Berria.eus

Politika Barcinaren eta Maiaren dimisioa exijitu dute milaka herritarrek

Publizitatea

Politika

Barcinaren eta Maiaren dimisioa exijitu dute milaka herritarrek

Oposizioari alderdikeriak bazter uzteko eta parlamentuko gehiengoa UPN gobernutik kanporatzeko baliatzeko eskatu diote

Antolatzaileen arabera, 10.000 herritarrek parte hartu dute Iruñeko manifestazioan
Gazteluko plaza, Jendez lepo. Lehen lerroan, Barcinaren aurkako aldarria eta plastikozko euskal tarta erraldoia.
Gazteluko plaza, Jendez lepo. Lehen lerroan, Barcinaren aurkako aldarria eta plastikozko euskal tarta erraldoia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

2013-04-07 / Joxerra Senar

«Nahikoa da UPNko gobernuez! Dena ondo zihoanean, nafarren ondarearen dirua xahutzen zuten barra-barra ezertarako balio ez zuten makroproiektuetan eta dietetan, eta eurek sortutako burbuila lehertu denean, herritarroi dirua kentzera datozkigu». Israel Gonzalez Iruñerriko Langabeen Biltzarreko kideak eta Berta Arizkunek Nafarroako Gobernuak kaltetutako gizarte taldeen izenean, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariaren eta Enrique Maiaren dimisioa exijitu zuten atzo. Oposizioko alderdiei eskaera horrekin bat egiteko, eta «urrats bat aurrera emateko» eskatu zieten. «Ez dago arrazoi bakar bat ere egungo egoera mantentzearen aldeko hautua justifikatu dezakeena». Alderdikeriak alde batera utzi eta Barcina gobernutik kanporatzeko» eskatu zieten.

Arratsaldeko hotza ez zen oztopo izan milaka herritar Nafarroako Gobernuaren egungo politiken aurrean protesta egin eta Nafarroako Kutxako dieten auziak eragindako asaldura kaleetan islatzeko. Langabeen Elkarteek, Hipotekek Kaltetutakoen Plataformak eta Oinarrizko Errentaren legeak kaltetutako pertsonek deitu zuten manifestaziora eta harekin bat egin zuten ELA, LAB, CGT, EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Ordu laurden berandu hasi zen Ustelak kanpora, Barcina joan zaitez behingoz lelopean. Jendeak «lapurrak kanpora», «joan daitezela», «eman hitza herriari», «UPN eta PSN gauza bera» oihukatu zuen.

Manifestazio hasieran, 4.000 pertsona inguru zeuden protestan, baina ibilbideak aurrera egin ahala, jendea batzen joan zen. Antolatzaileen arabera, 10.000 herritar inguruk bat egin zuten manifestazioarekin, eta Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, 6.000k. Erreferentzia gisa, manifestazioburua 19:00ak aldera iritsi zen Gazteluko plazara eta manifestazioaren amaierak ordu erdi inguru behar izan zuen helmugara iristeko.

Poliziaren presentzia handia izan arren, ez zen istilurik izan. Manifestazioa Sarasate pasealekuan sartu eta Parlamentu aurretik pasatzean, lan duina aldarrikatzen duten etxeko langileen kolektiboak bat egin zuen manifestazioarekin. PSNren egoitzatik pasatzean, berriz, ez zen ezer oihukatu, gutxienez manifestazioaren lehen lerroetan. Gazteluko plazan, tentsio uneren bat izan zen, gazte batzuk foruzainak inguratu zituztenean. Jendeak oihu egin zien poliziei, baina horiek gobernuaren eraikinera gerturatu ziren eta ez zen ezer gertatu.

Umorea nagusitu zen manifestazioan. Gazteluko plazan lan-jantziak soinean zeramatzaten bi langilek gobernuaren «etxe aldaketa» antzeztu zuten. Zementu ugari, diruz betetako maleta bat, guraizeak eta eserlekuak eraman zituzten furgonetan. «Chavezek Nazio Batuetan esan bezala, eserleku horri infernuko sufre usaia dario», oihukatu zuen mikrofonotik LABeko Saul Irigibelek.

Ondoren Israel Gonzalez eta Berta Arizkunek hartu zuten hitza. Euren ahotan umoreak ironiaren kutsua hartu zuen: «Dimititu ez da abizen errumaniar bat, Barcina», esan zion Gonzalezek. «Alde hemendik Barcina, murrizketak egiteagatik, dirua xahutzeagatik, pribatizatzeagatik, ustelkeriatan aritzeagatik eta gezurra esateagatik. Bere ezpainetatik atera da ezein inputatuk ezingo diola karguari eutsi eta hiri honetako alkateak gobernatzen jarraitzen du inputatuta badago ere», gaineratu zuen Gonzalezek.

Oposizioari deia

Berta Arizkurenen ustez, «gero eta ahulago» dago Nafarroako Gobernua eta «gero eta gertuago» bere desegitea. Amaiera hori berez etorriko ez delakoan, mobilizatzen jarraitzera dei egin zien herritarrei. Mezu zuzena helarazi zien oposizioko gainerako alderdiei: «Inork ez diezagula esan Barcina gobernutik kanporatzea ez dela posible». Legebiltzarrean duten gehiengoa helburu horretarako baliatzeko exijitu zieten. «Ez dago galtzeko denborarik, pasatzen den egun bakoitzak Nafarroako egoera sozial dramatikoa areagotzen du, legealdi honetako bi urteotan zer egiteko gai izan diren ikusi dugu eta ez dugu nahi minutu bat bera ere gehiagoz Gobernuan jarraitzerik».

Umorea eta giro ona amaierara arte iraun zuen. Ostegunean Barcinaren urtemuga izan zen, eta plastikozko euskal pastel erraldoia oparitu zioten duela bi urte Toulousen (Okzitania, Frantzia) Barcinari merenge tarta aurpegira bota zioten AHTren aurkako taldeko kideek. Bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak. «Egoera hau jasanezina da», oihukatu zuen Irigibelek. Akusatuek berriz, umorez erantzun zuten, euskal pastelari ahotsa emanda: «Frantziar merenge tarta gogorra naizela esan du Barcinak baina hori ez da egia: euskal tarta bat naiz, oso goxoa. Berak bai aurpegi gogorra».
 

Publizitatea