Aranaldek kanporatze politikoa salatu du, eta intsumisioa hautatu

Asteazkenean Parisko Kasazio Gorteak erabakitako kanporatzeari buru egingo dio gizarte eragileen sostenguarekin

Atzo goizaldean, Polizia Aranalderen etxea zelatatzen egon zen, kanporatzeko asmoz
Ezkerretik hasita, Atorrasagasti, Aranalde eta Zubillaga, manifestazioan.
Ezkerretik hasita, Atorrasagasti, Aranalde eta Zubillaga, manifestazioan. BOB EDME

Aitor Renteria -

2013ko azaroak 1
Jokin Aranaldek ez dio biderik emanen Parisko Kasazio Gorteak emandako kanporatze aginduari. Horrela jakinarazi du zenbait hedabideri eta BERRIAri helarazitako gutun ireki baten bidez. Espainiaratzeko agindua auzi politiko baten ondorioa dela dio Aranaldek. Horren aitzinean, «pertsonalitate instituzional, politiko, eta mugimendu sozial eta kultur esparruko hainbatek jarrera intsumiso eta desobediente batez erantzun beharra mahairatu dute, Euskal Iheslari Politikoen bide orria jendarteratu, eta herriak defenda dezan, bi estatuen gainetik,prozesu demokratikoa bururaino eramateko», dio gutunean

Paueko auzitegiko epaileari errandako hitzak errepikatuz hasten du gutuna Aranaldek, gogoratuz 67 urte dituela, bizi publikoa egiten duela Ipar Euskal Herrian eta Espainian hiru aldiz atxilotu eta torturatu dutela. «Hiru aldiz torturatua izan naiz, azkenekoz 2002an. Azken 50 urteetan 7.000 inguru torturatuetako bat naiz». Aranalde ekainaren 23an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Heletan (Lapurdi). Ekainaren 12an, EIPK-k mintzaideen zerrenda plazaratu zuen, eta horretan ageri zen Aranalde. Ekainaren 15ean Miarritzen egindako Herria Dugu Arnas ekitaldian parte hartu zuen; iheslariek gatazkaren konponbiderako prest zeudela azaldu zuten hor.

Ipar Euskal Herrira ihes egiteko arrazoia aipatzen du gutunean. «Laugarrengo aldiz tortura jasatea ezinezkoa egiten zitzaiolako neure buruari eta gorputzari». Duela bi urte aldaketa sakona ekarri duten bi gertakari izan zirela dio, bata Aieteko Konferentzia eta bertzea ETAk borroka armatua bertan behera uztea. Aieteko Konferentzian, munduko pertsona ezagun eta Euskal Herri osoko politikari eta pertsona ezagun uanitz lekuko izanik, gatazka politiko-armatua behin betiko gainditu eta Euskal Herriak bere bidea egiteko baldintzak ezartzeko bide orria plazaratu zela gogoratzen du. ETAk hartutako engaiamenduak bete dituela nabarmentzen du, bi estatuek ez bezala.

Iheslarien prestasuna

Estatuen jarrera ezkorraren aitzinean, EIPK-k bere proposamena plazaratu zuela dio, Aieteko bide orriarekin bat eginez. «EIPK-k proposatutako bide eraikitzailea begi onez hartu eta era positiboan erantzun beharrean, kolpe errepresibo batekin erantzun dute bi estatuek. Kanpaina mediatiko bortitz baten ondoren, hiru euskal iheslari atxilotu eta epaituak izan gara».

Aranalde atxilotu zuten egun berean atxilotu zuten Beñat Atorrasagasti, eta egun gutxira Aitor Zubillaga. Hiruren aurkako euroagindua eskatu zuen Espainiak. Atorrasagastiren eta Zubillagaren aurkako eskariak ezeztatu zituen epaileak. «Bi kide hauek epaiketa edo Justiziaren inpartzialtasun itxura emateko erabiliak izan dira, sasi-epaiketa bat ezkutatzeko». Euroagindua Miarritzen EIPK-k plazaratutako bide orria oztopatzeko erabili izan dela dio Aranaldek. Horretan oinarrituz, epaiketa politikoa izan dela ondorioztatzen du.

Erantzun politikoa

«Eragileek helarazi didaten sostengu arduratsu eta txalogarria dela eta, erabaki dut jarrera intsumisoa hartzea, EIPK-ko bozeramaileetako bat izanik, nire konpromisoa delako azken iheslari eta deportatuak Euskal Herrira ekartzea, guztiok herri libre batean bizi gaitezen». De Gaulle jeneralak Atlantikoko portuak askatzeko borrokan aritutako euskal batailoiari errandako hitzak gogoratu ditu Aranaldek. Hark erran zuen sekula ez zuela ahantziko euskal herritarrek Frantziaren alde egindakoa. Erakutsi duen eskuzabaltasunarengatik, Euskal Herriak hitz eder anitz jaso dituela dio, baina hitzak egiazko edukiz betetzen dituen bakarra Euskal Herria dela gogoratu du.

«Euskal Herria aitzineratu ahal izateko oinarri eta bermea herria da. Horretarako, herritar guztiei dei egiten diet mobilizatzera, nahi eta behar dugun benetako bakea lortze aldera. Herria dugu arnasa eta arrazoi». 2002an Espainiako Poliziak atxilotu ondoren egin zuen ihes Ipar Euskal Herrira. Geroztik, bertan laguntza eman dioten lagunei eta herritarrei eskerrak eman dizkie gutunean. «Elkartasunak eta babesak sortzen dizkidan sentimenduak adierazteko hitzak xerkatzea ezinezko egiten zait. Esker mila».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna