Berria.eus

Gizartea Hegoalderagotik joango da Donostia-Irun zatiko AHTa, eta Lezon izango du geltoki intermodala

Publizitatea

Gizartea

Hegoalderagotik joango da Donostia-Irun zatiko AHTa, eta Lezon izango du geltoki intermodala

1997ko proiektua aldatu egin du Espainiako Sustapen Ministerioak, eta udalei bidali die, zuzenketak egin nahi badituzte ere

Proiektu berriak baztertutakoak baino bi bider kilometro gehiago egingo du tuneletik

2013-04-27 / Iñaki Petxarroman

Azpiegitura berriak ukitzen dituen udalei bidali die berriki Espainiako Sustapen Ministerioak Astigarraga eta Irun bitarteko abiadura handiko trenaren (AHT) proiektuan egin dituen aldaketak jasotzen dituen proposamena, alegia, Euskal Herriko Trenbide Sare Berriaren Frantziarekiko Loturaren Ikerketa Informatibo Osagarriaren Hasierako Agiria. 1997an onartu zuen Espainiako Sustapen Ministerioak jatorrizko proiektua, eta 2008an ingurumen tramitea amaitu zuen. Orain proiektu berria egin ostean, tramitea hasi dute berriro. Zuzenketak jasotzeko epea zabalik du dagoeneko Espainiako Gobernuak. Frantziak oraindik bere zatia egingo duen ere ez du erabaki. Honako hauek dira proiektu berriaren ardatzak.

1. Trenbide berria, hegoalderagotik

Sustapen Ministerioak tramiterako onartu duen proiektu berria jatorrizkoa baino hegoalderagotik doa ia ibilbide osoan. Aurreko proiektuan abiadura handiko trena A-8aren ondotik zihoan parez pare, zati batzuetan izan ezik. Proiektu berrian autobidetik baino dezentez hegoalderagotik doa trenbidea. Besteak beste, Lapurdiko lotura Biriatuko hirigunetik gertu aurreikusten du Sustapen Ministerioak. Nabarmentzekoa da orain proposatu duten proiektuak baztertutakoak baino bi bider kilometro gehiago egingo dituela lur azpitik.

2. Astigarragako geltokia

Astigarragako nazioarteko geltokiari buruz hitz handiak egin izan dituzte agintari politikoek. Euskal Y-aren nazioarteko geltokia izan behar zuela, geltokirik handiena, Europarekiko lotura bermatuko zuena. Europaz gaindiko azpiegitura bateko sinbolo bat, hedadura erraldoikoa. 2012ko irailean, Ikaztegietara (Gipuzkoa) tren lasterraren lanetara eginiko bisita batean Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu ohiak iragarri zuen ez zela egingo nazioarteko geltoki hori, eta Donostiakoak beteko zuela haren funtzioa. Orain Sustapen Ministerioaren proiektu tekniko berriak Arriolak iragarritakoa berretsi du. Astigarragan ez da AHTrako geltorik egongo; bakarrik aldirietako tren geltoki bat.

3. Irungo geltokia

Sustapen Ministerioak idatzi duen proiektu berrian ez da ageri geltokirik Irunen. Ibilbideak aukera ematen die trenei Donostiatik Lapurdira joateko Irundik pasatu gabe. Orain arte Irunen geltoki intermodala egitea aurreikusten zuten, egungo geltokiaren eremuan. Autobus eta tren konpainia ezberdinetako zerbitzuak ez ezik, hirigintza proiektu handi bat aurreikusten zuten, 53 hektareako eremu batean. Hori dena bertan behera utzi du orain Espainiako Sustapen Ministerioaren proposamenak.

4. Lezoko geltoki intermodala

Irungo geltokia baztertuta, proiektu berriak dakarren berrikuntza nagusietako bat Lezoko geltoki intermodalaren proiektua da. Geltoki hori Irun-Hendaia trenbide egitura berritzeko ikerketak zehaztuko du, eta aparteko ingurumen tramitazioa izango du. Hain zuzen ere, geltoki horrekiko loturek ekarri dute hainbat aldaketa egin beharra jatorrizko proiektuan, Sustapen Ministerioaren arabera. Besteak beste, geltoki berriak lotura bikoitza izango du AHTarekin, bat Irundik etorritako salgai trenei begira, eta bestea Donostiatik datozenei begira. Sustapen Ministerioaren arabera, Irungo geltokiaren instalazioak bere gain hartzeaz gain, Lezoko geltoki berriak Pasaiako portuaren hainbat azpiegitura ere hartuko ditu. Geltokiak AHTarekin izango dituen loturen ondorioz, Donostia, Errenteria eta Pasaiatik ez da salgai trenik ibiliko. Bidenabar, Sustapen Ministerioaren arabera, inoiz egin litekeen balizko kanpoko portu batekin lotura zuzena ahalbidetuko luke plataforma intermodal berriak.

5. Renfeko trenbidea, Europako zabaleran

Astigarraga eta Irun arteko Renferen bidea Europako zabalerara egokituko dute, tren lasterrak Donostiako geltokira sartzeko bide berririk egin behar ez izateko. Horretarako egungo trenbideari beste bide bat gehituko diote, zabalera mistoa edukitzeko.
 

Informazio osagarria

Publizitatea