Berria.eus

Gizartea Abiadura handiko treneko lanekin jarraituko duela berretsi du UPNk

Publizitatea

Gizartea

Abiadura handiko treneko lanekin jarraituko duela berretsi du UPNk

Luis Zarralukiren dimisioa eskatu du Sustrai Erakuntzak, proiektua «negargarri» kudeatu duelako
AHTaren kontrako protesta bat, Tafallan.
AHTaren kontrako protesta bat, Tafallan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Nafarroako AHT abiadura handiko treneko lanen ingurumen eraginaren adierazpena baliogabetzen zuen epaiaren aurka helegitea jartzeko prozesua hasi du Espainiako Gobernuak. Hori jakinda, UPNk berretsi du lanekin jarraituko duela. «Aukera bat da Nafarroarentzat, eta ezin dugu galdu. Batzuek edozein zalantza txiki erabiliko dute proiektuaren aurka egiteko. Baina Nafarroako Gobernuak beti jardun du legearen barruan. Are gehiago proiektu honek duen garrantzia eta eragina kontuan hartuta», nabarmendu zuen atzo Sustapen batzordean Maria Victoria Castillok, UPNko parlamentariak.

Batzorde horretan bertan Sustrai Erakuntzako Martin Jose Zelaiak eta Eduardo Santosek defendatu zuten, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak dioen moduan, ingurumen eraginaren adierazpena «iraungita» dagoela. Obrak geratzeko eskatu zuten, eta Luis Zarraluki Sustapen kontseilariaren dimisioa. «Bada garaia zorakeria hau amaitzeko». Kudeaketa «negargarria eta zorigaiztokoa» izan da, haien ustez. «Engainua da proiektua estatuak ordainduko duela esatea, eta nafarrok ez duegula ordainduko. Gainera, berdin du dirua Nafarroatik, Madrildik edo Bruselatik datorren. Diru publikoa da, eta egungo krisi egoeran astakeria da dirua halako azpiegitura batean gastatzea».

Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak abuztuaren 1ean ebatzi zuen Nafarroako AHTko obren ingurumen eraginari buruzko adierazpena baliogabea zela, iraungita zegoelako. «Nafarroako Gobernuak baimen hori indarrean dagoela defendatzeko erabiltzen duen argudioa zentzugabea da. Zentzugabea da ingurumen baimen batek iraupen mugagabea duela esatea. Guk ez genuen eskatu baimenaren iraungitzea apetagatik, baizik eta beharrezkoa ikusten genuelako baldintza berrietara egokitzea», azaldu zuen Zelaiak. Espero zuten Espainiako Gobernuak epaiaren aurka helegitea jartzea, Santosek nabarmendu zuenez. «Ohikoa da halako prozesuetan. Denbora irabazi nahi du».

UPNko parlamentari Maria Victoria Castilloren iritzia kontrakoa da. «Espainiako Gobernuaren erabakia akuilu bat da guretzat. Espainiako Gobernua eta Estatuaren abokatua bat datoz gure argudioekin». Beste behin, baimena indarrean dagoela azaldu zuen. «Legearen interpretazioaren ondorioz sortutako arazo bat da hau. Egia da 2010ean lege bat atera zela ingurumen baimenen iraupena bost urtetik hiru urtera jaisten duena. Baina hortik kanpo geratu ziren jada emanda zeuden eta aldaketa nabarmenik izan ez zuten proiektuak. Beraz, indarrean jarraitzen du. Gure jarrera beti izan da zorrotza».

PSNren babesa

AHTaren proiektuari «babes osoa» azaldu zion PSNko Maite Esporrinek. «Hori bai, Espainiako Gobernuak proposatzen duen behin behineko hirugarren errailaren aurka gaude. Ez dugu uste konponbide onena denik». Azpiegitura «ondo, azkar eta legearen barruan» egiteko eskatu zuen. «Nafarroarentzat zenbat eta kostu gutxiago izan, hobeto. Izan ere, krisiaren ondorioz lanak lehen baino kostu txikiagoan ematen dira. Ez gaude erabat ados lanek aurreikusi baino gehiago balioko dutela esaten dutenekin. Hori ere ikusi beharko da ».

Aralar-NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak bere egin zituzten Sustrai Erakuntzaren argudioak. «Epaia oso argia da. Gure ustez ez du zalantzarik uzten», nabarmendu zuen NaBaiko parlamentari Juan Carlos Longasek. «Ingurumen kontuak oztopo bat bezala ikusten ditu Nafarroako Gobernuak, eta komeni ez zaizkionean beste alde batera begiratzen du». Helegitea jarriz Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua «denbora irabazi nahian» ari dira, Longasen ustez. «Ez litzateke harritzekoa izango prozesuak iraun bitartean beste ingurumen adierazpen bat egitea. Egingo balute, nabarmen geratuko lirateke, dena den. Izan ere, orain arte defendatu dute legezkoa dela. Gainera, mozketak ikusita, ezer ezean geratuko da AHTa Nafarroan».

Bilduko Victor Rubioren ustez, Nafarroako gizarteak argi hitz egin du. «Herritarrek nahiago dituzte osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzu on batzuk izan, Madrilera hamabost minutu lehenago iritsi baino. Epaileek erabakitzen dutenetik harago, herritarrek beren epaia eman dute. Hau ez da nafarrek nahi duten garapena». Zarralukiren dimisioa ere eskatu zuen. «Sinestezina da oraindik ere batzuek halako proiektuak defendatzea, eta zilegitasunik ez duen UPNren gobernuak abiadura handiko trenaren proiektua defendatzea. Beste leku batzuetan bertan behera uzten ari dira halako azpiegiturak». Rubioren ustez, hasieratik egin ditu gauzak gaizki Barcinaren gobernuak. «Proiektua erdialdetik eraikitzen hasi dira. Gainera, zama ekonomiko guztia nafarrok jasan beharko dugu».

«Gehiegizkoa eta justifikaziorik gabea» iruditzen zaio AHTa Ezkerrako Marisa de Simoni. «Berriro ere agerian geratu da gobernu honen harrokeria, arduragabekeria eta axolagabekeria. Epaitegiek argi utzi duten moduan, proiektua ez da legezkoa, eta Nafarroako herritarren gehiengoa aurka dago».
 

Publizitatea

Gizartea saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Baionatik heldu da Olentzero

Arratsaldean ailegatu dira Olentzero eta Mari Domingi Lapurdiko hiriburura haurrak agurtzeko. Hegoaldeko hiriburuetan abenduaren 23an eta 24an aterako dira kalejiran.

Gehien irakurriak