Albistea entzun

Indarkeriaren biktimak. Bizikidetza

Bizikidetza ariketa bihurtu da Joseba Goikoetxearen omenezko ekitaldia

Ordezkaritza zabala bildu da Bilbon: Lasa eta Zabalaren senideak, Brouardenak eta Txikirenak, ETAko kide ohiak eta ertzainak

PP eta UPD ez beste alderdi guztietako ordezkariek parte hartu dute elkarren alboan
Biktima ugari lehen lerroan: Goikoetxearen arreba, Brouarden alaba, Lasaren eta Zabalaren arrebak eta Txikiren anaia.
Biktima ugari lehen lerroan: Goikoetxearen arreba, Brouarden alaba, Lasaren eta Zabalaren arrebak eta Txikiren anaia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2013ko azaroak 23 - Bilbo

Besarkadak, musuak, konplizitate keinuak, agurrak, babesa, errespetu eta elkar-ulertze hitzak. Krabelin zuri eta gorriak kolore askotako pertsona esanguratsuen eskuetan. Elkarbizitza ariketa bihurtu da Joseba Goikoetxea Asla ETAk duela hogei urte hil zuen Ertzaintzako sarjentu nagusia omentzeko ekitaldia.

Goikoetxearen alargun Rosa Roderok esana zuen biktima guztien aitorpenerako bilkura egin nahi zuela. Indarkeria askotako biktimei bertaratzeko gonbita egin zien. Baita alderdi guztietako kideei ere. Eta saioak eman du fruitua. Sekula ikusi gabeko argazkia utzi du omenaldiak: ekitaldi nagusiko lehen lerroan, Goikoetxearen senideen ondoan izan dira Santi Brouard GALek hildakoaren alaba Edurne Brouard; Guardia Zibilak torturatuta hil zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren arreba Axun Lasa eta Pili Zabala; frankismoak azken fusilamenduan hil zuen Juan Paredes Manot Txiki-ren anaia Mikel Parede eta ETAk hil zuen Montxo Doral ertzainaren alargun Cristina Sagarzazu.

Goikoetxea EAJko militantea izanik, alderdiko ordezkaritza handi bat izan da Bilboko omenaldian: Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa eta Koldo Mediavilla, esaterako. EH Bilduko Laura Mintegi, Pello Urizar eta Rafa Larreinak ere lehen lerroetan parte hartu dute. PSEko Rodolfo Ares eta Joseba Markaidak ere bai. Juan Jose Ibarretxe eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiek.

Ertzain eta ertzainburu asko ikusi dira; Paul Rios Lokarriko koordinatzailea; Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando, eta Aintzane Ezenarro aholkularia. ETAko bi kide ohik bereganatu dituzte, halere, begirada gehienak: Karmen Gisasolak, zeina Langraiz bideari helduta hirugarren graduan preso dagoen, eta Andoni Alzak, zeinak 197/2006 doktrina baliogabetuta askatu berri duten. Gainontzeko gehienak bezala, Goikoetxearen alarguna agurtzera joan dira ekitaldia amaitzerakoan. Hitz baikorrez hartu ditu Roderok: «Iragana iragana da, eta aurrera begiratu behar da».

ETAk tiroz hil zuen lekuan hasi da omenaldia, elkarretaratze isila eginda: Bilboko Campo Volantin pasealekuan. Txistulariek Agur, jaunak doinua jo, krabelinak banatu, eta Zubizuri aldera abiatu dira guztiak Goikoetxearen alarguna, seme-alabak eta arreba buru zirela. Zubizuri lepo bete, eta zubiaren erdi-erditik, Ibaizabalera jaurti dituzte krabelinak biktima guztien omenez.

Zentzu sinbolikoa eman nahian igaro dute zubia; «aro berri batera» joan nahia irudikatzeko. Eta Bizikidetza plazara iritsi dira, ez kasualitatez. Bertan egin dute ekitaldi nagusia.

Xabier Lapitz kazetaria aritu da aurkezle, euritik babesteko karpa handiaren pean. Lepo bete da karpa, eta kanpoan geratu dira asko. Dantzariek aurreskua dantzatuta hasi da Bakea, Josebaren bizipoza. 20 urte Joseba Goikoetxea faltan, bi urte bakean leloarekin egindako ekitaldia. ETAk duela hogei urte hil zuela gogoratu du, eta 1975ean frankismoaren aurka aritzeagatik preso sartu zutela hiru urterako. Baina, aurkezlearen zein senideen esanetan, berak amesten zuen egoera lortu dela eta, gustura daude.

Aita hil ziotenean 18 hilabete zituen Leire Goikoetxea Roderok. Lehen aldiz hitz egin du publikoki. «Asko gustatzen zait amari eta lagunei berari buruzko oroitzapenak entzutea». Eta bera bezalako «umezurtz» gehiago ez dela izango jakinda gaur egun aita «oso pozik» egongo litzakeela deritzo.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak lagun gisa hitza hartu aurretik, omenduak oso gustuko zuen abestietako bat abestu du Bilboko Abesbatzak: Benito Lertxundiren Zenbat gara.

Aurrera egin beharra aldarrikatu du Ortuzarrek. «Euskadin bortxakeriak iraun duen urteetan obsesio bat izan dugu biktimak alde batean edo bestean kokatzeko. Hori hutsegitea izan da eta zuzendu behar dugu». Indarkeriek eragindako «zauri kontaezinetako» batzuk oraindik «orbandu gabe» daudela eta mina arintzen «ikasi» beharko dela esan du, «belaunaldi berriak askatasunean eta bakean hazteko».

Ahanzturan ez erortzeko deia egin du, halere. «Baina oroimena ezin da gorroto bilakatu», ohartarazi du. «Mina ezin da mendeku bihurtu». Hortaz, «iragana ahaztu gabe» ere, aurrera egin behar dela esan du, «bortxakeriarik gabeko euskal gizartea bizitzeko dugun ilusio berrian» murgiltzeko.

«Hogei urte geroago berriz elkartuta egoteagatik» poztu da Rodero. Biktima guztiengana zuzendu da, hunkituta, guztiek bidea elkarrekin egin behar dutela esateko. Eta horretan ibili dira han bildu diren biktimak azken urteetan. «Euskadiren alde borrokatzen jarraitu behar dugu, gure seme-alaba eta bilobak bakean bizi daitezen horrenbeste urteetako sufrimendurik gabe», adierazi du. Emozioak ez dio jarraitzen utzi, eta txalo zaparradak hartu du hitzen lekua.

Xabier Euzkitzek pare bat bertso eskaini, eta Telesforo Monzonen Lepoan hartu kanta abestuz amaitu dute ekitaldia. Goikoetxearen abestirik gogokoenetarikoa zen hori ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ongizate Hitzarmenaren aurkezpena. ©EH Bildu

Egiturazko neurriak sustatzeko hitzarmen bat proposatu du EH Bilduk

Iosu Alberdi

Ongizate Hitzarmenak hamar neurri jaso ditu: bost «ongizatearen oinarri materialak bermatzeko» eta beste horrenbeste aberastasuna banatzeko.

 ©GORKA RUBIO / FOKU
Julien Charles izanen da Pirinio Atlantikoetako prefet berria

Julien Charles izanen da Pirinio Atlantikoetako prefet berria

Berria

Eric Spitz ordezkatuko du karguan, Polinesia Frantseseko kolonian izendatu baitute, Frantziako Errepublikaren goi komisario. Charles Saona eta Loirako prefet izan da orain arte.

Gipuzkoako Batzar Nagusiak, 2019ko saio batean. ©Juan Carlos Ruiz / Foku

Gipuzkoako Batzar Nagusiek beharrezkotzat jo dute «estatus politiko berri bat lortzea»

Jon O. Urain

EAJk eta EH Bilduk mozio bat onartu dute, «Euskal Herriak, bere nazio nortasunaren adierazpen gisa, bere eskubide historikoak garatu eta eguneratzearen» alde.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...