Berria.eus

Mundua Sirian, su-etenerako ordua

Publizitatea

Mundua

Sirian, su-etenerako ordua

Gaur 06:00etan amaitu da erasoak eteteko Kofi Annanen planean ezarritako epea; Damaskok beteko duela esan du

Oposizioak salatu du tankeak oraindik kalean daudela, eta zigorrak gogortzeko eskatu du

2012-04-12 / Amagoia Mujika

Gaur goizean goizetik ez luke Sirian ekintza armaturik egon behar: 06:00etatik. Damasko hiriburutik hasi eta Homs, Idlib, Tartus, Alepo, Latakia, Daraa eta Hamara; gatazkak gehien jo duen lekuetaraino. Ordu hori da Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren planean su-etenerako jarria dagoen epea, eta Baxar al-Assaden gobernuak errespetatu egingo duela jakinarazi zuen atzo. «Talde terroristen ekintza kriminalak arrakastaz menperatu» dituela ziurtatu ondoren, erabakia betetzeko moduan da, Defentsa Ministeriotik Sana agentzia ofizialera iritsi den jakinarazpenaren arabera, eta horrela izango dela berretsi du Kofi Annanek, plana betearazteko mandatari bereziak, hitza beteko duela baieztatzen duten «bermeak» dauzkalako.

Atzerri Ministerioaren iragarpena Ahmad Fawzi Annanen bozeramailearenarekin batera heldu da. Damaskotik eskutitz bat jaso du Fawzik su-etenaren berri emanez. Hari dagokiona beteko du armadak, baina «adi» egongo da, eta gobernuaren kontra ari direnen «edozein erasori erantzuteko prest». Orain arte oposizioko ekintzaileek erasotzeari utzi ez izana da su-etenerako oztoporik handiena, Damaskoren ustez.

Oposizioaren jarrera

Baxar al-Assaden hitzak hutsean geratuko direla diote presidentea boteretik kanpo nahi dutenek, herenegun armadak kaletik erretiratua behar zuelako eta atzo tankeak ikus zitezkeelako oraindik hainbat hiritan. Bake planak hasieratik berea egin duela errepikatu dute oposizioko hainbatek eta nazioarteko beste zenbaitek, nahiz eta Annanek «goizegi» dela esan dien hori gertatzeko.

SNC Siriako Kontseilu Nazionala da Al-Assad gezurretan dabilela diotenen artean ozenen ari dena, eta, azkenera arte, nabarmendu du Damaskok su-etena onartuko zuela esan zuenetik bonbardatzen eta herritarrak hiltzen jarraitu duela: 800 lagun hil dituzte plana abiatu zutenetik, SNCren arabera. Atzo bertan, Londresen ezarria daukan Siriako Behatokitik ziurtatu zuen, Daraan, Latakian eta beste hainbat lekutan armada bonbardaketak egiten ari zela. SNCk hasieratik baztertu egin du Annanen plana. Al-Assad kentzea eta nazioarteko esku hartzea defendatzen du SNCk. Atzo ere «zigor gehiago» jartzeko eskatu zion nazioarteari.

Frantziak eta Erresuma Batuak ere ez dute sinesten armadaren su-etenean. Parisek, Alain Juppe Atzerri ministroaren bidez, «gezurretan» aritzea leporatu dio Al-Assadi, apirilaren 10erako betebeharrak hutsean geratu direlako. Siriako Gobernuaren tankeak dira horren isla, eta, horrez gainera, preso politiko «gutxiegi» askatu ditu eta «bizilagunei erasotzen» hasi da —Libanoko eta Turkiako mugak—.

Erresuma Batuarentzat, ez dago bake plana beteko duela erakusten duen frogarik. William Hague Atzerri ministroak ere apirilaren 1ean Al-Assadek bake plana hitzartu zuenetik gertatutakoa ekarri du gogora, eta ondorio honetara heldu da: «Erregimenak data muga erabili du oposizioaren zapalkuntza estaltzeko».

Bai Juppek baita Haguek ere, biek eskertzen dute Annanen lana, baina biek eskatuko dituzte gaur zigor zorrotzagoak Siriarentzat, NBEren Segurtasun Kontseiluan. Atzo, G8koek nabarmendu zuten ideia hori, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Kanadak, AEBek, Japoniak eta Errusiak Washingtonen hasi zuten bileran.

Errusiarentzat, baina, Siriako erregimenaren su-etenaren iragarpenaren ondoren, oposizioari dagokio urratsa egitea: «Orain oposizio armatuaren txanda da», Gennadi Gatilov Atzerri ministrordearen ustez. Sergei Lavrov Atzerri ministroa kexu izan da oposizioak bake planarekin inoiz ez duelako konpromisorik hartu. «Ez dugu ahaztu behar oposizioaren zati handi batek ez duela onartu Annanen plana, SNCk barne».

Iran, azken geltokia

Diplomazia lanean etengabe aritu da Kofi Annan Arabiar Ligaren eta NBEren ordezkari izendatu zutenetik, eta azken geltokia Persiako uharte batean egin du, Mahmud Ahmadinejad Irango presidentearekin hitz egiteko, Al-Assaden aliatuarekin. Iranek bake plana defendatzen du, eta hala egingo du, Al-Assadek boterea uzteko atzerritik presiorik egiten ez bada behintzat.

Errusiarekin eta Txinarekin bat egin du Iranek hasieratik gatazkari irtenbide politikoa proposatzeko orduan, eta Damaskok egin dituen aldaketak ere ontzat jo ditu, besteak beste konstituzioaren erreforma.

Konstituzio berriaren aldaketarik handiena 8. artikulua kentzea izan da: 1963az geroztik boterean den alderdia (Baath) estatuko eta gizarteko liderra dela dioen artikulua ezabatuko dute. Beste alderdi politikoek ere aurkeztu ahal izango dituzte hautagaiak presidentetzarako, eta presidenteak, gehienez ere, zazpi urteko bi legealdi egin ahal izango ditu. Aldaketa horiek, nolanahi ere, 2014ko presidentetzarako hauteskundeen ostean sartuko dira indarrean. Boterean hamabi urte daramatza Al-Assadek.
 

Publizitatea

Mundua saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Ultraaktibitatearen alde egin du Auzitegi Gorenak

Hitzarmenak urtebetera iraungi arren, eskubide kolektiboak eskubide indibidual izatera pasatzen direla dio. ELAren ustetan, "pozteko moduko golpe latza" litzateke PP eta patronalarentzat. LABek zuhurtziaz hartu du epaia.

Aguraingo Sapem lantegia itxi nahi du Arcelorrek

54 langileak kaleratzeko enpleguaren erregulaziorako eskaera aurkeztu du multinazionalak. Proposamenaren "formak eta edukia" salatu ditu ELAk. Aurki mobilizazioetara deituko dituzte langileak.

Gehien irakurriak