Berria.eus

Gizartea 'Fracking'-a debekatzeko bidea hartu du Nafarroak

Publizitatea

Gizartea

'Fracking'-a debekatzeko bidea hartu du Nafarroak

Lege proposamen bat adostu dute PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerra alderdiek; orain, parlamentuan berretsi beharko dute

Gas ez konbentzionala ateratzeko teknika debekatu nahi dute, segurutzat ez dutelako
Haustura hidraulikoaren aurkako protesta bat, iaz, Gasteizen.
Haustura hidraulikoaren aurkako protesta bat, iaz, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARP

2013-09-04 / Mikel Peruarena Ansa

Lurrazpitik gas ez konbentzionala eskuratzeko teknologiaren erabilera debekatu egingo dute Nafarroan, datozen hilabeteetan alderdi politikoek jarrera aldatzen ez badute, behintzat. «Foru Komunitateko lurralde guztian haustura hidraulikoa edo fracking-a erabiltzea» debekatzea agintzen duen lege proposamen bat onartu zuten atzo PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak. Testuak espresuki dio ustiaketa debekatuko duela, baina baita ikerketa ere —Eusko Jaurlaritzak, adibidez, esana du zundaketak egingo dituela, baina ikerketarako—.

Nafarroako Parlamentuko Ingurumen Batzordean onartu zuten testua, atzo; orain, parlamentuko osoko bilkurak aztertu eta erabaki beharko du, indarrean sartzeko. Atzo abstentziora jo zuen UPNk, eta kontra bozkatu zuen PPNk; bien botoak batuko balituzte ere ez lukete aski izango fracking-aren debekua agintzen duen legea gelditzeko. Atzo Ingurumen Batzordean bat egin zuten alderdiek, aldiz, aski dute botoak gehitzea legeak aurrera egiteko.

Espainian, Euskal Herriarekin muga egiten duten zenbait autonomia erkidegotan, hartua dute fracking-a debekatzeko bidea, Errioxan eta Kantabrian, esaterako. Euskal Herrian, baina, teknologia horren erabilera debekatuko duen lehen herrialdea izango da Nafarroa testuak aurrera eginez gero. PSNk hasieran proposatu eta atzo parlamentuan adostu zuten testuaren arabera, onartu eta handik aurrerako baimenak atzera botatzeko ahala emango du legeak. Baina aurretik emandako baimenak eta tramitatzen ari direnak geldiarazteko aukera ere emango du. Gas ez konbentzionala ustiatzeko bi baimen eskatuak dituzte Nafarroan, eta beste bi indarrean dira.

Haustura hidraulikoaren erabilerak «galderak» sortzen ditu, lege proposamenaren testuak jasotzen duenez. Ez dago argi teknologia hori osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarria ote den edo ez. Lurrazpiko akuiferoak kutsatzeko arriskurik ez dagoela ere ez dago argi. Eskisto gasa edo gas ez konbentzionala lurrazpian egoten da, baina harkaitz barruetan; ez putzu handietan, gas konbentzionala bezala, baizik eta pitzaduretan sartuta. Pitzaduretatik askatzeko, ura sartzen dute lurpean, presio handiz. Urarekin batera, gai kimikoak eta area ere sartzen dituzte presiopean. Gai kimikoek laguntzen dute gasa harkaitzetik askatzen; areak zabalik mantentzen ditu pitzadurak, gasa ateratzeko.

Europa, eztabaida batean

Gai toxikoz kutsatutako area eta ur horiek lur barrura iragazi eta akuiferoak kutsa ditzaketela salatu ohi dute fracking-aren aurkariek. Duela mende erdi baino gehiago, Amerikako Estatu Batuetan erabiltzen hasi ziren haustura hidraulikoa. Azken urteotan Europara sartzeko bidea hasi du, baina, oraingoz, Polonian bakarrik egin dituzte zundaketak. Eztabaida zabaltzen ari da Europan, teknologia hori erabiltzearen egokitasunaz. Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeak txosten bat ere argitaratu zuen, orain bi urte, eta zalantzak agertu zituen teknika horri buruz. Hain justu, Europako Parlamentuaren txosten hori erabili du PSNk, haustura hidraulikoaren debekua arrazoitzeko.

PSNren testuaren arabera, Nafarroako «nortasun ikurra» dira nekazaritza eta laboratza industria, eta natura eta paisaiak. Fracking-aren arriskurik eza frogatua ez dagoenez, eta ura kutsatu dezakeenez, «oraingo zalantzak eta dudak argitu artean», debekatu beharreko teknologia dela agintzen du. Bilduk zehaztasun bat egin dio PSNren testuari: proposatu du legeak jaso behar duela definizio zehatz bat hidrokarburo ez konbentzionalak zer diren. Adostu egin du puntua PSNrekin, eta aurrera egin du testuak. Energia berriztagarrien aldeko konpromisoa berretsi behar dela ere nabarmendu du Bilduk.

Legearen testua argia eta zehatza bada ere, galdera batzuk airean gelditu dira, Iñigo Leza Arabako Fracking Ez taldeko kidearen ustez. Esate baterako: Nafarroan gas ez konbentzionala ustiatzeko lau baimenek autonomia erkidego bati baino gehiago eragiten diete, eta, ondorioz, Madrilek erabakitzen du baimen horien gainean. Nafarroako egungo lau baimenak, berez, Espainiako Gobernuak eman eta aztertzekoak dira. Legeak nola eragingo dien ez dago argi. Bestalde, Lezak gogoan dauka Espainiako Gobernuak fracking-aren aldeko jarrera agertu duela eta joan den astean bertan Kuartangon (Araba) galdeketa bat egitea debekatu zuela.

«Mehatxuak jarraitzen du»

Zalantza horiekin, baina Nafarroako Parlamentuak «pauso» bat egin duela adierazi du Lezak: «Aurrerapauso bat da. Eta guk bide hori jarraitu nahi dugu. Baina baimenak hor daude, eta mehatxuak berdin jarraitzen du». Lezak nabarmendu du ez dela erraza jakitea Euskal Herrian gas ez konbentzionala ustiatzeko eskatuak dituzten baimenak zertan diren. Gogora ekarri du Geminis ustiatze lekuan —Getxo eta Bermeo artean, Bizkaian— aurten eta datorren urtean egin beharko lituzketela proba sismikoak, planaren arabera, eta 2015ean egin beharko lituzketela lehen zundaketak. Libra ustiatze lekuan, Erriberagoitian (Araba), egoera bera da. «Baina ez dakigu egingo dituzten edo ez».

Eusko Jaurlaritzak hartuko duen jarrerarekin agertu du zalantza gehien Fracking Ez taldeko kideak. Azaldu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan CESA enpresa publikoak kudeatzen dituela baimenak. Enpresa publikoa izan arren, zail egiten zaie informazioa jasotzea, edo, bestela, «informazio kontrajarriak» iristen zaizkie. Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapiaren esanak ekarri ditu gogora Lezak: ez dutela haustura hidraulikoa erabiliko, baina zundaketak egingo dituztela, lurrazpian zer dagoen jakin nahi dutelako. «Batzuek esaten dute ez dutela erabiliko baina jakin nahi dutela zer dagoen. Eta, bestalde, CESA enpresa publikoak 15.000 euro eman zizkion iaz fracking-aren aldeko Espainiako lobby bati, Shale Gasi».

Arabako EAJk eta PSE-EEk haustura hidraulikoaren aurkako jarrera agertu badute ere, Lezak ez du argi etorkizunean Eusko Legebiltzarrean zer gertatuko den. «Gakoa EAJren jarrera izango da». Fracking Ez taldeak 30.000 sinadura batu eta lege ekinbide herritar bat aurkeztu zuen legebiltzarrean, haustura hidraulikoa debekatzeko asmoz. Baina natura babesteko legea egokitzeko erreforma tarteko zela eta erreforma horretan fracking-ari buruz hitz egingo zutela argudiatuta, legebiltzarrak atzera bota zuen lege ekinbidea. Orain zain daude plataformako kideak, lege horrekin zer gertatuko. «Ematen du aldatuko dutela, fracking-a baimentzeko». Hala uste du Lezak, eta iragarri du hala gertatzen bada berriro herri ekinbide legegilearekin jarraituko dutela. Haustura hidraulikoa debekatu arte.
 

Informazio osagarria

Publizitatea