Berria.eus

Ekonomia Bazkideen babesarekin ordainduko du Euskaltelek 222 milioiko zigorra

Publizitatea

Ekonomia

Bazkideen babesarekin ordainduko du Euskaltelek 222 milioiko zigorra

Orangeri kalte-ordaina ematera behartu du EAEko Auzitegi Nagusiak, hari lehia ez egiteko kontratua hautsi zuelakoan

Euskaltelek dio «zigor bidegabeak» ez duela enpresaren geroa kolokan jarriko
Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidentea, abenduan, enpresaren egoitzaren aurrean.
Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidentea, abenduan, enpresaren egoitzaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / ARP

2012-04-20 / Iker Aranburu

Hainbat hilabetez ukatu duen kolpea jaso du azkenean Euskaltelek. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Parisko Nazioarteko Arbitraje Gortearen epaia, eta, hortaz, Euskaltelek 222 milioi euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio Orangeri, hari lehia ez egiteko kontratu bat hautsi zuelakoan. Euskaltelek «aberrazio juridikotzat» jo du epaia, baina ziurtatu du ez duela enpresaren etorkizuna zalantzan jarriko eta «bazkideen babesarekin» pagatzeko gai izango dela.

Euskaltelek ez du zehaztu nola egingo dion aurre kalte-ordainari. Hau da, mailegurik eskatuko ote duen, ala kapitala handituta edo aktiboak salduta lortuko ote duen dirua. Kutxabank akziodun nagusiko (%68 dauka) iturriek ere ez dute ezer argitu. Haien arabera, Euskalteli dagokio orain erabaki bat hartzea. Edonola ere, telefono konpainiak halako ordainketa bat egitea «aurreikusten» zuela ziurtatu du Kutxabankek. Jendaurrean, aldiz, beste jarrera bat erakutsi du. BERRIAn abenduan egin zioten elkarrizketan honako hau esan zuen Garcia Erauzkinek: «Ez dugu ordaindu behar izateko aukerarik ikusten».

Kalte-ordaina oso handia da Euskaltelen moduko enpresa batentzat, zazpi urteko irabazien adinakoa delako. Iaz, inoizko urterik onenean, 38,4 milioi euroko etekina lortu zuen.

Ordainketak kalte ekonomiko handia egingo diola onartu du Euskaltelek. Eraginetako bat inbertsioen moteltzea izan daiteke. Abenduan, 2011ko emaitzak aurkeztean, Garcia Erauzkinek iragarri zuen hurrengo bost urteotan 240 milioi euro inbertitzeko asmoa zeukatela, sakelako telefonoentzat sare propioa zabaltzeko batez ere. «Inbertitzeko, hazteko eta herriarentzako aberastasuna sortzeko planei» eutsiko diola dio, ordea.

Harremanaren haustura

Auziak Euskaltelen eta Amenaren arteko hausturan du iturburua. 1998tik 2006ra, Euskaltelek Amenaren sakelako telefoniako sarea erabili zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zerbitzua emateko. Euskaltel Amenaren jabearen akziodun txikia zen —Retevision izena zuen lehenik eta Auna ondoren—. 2005ean France Telecomek konpainia erosi zuen, eta Europa osoan sakelako telefonia eskaintzeko darabilen izena eman zion: Orange. Salerosketa kontratuan, France Telecomek debekatu egiten zien akziodunei hemezortzi hilabeteko epean lehia egitea.

2006ko abenduan, baina, Euskaltelek eta Orangek hautsi egin zuten. Orangek ez zuen begi onez ikusten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bere marka ezin erabiltzea; Euskaltelek, berriz, bere kasara aritu nahi zuen, eta akordioa lortu zuen Vodafonerekin, haren sarea baliatzen hasteko. Erabaki horiek bi operadoreen arteko lehia gogorra eragin zuen, konpainia batek zein besteak aldarrikatu zuelako orduan zituzten ia 450.000 kontratuak. Azkenean, Euskaltel horietako 230.000 eskuratu zituen.

France Telecomek auzitegietara jo zuen, bi argudio nagusirekin. Batetik, Euskaltelek hari lehia ez egiteko akordioa hautsi zuela. Bestetik, 230.000 bezero «lapurtu» egin zizkiola. Parisko Arbitrai Gorteak arrazoi eman zion, 221,9 milioi euroko kalte-ordaina emateko agindu zion Euskalteli.

Epai hura «ez zetorren zuzenbidearekin bat», erantzun du Euskaltelek agiri baten bidez, eta horregatik deitoratu du orain Justizia Auzitegiak ontzat hartu izana.

Haren arabera, France Telecomekin lortutako akordio horrek «espresuki salbuesten» zuen Euskaltel. Gainera, dio Espainiako eta Europako zuzenbidearen arabera akordioak ez zuela baliorik.

Halaber, ukatu du bezeroak lapurtu zizkiola Orangeri: «Beren borondatez erabaki zuten Euskaltelera etortzea, Telekomunikazioen Batzordeak prestatutako garraiagarritasun prozeduraren bidez». Gainera, «neurriz kanpokotzat» jo du 222 milioi euroko kalte-ordaina. «France Telecomi, hamabost hilabetean ustez 230.000 bezero kendu izanagatik 222 milioi euroko kalte-ordaina ematen diote, multinazional frantziarrak —orduan Espainian hamar milioi bezero zituenean— urtero 1.500 milioi galtzen zituenean».

EAEko Justizia Auzitegiaren jokaera ere kritikatu du Euskaltelek. «Aberrazio juridikoa, arbitrarioa, neurriz kanpokoa eta partziala den epaia berretsi du bakarrik», eta baztertu egin ditu Euskaltelek eskatutako frogak edo ahozko bista egitea. Arbitraje Batzordeko kide Jose Pedro Perez-Lorcaren boto partikularra —Euskaltelen aldekoa— ez aintzat hartu izana ere salatu du.
 

Informazio osagarria

Publizitatea