Berria.eus

Politika Indartu egin da Aresen dimisioa eskatzen duten eragileen ahotsa

Publizitatea

Politika

Indartu egin da Aresen dimisioa eskatzen duten eragileen ahotsa

Cabacasen heriotzaren erantzukizun osoa bere gain hartzeko eskatu diote Aralarrek, Alternatibak, ezker abertzaleak eta EAk

PSEk EAJri eskatu dio orain arteko jarrerari eusteko eta «Amaiurrekin bat ez egiteko»

2012-04-14 / Jokin Sagarzazu

Dimisio eskaerek inguratuta daukate Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua. Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruan emandako azalpenak ez du ia inor konbentzitu, eta eragile politikoen artean indartu egin da haren dimisioa eskatzen dutenen ahotsa. Ezkerreko subiranistak izan ziren lehenengoak, eta atzo , EAJ batu zitzaien, Emilio Olabarria diputatuaren eskutik.

Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean, Aresen dimisioa eskatu du Olabarriak. Cabacasen heriotza ez ezik, Herrizaingo Saila kudeatzerako orduan Herrizaingo sailburuak mahai gainean dituen «arazoak» nabarmendu ditu diputatu jeltzaleak. «Kargua aspaldi utzi behar zuen [Aresek], bere lantaldeak gorabeheratsu direlako, sailburuordeak eta zuzendariak hiru edo sei hilabetean behin aldatzen dituelako, lidergo falta nabarmena delako eta Ertzaintzaren barne harremanak usteltzen ari direlako».

Olabarriaren adierazpenek haserrea eragin dute sozialisten artean, eta PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek EAJren zuzendaritzari eskatu dio haren hitzak zuzentzeko. Alderdi jeltzaleak, baina, ez dio buruzagi sozialistari erantzun, ez behintzat modu ofizialean. Alderdi jeltzaleko iturriak aipatuz, berri agentzia batek zabaldu duenez, Olabarriak Aresi buruz esandakoa diputatu jeltzalearen iritzi «pertsonal» bat baino ez da, eta abian den ikerketa amaitu arte alderdi jeltzaleak ez ditu bere «ondorioak» ezagutaraziko.

Sozialistek komunikabideetara igorritako oharrean, Pastorrek gogor kritikatu ditu Olabarriaren hitzak, eta hari leporatu dio «Amaiurrekin bat egitea» eta alboratzea auzi honetan EAJk agertu duen «zuhurtzia eta jarrera eraikitzailea». «Ulergarri izan daiteke kale borroka maite zutenek Aresen dimisioa eskatzea, baina gutxiago uler daiteke Eusko Jaurlaritza eta Herrizaingo Saila gidatu dituen alderdi bateko diputatu batek bat egitea horrekin, ondo baino hobeto baitaki kargu horretan dagoenak zein zailtasun dituen», esan du Pastorrek.

Jeltzaleak baino argiago mintzatu dira EA, Aralar, Alternatiba eta ezker abertzalea. Indar politiko horien ustez, Aresi dagokio erantzukizun guztiak onartzea eta dimisio ematea.Batera egindako agerraldi batean, «ikerketa garden eta zorrotz» bat eskatu dute, eta beharrezkoa balitz, «neurriak hartzeko tartean dauden ertzainekin, arduradunekin eta arduradun politikoekin».

Koalizioa osatzen duten alderdien ustez, Ares ez da gai izan gertatutakoaren «bertsio sinesgarria» emateko, eta ez du iragarri etorkizunean antzeko gertakizunak errepikatzea galarazteko neurririk. Herrizaingo sailburuaren agerraldia «ihesaldi politikorako ariketa hutsa» izan dela salatu dute. «Ertzaintzaren jarrera justifikatzera mugatu da. Informazioa ezkutatu du eta lekuko zein kaltetutako pertsonei errespetu falta izugarria erakutsi die», salatu dute. Halaber, polizi eredu berri bati buruz eztabaidatzera deitu dute.

Bilera sindikatuekin

Rodolfo Ares Ertzaintzako sindikatuetako ordezkariekin bildu zen atzo arratsaldean, istiluetan erabiltzen den «materialean» izango diren aldaketaren inguruko azalpenak emateko. 2013tik aurrera gomazko piloten erabilera mugatu egingo dutela iragarri zuen herenegun Herrizaingo sailburuak, eta brigada mugikorrek eta bereziek bakarrik izango dutela pilotak botatzeko eskopeta. Bileran sindikatuen iritzia jaso zuen Aresek, eta ErNe eta Esan sindikatuek neurria «berandu» hartzea leporatu zioten.

ELA sindikatuak, berriz, Aresen dimisioa eskatu du. Ohar batean adierazi du «neurrigabeko ekintzak» direla eta, Ertzaintza «noraezean» eta «herritarrengandik urrundua» dagoela, eta Herrizaingo Sailaren arduradunei leporatu die hori, Aresi bereziki. «Hau ezin da amaitu erantzukizun politikoak ezkutatuko dituen ahuntz buru batekin».
 

Informazio osagarria

Publizitatea