek azaldu zioten debatearen nondik norakoak: tartean, militanteei banatzeko prestatzen ari ziren dokumentua (Fase politikoa eta estrategia argitzen izenekoa) eta Altsasuko Adierazpenaren gakoak.

«Argitzen txostenak haustura planteatzen du ordura arte ezker abertzalearen barruan garatutako dinamika eta estrategiekin», azaldu zuen Rufi Etxeberriak, Mugarri txostenarekin zituen aldeei buruz galdetuta. Mugarri txostenak «jarraipena» proposatzen zuen. «Alde handia jarraikortasuna eta hausturaren artean zen, batak [Mugarri-k] jarraipenaren aldeko apustua egiten zuen, eta besteak ezker abertzalearen jarduteko moldeekin eta estrategiarekin, estrategia politiko-militarrarekin, haustearen alde».

Ezker abertzalearen barruan egindako eztabaidaren garrantzi «historikoa» nabarmendu zuen. 7.200 lagun inguruk parte hartu zuela gogoratu zuen. «Lehen aldiz, parte hartze zabaleko eztabaida batean, militanteek jarrera bat hartu zuten ETAren estrategiari buruz. Hartu duten jarrera honakoa da: ezker abertzaleak independentzia eta sozialismoaren aldeko eginkizuna borroka armaturik gabe garatu behar duela. Borroka armatuaren zikloa behin betiko itxi behar dela».

Polizien lekukotasunak

Epaiketaren bigarren saioa atxiloketetan eta jarraipenetan parte hartu zuten polizia batzuen deklarazioarekin amaitu zen. Polizia horiek jarraipen aktak berretsi zituzten. Bertan azaltzen da akusatuak LABen egoitzan sartu zirela egun jakin batzuetan, baina epailaren aurrean ezin izan zuten zehaztu noiz sartu eta atera ziren eta zenbat denbora egon ziren bertan, ezta bilduta egon ote ziren ere. Gaurko saioan, akusazioak eskatuta, polizia gehiagok deklaratuko dute, eta etzi defentsaren lekukoek egitea espero da.