Galdeketen oinarria, jarrita

Etxarri Aranazko independentzia galdeketa gardena eta parte hartze garrantzitsukoa izan dela azpimarratu dute antolatzaileek

Protokoloa eredua dela dio Manu Gomezek, baina oraindik inork ez die interesik azaldu
Manu Gomez antolatzaile taldeko kidea, herenegun, Etxarri Aranatzen, emaitzen berri ematen.
Manu Gomez antolatzaile taldeko kidea, herenegun, Etxarri Aranatzen, emaitzen berri ematen. IDOIA ZABALETA / ARP

Enekoitz Esnaola -

2014ko apirilak 15

Ordu batzuk baino ez dira pasatu Etxarri Aranazko (Nafarroa) galdeketa egin denetik, ikusi beharko da zer bilakaera duten kontsultek, baina Manu Gomez antolatzaile taldeko kideak argi dauka arrakasta bat izan dela. Ez %94k baiezkoa erantzun diotelako Nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan? galderari —ezezkoak %2,1 izan dira, txuriak %3 eta baliogabeak %0,3—, baizik eta hiru arrazoigatik: 1. Galdeketa egin ahal izan dute, eta normal. 2. Prozesua «gardena» izan da. 3. Parte hartze datua «ona» da (%42,7koa).

«UPN ari da esaten antzezpen bat izan dela, eta parte hartze txikia izan duela. UPN bera Nafarroako erroldaren %24ko boto babesarekin ari da gobernatzen», dio Gomezek. «Bestalde, Europako Konstituzioari buruzkoa izan dugu bete beharreko azkeneko erreferenduma —2005ean—, eta Etxarri Aranazko parte hartzea %41 izan zen. Orain, %42».

Bozkalekua herriko plazan zegoen, lokal txiki batean, festa gunean. Horrek sortu die, apika, zer pentsatua antolatzaileei. «Guk, hasieran, ikastolan jarri genuen bozkalekua, Etxarri Aranatzen han izaten delako hauteskundeetan botoa emateko tokia. Baina gertatzen da eraikina udalarena dela. Lehen herri eskola zegoen han. Beraz, eta udala galdeketa honetan ez denez ezertarako sartu, lokal pribatu bat hartu genuen. Baina kontuan hartu hogei metro koadro dituela lokalak, barruan modu finkoan dozena bat lagun zeudela, bi mahai, atarian hedabideak, festagunea...; beraz, botoa ematera joateak atzerakada sortuko zien batzuei, beharbada». Gomezek aitortu du partaidetza handiagoa izan zedin bigarren bozkaleku bat jartzea zela beste aukera bat.

Atzo goizean hark dozena bat elkarrizketa egin zituen. Galdeketak interesa piztu duen seinale. 32 hedabide kreditatu ziren iganderako, 48 kazetari. Euskal Herrikoak, Kataluniakoak eta Espainiakoak ez ezik, Europakoak ere izan ziren: Flandriako bat eta Europako berri agentzia bat.

Eguna «normal» igaro izana da beste «albiste garrantzitsu bat», Gomezen arabera. «Emaitzak hor dira, baiezkoak irabazi du, baina guk galdeketan izan den errespetua azpimarratzen dugu».

Protokoloa edo araudia ondo bete zela dio, eta berriro esan du beste kontsultetarako hor dela, «eredu» gisa.

Baina, oraingoz, ez dute interesa agertzeko deirik jaso beste herrietatik.

Erreakzioak

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak atzo esan zuen «Etxarri Aranazko eredua Euskal Herri osora zabaldu» behar dela.

Inaki Irazabalbeitia Aralarreko eurodiputatuak Europako Legebiltzarrean herrien autodeterminazio eskubidea defenditu zuen atzo, saioan hitza hartuta, eta, besteak beste, Etxarri Aranazko kasua jarri zuen: «Kontsulta demokratikoa izan zen, homologagarria eta gardena. Gainera, botoa eman zutenen %90 euskal estatu independentea osatzearen alde agertu ziren. Ariketa demokratiko eredugarria izan zen».

Eusko Ekintzak uste du «egun historikoa» izan zela igandekoa, «Euskal Herriko independentziari buruzko lehendabiziko herri galdeketa egin zelako. Demokraziak eta independentismoak irabazi dute, eta espainolismoak eta inposatzaileek galdu. Burujabetzaren unea orain dugu».

Igandean Udalbiltzak presentzia garrantzitsua izan zuen Etxarri Aranatzen: han izan ziren Mertxe Aizpurua lehendakaria, Maite Iturre lehendakariordea eta Xanti Kiroga zuzendaria, «galdeketari babes instituzionala» emateko.

Kontsulta hizpide izan zuten atzo Nafarroako Parlamentuan. Carlos Garcia Adanero UPNko eledunak zioen Bilduren egitasmo bat izan zela, «progresismoz mozorrotuta». Pedro Rasconek (PSN) ez du uste babes handia izan zuenik eta, beraz, «ez da esanguratsua». Enrique Martin de Marcosek (PP) aipatu zuen «propaganda ekintza bat» izan zela. Bestela hartu zuten beste tadeek. «Ariketa demokratikoa» izan zen Maiorga Ramirez (Bildu) eta Patxi Zabaletaren (Aralar-NaBai) arabera. Manu Aierdiri (Geroa Bai) «ondo» irudi zitzaion herritarrek eskubide bat gauzatzea, eta Jose Miguel Nuinek (Ezkerra) «errespetua» agertu zuen kontsultarekiko.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

 ©BERRIA

«Transmisio komunitario bat daukazunean, ezin da telefono bidez kudeatu»

Jon Ordoñez Garmendia

Epidemia betean harrapatu dute hauteskundeek Ordizia, eta kezkatuta dago Ezenarro. Arriskuaz ohartarazi arren, neurri bereziak hartuta egingo dituzte bihar. Erakundeen babesa eta mahai tekniko bat sumatu ditu faltan.

Probak egiteko Ordizian jarritako postuak. ©Jon Urbe / FOKU

«Osasun publikoaren kontrako delitu bat» izango da gaixorik bozkatzea

Iosu Alberdi

Ordiziako koronabirus agerraldiarekin lotutako lau kasu berri atzeman dituzte. Denera, 31 dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan baieztatutako positibo berriak, eta herritar bat hil da koronabirusaren eraginez. 160 herritar inguruk izango dute debekatua bihar bozkatzea. Nafarroari dagokionez,Tuteran hiru kasu gehiago atzeman dituzte eta Iruñean zortzi positibo agertu dira.

Bi lagun, terraza batean eserita, Orion. ©JON URBE / FOKU

Nork agindu tabernetan

Aloña Beraza Peña Irati Urdalleta Lete

Ordiziako taberna batetik zabaldutako fokuak piztu ditu alarmak aste honetan. Su gehiago ere ari dira pizten, Tuteran, Gasteizen... Tabernariak eta kudeaketan dabiltzanak kezkatuta daude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna