Berria.eus

Politika Guztien parte hartzea bermatuko ez duen bakerako lantaldea eratu dute

Publizitatea

Politika

Guztien parte hartzea bermatuko ez duen bakerako lantaldea eratu dute

EAJ, PSE-EE, PP, Aralar eta Ezker Anitzako ordezkari banak osatu dute Legebiltzarreko lantaldea; EA eta UPD ez dira joan

Aste honetan edo hurrengoan zehaztuko dituzte egutegia eta gonbidatuen zerrenda
Bake eta elkarbizitzarako ponentziaren lantaldea osatu duten legebiltzar taldeetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Bake eta elkarbizitzarako ponentziaren lantaldea osatu duten legebiltzar taldeetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2012-04-24 / Edurne Begiristain

Bakea eta elkarbizitza lortzeko bidean aurrerapausoak emateko «elkarrizketaren hasiera» da Eusko Legebiltzarrean eratu den lantaldea, hura sustatu duten legebiltzar taldeen arabera. EAJ, PSE-EE, PP, eta Aralarreko hiru legebiltzarkideren babesari esker osatu dute bakerako lantaldea, eta legebiltzar talde horietako ordezkari banak esku hartuko du bertan: EAJtik Joseba Egibarrek, PSE-EEtik Jose Antonio Pastorrek, PPtik Anton Damboreneak, Aralarretik Aintzane Ezenarrok eta Ezker Anitzatik Mikel Aranak. UPD eta EA ez dira lantaldean egongo, haren osaketarekin eta helburuekin ados ez daudelako.

Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearen gidaritzapean osatu dute formalki lantaldea, ordu erdi iraun duen saio laburrean. Iragarrita zegoen moduan, batzordeak ez du presidenterik izango, eta «kide anitzeko» sistema batekin egingo du lan. Izan ere, legebiltzar taldeentzat horixe da funtzionatzeko «sistemarik onena», Pastorrek azaldu duenez. Egutegia, lan sistema eta lantaldearen helburuak zehaztu gabe dituzte oraindik, eta horiek finkatzeko lehenbailehen egin nahi dute aurreneko bilera: ostiral honetan edo maiatzaren 2an, beranduenez. Ordurako, gonbidatuko dituztenen zerrenda ere eraman beharko dute taldeek.

Hain justu ere, ezker abertzalearen ordezkariei gonbidatu gisa parte hartzen utziko dieten ala ez adostu beharko dute; gaur-gaurkoz, ordea, iritzi kontrajarriak dituzte batzuek eta besteek. EAJk esan du ez duela «betorik» onartuko, baina PPk ohartarazi du indarkeria gaitzesten ez duen bitartean ezker abertzaleak ezingo duela parte hartu. «Terrorismoa gaitzesten ez duen bitartean, ezker abertzaleak gutxi du emateko bakegintzan», adierazi du PPko Anton Danboreneak. EAJko Joseba Egibarren aburuz, ostera, «irekia» behar du izan lantaldeak, eta edozein erakunde edota alderdi politikoren ordezkarien parte hartzea bermatu beharko du. Hala ere, agerraldi motak definitu beharko dituztela esan du Egibarrek.

Bakean urratsa egiteko

Lantaldea «Euskadin bakean eta askatasunean» bizitzeko urratsa izateko esperantza agertu du Legebiltzarreko presidenteak, eta ideia bera azpimarratu dute gainerako taldeek ere. «Jarrerak hurbiltzeko» eta «elkar ulertzea sustatzeko» ez ezik bakea behin betiko finkatzeko ere lagundu dezakeela iritzi diote.

Aralarreko Aintzane Ezenarroren iritziz, batzordearekin «bazterketarik gabeko elkarrizketarako» aukera ireki da, bai eta bakea finkatzeko urratsa egin ere. Haren ustez, egungo egoera «historikoan» Legebiltzarrak «bake eta bizikidetza normalizatuari» ekarpena egiteko modua da lantaldea eratu izana.

Joseba Egibarrek, berriz, adierazi du nahiko lukeela elkarren artean «konfiantza» irabazteko tresna izatea, eta ziur da jarrerak gerturatzeko eta besteen iritziak ulertzen lagunduko duela.

PSE-EEk espero du bakea «sendotu» eta «Euskadin bizikidetza berreskuratzen» ahalbidetuko duela. «Baditugu nahikoa zume euskal gizartearentzat onuragarriak izango diren adostasunak lortzeko», azpimarratu du Jose Antonio Pastorrek.

PPko Anton Danborenearen irudiko, berriz, lantaldeak «eraginkorra» izan nahi badu, taldeek ongi zehaztu behar dituzte helburuak. PPkoaren ustez, «biolentziaren kulturari» amaiera emateko gunea behar du izan lantaldeak, ezer baino gehiago. Danboreneak dioenez, «lorpen handia» izango litzateke legebiltzar taldeek indarkeria desagerrarazteko formulak adostuko balituzte bertan.

Ezker Anitzako Mikel Aranak espero du lantaldea «emankorra» izatea bakean eta elkarbizitzan aurrerapausoak emateko. Legealdi honetan askorik egiteko astirik emango ez badu ere, hurrengorako lan egiteko oinarriak jartzeko tresna beharko luke, Aranaren arabera.
 

Informazio osagarria

Publizitatea

Politika saileko albiste gehiago

Zubia egunero igarotzen da

Asko dira Euskal Herriko lurraldeen mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeko egiten diren hitzarmenak; tartean dago aurkeztu berri duten Akitania-Euskadi euroeskualdearen plana. Baina instituzioek egiten dituzten itunen garrantzia bainoago, eguneroko praktikena azpimarratu dute adituek.

Albiste nagusiak

Ultraaktibitatearen alde egin du Auzitegi Gorenak

Hitzarmenak urtebetera iraungi arren, eskubide kolektiboak eskubide indibidual izatera pasatzen direla dio. ELAren ustetan, "pozteko moduko golpe latza" litzateke PP eta patronalarentzat. LABek zuhurtziaz hartu du epaia.

Aguraingo Sapem lantegia itxi nahi du Arcelorrek

54 langileak kaleratzeko enpleguaren erregulaziorako eskaera aurkeztu du multinazionalak. Proposamenaren "formak eta edukia" salatu ditu ELAk. Aurki mobilizazioetara deituko dituzte langileak.

Gehien irakurriak