Sexu erasoak salatzera, jendetza handia atera da kalera Txantrean

Jaietan dira auzoan, eta bortxatu egin dutela salatu du emakume batek: komunean eraso diote, goizaldera; Poliziak ez du inor atxilotu

Udaltzaingoak mutil bat atzeman du beste salaketa batekin lotuta, baina aske utzi dute
Manifestazioa egin zuten atzo arratsean Txantreako kaleetan, goizaldera izandako erasoak salatzeko. Gazte asko bildu zen protestara.
Manifestazioa egin zuten atzo arratsean Txantreako kaleetan, goizaldera izandako erasoak salatzeko. Gazte asko bildu zen protestara. IÑIGO URIZ / ARP

Garikoitz Goikoetxea -

2014ko maiatzak 2
Festa giroan, Iruñean, eraso egin diete berriro ere emakumeei: bortxaketa salaketa bat ikertzen ari da Espainiako Polizia. Txantrean gertatu da. Jaietan dira, eta, salaketaren arabera, komunera joan zenean egin zion eraso gizon batek, atzo goizean. Andrea erietxera eraman behar izan zuten. Beste kasu baten berri ere eman dute; adingabe bati eraso ziotela, eta mutil bat atzeman zutela. Auzitegiko iturriek baieztatu dute atxilotu zutela, baina aske utzi zuten gero, eraso fisikoa ez zelakoan izan. Bitartean, andrea bortxatu zuenaren bila ari da Polizia. Bart gauean inor atxilotzeko zeukaten.

Herenegun hasi zituzten festak auzoan, eta lehen gauean bertan hasi dira emakumeen kontrako erasoak. Auzoko elkarteek bilera egin zuten atzo goizean, zer egin erabakitzeko; eguerdian egin zuten lehenbiziko protesta, Erasorik ez erantzunik gabe leloarekin. Jaiak amaitu arte, igandera arte, geldialdi bat egingo dute egunero, indarkeria matxista salatzeko.

Iluntzean oso protesta jendetsua egin zuten auzoan. Gazte askok bat egin zuten manifestazioarekin. «Haserrea eta amorrua» agertu zuten emakumeen kontrako erasoengatik. Ohartarazi zuten, gainera, eraso gehiago izan zirela gauean: irainak, begiradak eta gutxiespenak, esate baterako. Andreen aurkakoa «egiturazko indarkeria» dela nabarmendu zuten, eta, horren aurka egitera deitu zuten, «konplizitatea eta pasibotasuna» alde batera utzirik. Oharra egin zuten, orobat: ez daudela prest jaietan modu horretako eraso gehiagorik izan dadin.

Andrea, ospitalean

Goizaldera iritsi zen lehenbiziko salaketa. Festagunean komunera joan zela azaldu zuen neska batek, eta bortxatu egin zuela gizon batek, indarrez lurrera botata. 07:00ak aldera gertatu zen. Espainiako Polizia ari da ikertzen kasu hori. Emakumea ospitalera eraman behar izan zuten. Goizean bertan egin zizkioten mediku azterketak, eta Poliziarenean eman zuen lekukotasuna. 24 urte ditu.

Guardiako auzitegiaren esku geratu da kasuaren ikerketa. Bart arratsean, edizio hau ixterakoan, inor ez zeukaten atxiloturik. Salaketari jarraituz, gizon bakar baten bila ari da Espainiako Polizia.

Lausagoa da beste salaketari buruzko informazioa. Mugimendu feministak azaldu du festagunetik apartexeago dagoen eremu batean gertatu zela erasoa. Bizilagun batek eman zuen abisu. Haren arabera, neska bat behartzen ari zen mutil bat, eta nora ezean zegoen neska. Adingabeak dira biak. Bizilagun horrek udaltzainei eman zien abisu, eta atxilotu egin zuten adingabea. Informazioa eskatu arren, Iruñeko Udaltzaingoak ez zuen xehetasunik jakinarazi nahi izan atzo, jaieguna zela eta komunikazioko langilerik ez zegoela argudiatuz. Auzitegiko iturrietatik BERRIAk baieztatu du mutiko bat atzeman zutela udaltzainek Txantrean, neska bati eraso egitea egotzi ziotela, baina ondoren aske utzi zutela. Iturri horien arabera, udaltzainek egindako ikerketak baztertu egin du adingabeak neskari eraso fisikorik egin ziola, eta aske utzi dute. Polizia iturriek diote neskaren aurrean masturbatu zela mutila.

Txantreako Mugimendu Feminista eta Herrikoiak salaketa egin du, jai giroko erasoak direla eta. Zigorrak eskatu ditu erasotzaileentzat, eta gogoeta egiteko eskatu dio gizarte osoari. Zer gertatzen den ohartu dadila, neurriak har ditzala. «Feminista garen heinean, eta batez ere auzoko mugimendu aktiboa garen heinean, horrelako ekintza matxistak ikusarazi nahi ditugu, gizartea bera izan dadin horien inguruan hausnartzen duena, horrela beharrezkoak diren neurriak har daitezen». Bide horretan, hedabideei dei berezia egin die, eraso sexistak ikusarazteko tresna baitira.

Presazko bilera eske

Erakundeen aldetik, ordea, erabatekoa izan da isiltasuna. Iruñeko Udalak ez du ezer esan jaietan salatutako erasoei buruz. Ez du lehen aldia. Sanferminetan izan dira erasoak urterik urte, eta guztien aurrean isiltasunari eutsi dio herriko etxeak; jaiak amaitzean, lapurretei-eta buruzko datuekin batera, orduan aipatzen ditu andreen aurkako erasoak. Oposizioko taldeek eta mugimendu feministak maiz eskatu diote neurriak har ditzala Iruñean festa giroan emakumeek jasaten dituzten erasoak saihesteko, baina horiei ere isiltasun erabatekoz erantzun die.

EH Bilduk eta Ezkerrak iragarri dute presazko bilera bat antolatzeko eskatuko diotela udalari, salatutako sexu erasoez aritzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna