Berria.eus

Politika Euskal Lurralde Elkargoa sortzeko aukerarik ez dela jakinarazi du Lebranchuk

Publizitatea

Politika

Euskal Lurralde Elkargoa sortzeko aukerarik ez dela jakinarazi du Lebranchuk

«Ezin onartuzkotzat» eta «oso larritzat» jo du Deszentralizazio ministroaren postura Hautetsien Kontseiluak
Marylise Lebranchu ministroa, iragan urriaren 4an, Miarritzen izan zenean.
Marylise Lebranchu ministroa, iragan urriaren 4an, Miarritzen izan zenean. NICOLAS MOLLO

2012-11-21 / Jenofa Berhokoirigoin

Frantziako Gobernuak ez du Euskal Lurralde Elkargorik sortuko. Hala adierazi zuen atzo Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak: «Euskal Herriarentzako egitura instituzional bat sortzea ez dut posible ikusten».

Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruz postura argitzea galdatu zion atzo Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak, Frantziako Estatuko auzapezen 95. kongresuaren kari. Euskal lurralde elkargoaren eskakizunari begira «aterabide juridiko eta instituzionalik» ez duela jakinarazi zion Bachori. «Ez dugu horretan utzi behar, proposamen bat dugu landurik eta aitzina eraman behar dugu, [...] mobilizazioa maila batez igoz», adierazi zuen barda Bachok Euskal Irratietan.

«Ezin onartuzkotzat» eta «oso larritzat» jo zituen Lebranchuren hitzak Jean Jacques Lasserre, Hautetsien Kontseiluko presidenteak. Urriaren 11n Hautetsien Kontseiluko ordezkaritzarekin egin bileran atxiki postura aldatu izana deitoratu zuen Lasserrek: «Haren diskurtsoa engainua da», zioen atzo haserreturik. Hala eta guztiz ere, «Euskal Herriaren ahotsa eramateko inoiz baino determinatuagorik segitzen» duela jakinarazi zuen.

Sylviane Alaux senatari sozialista ere haserre agertu zen, nahiz oraindik esperantzari atxiki: «Hitz horiek ez didate plazer egiten, baina ez dugu eskakizuna horretan utzi behar; jarraituko dugu». 2013 hastapenean aurkeztuko den deszentralizazio lege kuadroari aldaketak ekarriz, Ipar Euskal Herriari buruzko atal bat sartzeko esperantza ez du galtzen senatariak.

Tokiko errealitatearen «ez ezagutza» deitoratu zuen, berriz, Christine Bessonart Ipar Euskal Herriko auzapezen Biltzarreko buruak. Ikusirik euskal lurralde elkargoari buruz osatu sostengu zabala, onarpenik ez ematea «ezin imajinatua» iruditzen zaio Bessonarti. «Paristik ez dugu keinu baikorrik, baina lokalki bai, eta horrek esperantza atxikiarazten dit».

Hautetsien Kontseiluak bilera

Biltzar nagusia egingo du larunbat goizean Hautetsien Kontseiluak, Baionan. Egiturak Frantziako Gobernuari helaraziko dion eskakizuna zehaztuko dute. Departamenduaren eskumenak eta beste zortzi eskumen berezi dituen lurralde elkargoaren proposamenari buruz bozkatuko dute hautetsiek. Eskaerari begira ukandako erantzun ezezkor guztiak «digeritzeko» eta «jarraikitasuna antolatzeko» ordua ere izango dela dio Alauxek. Nahiz azken hilabeteetan Euskal Lurralde Elkargoaren aukera hurbiletik aztertu, ez du oraindik bere postura argitua Hautetsien Kontseiluak. Urriaren 11n, Lebranchurekin bildu zirenean, deszentralizazioaren erreforman Euskal Herriari buruzko atal bat sartzeko eskatu zioten, gehituz lurralde elkargoaren aukera aztertzeko galdera.

Frantziaren postura argituz

Ipar Euskal Herriaren onarpena izango zela jakinarazi zuen urrian Lebranchuk: «Izanen da [Ipar Euskal Herriaren] onarpena Errepublikaren partetik; estatuaren izenean Ministerioak onartuko du, eta orain eskaerari erantzungo dion egitura instituzional egokiena aurkitzeko lana eraman behar dugu». Haatik, bi aste geroago, Euskal Herriaren onarpenik ez zela izanen argitu zuen Manuel Valls Barne ministroak, gehituz ETAk armak uzten ez dituen bitartean jarrera horretan «tinko» segituko dutela.

Atzoko Lebranchuren adierazpenek Frantziako Gobernuaren postura argitu zuten, beraz: Ipar Euskal Herriari onarpen instituzionala emateko gogorik ez du. Hala eta guztiz ere, eskakizuna erdietsi arte lanean segitzeko nahia agerrarazi zuten hautetsiek barda.
 

Publizitatea

Politika saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak