Mila milioi emakume, erasoak
«Izurritearen kategoria» ematen die txostenak andrazkoen kontrako erasoei

Ez dira kasu bakanak. Ezta istripuak ere. Mundu osoko emakumeen heren batek baino gehiagok sufritzen ditu sexu erasoak. «Nesken eta andrazkoen eskubideak urratzen dituen jokabide eredu orokortu bat da» jite horretako indarkeria, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. «Mundu osoko izurrite bat da». Hiru emakumetik bati eragiten dion izurritea.
Atzo aurkeztu zuen OMEk Emakumeen aurkako indarkeriaren eskualdekako eta mundu osoko zenbatespena izeneko ikerketa lana. Mundu osoko andrazkoen aurka egindako sexu erasoak eta indar gehiegikeriak aintzat hartzen dituen lehen txostena da, eta bertan jasotzen diren emaitzak «oso kezkagarritzat» jo ditu erakundeak.
Guztira, emakumeen %35,6k sufritu dute sexu indarkeria, bikotekideen, bikotekide ohien, senideen zein ezezagunen eskutik. Mila milioi andre, gutxi gorabehera. Txostenean, «beste indarkeria mota batzuk» daudela onartzen den arren, eraso fisikoak bakarrik zenbatetsi dituzte. Kopuru orokorra, beraz —abusu psikologikoak ere jasota—, handiagoa izan daitekeela aitortu du OMEk inplizituki.
Indarkeria fisikoaren barruan, bikotekideek eta bikotekide ohiek eragindakoa da maizen errepikatzen dena. Harremanak izan dituzten andreen heren batek pairatu ditu tratu txarrak. Zenbait herrialdetan, handiagoa da kopurua. %40tik hurbil.
Bestalde, emakumeen hilketen %38 bikotekideek edota bikotekide ohiek eragindakoak dira. Beraz, munduan eraildako emakumeei dagokienez, hamar kasutik lautan, sexu indarkeria dago atzean.
Bikotekide ez direnek eragindako erasoen kopurua txikiagoa da, baina kezkagarria betiere. Oro har, emakumeen %7,2k sufritu dute noizbait sexu erasoren bat, bikotekidea ez den norbaiten eskutik. Hala ere, mota horretako bortizkeriari buruzko informazioa «eskasa» dela nabarmendu du OMEk. Horren inguruko ikerketa lanak abiatzeko eskaera egin zien atzo Hegoafrikako Medikuntza Ikerketa Kontseiluko presidente Naeemah Abrahamsek mundu osoko gobernuei: «Txosten honek argi uzten du informazio eskasia izugarria dagoela bikotetik kanpoko sexu erasoen inguruan. Horregatik, sexu indarkeria neurtzeko ikerketa serioak egin beharko lituzkete herrialdeek, sistema zientifiko fidagarrienak erabiliz».
Izan ere, alde handiak daude lurralde batzuen eta besteen artean, eta hori ikerketak jasotako datuetan islatzen da. Herrialde aberatsak eta errenta ertain zein apalekoak bereizten ditu OMEk. Azken horien artean, Afrikan, Asiako hego-ekialdean eta Hego zein Erdialdeko Amerikan jaso dituzte sexu indarkeriari buruzko daturik altuenak. Besteak beste, Afrikako emakumeen %45,6k sufritu dute noizbait sexu erasoren bat; Bangladesh, India edota Myanmarren, berriz, hamar andrazkotik lauri egin diete eraso. Hala ere, herrialde horietan datu fidagarriak biltzea zailagoa izan dela aitortu dute ikerlanaren egileek, «zenbait herrialdetako erakundeek ez dituztelako, adibidez, 49 urtetik gorako emakumeen kontrako erasoak zenbatzen».
Emakumeen kontrako indarkeria ez da ageri, ordea, pobreziak jotako herrialdeetan bakarrik. Orokortutako fenomenoa da. «Aurkitu ditugun datuek agerian uzten dute andreen kontrako bortizkeria ez dela esparru txikietan bakarrik ageri den gertakari bakan bat. Munduko osasun publikoari eragiten dion arazoa da, eta ezinbestekoa da premia handiko neurriak hartzea», adierazi du Margaret Chan doktoreak, argitalpenaren hitzaurrean.
Ez da adin kontua
OMEk atzo aurkeztutako txostenean azpimarratzen da sexu indarkeria goiz azaltzen dela bikote harremanetan. Mundu osoan, 15 eta 19 urte bitarteko emakume gazteen %29,4k jaso dituzte tratu txarrak, bikotekide edo bikotekide ohien eskutik. Eta adin guztietako emakumeek jasaten dituzte erasoak.
Sexu erasoek emakumeei eragiten dizkieten osasun arazoak ere azaltzen ditu ikerketa lanak. Heriotz arrisku tasaren igoera da medikuek gehien nabarmendu dutena, baina, horrez gain, hainbat gaixotasun izateko arriskua ere handitzen da indarkeria pairatu duten emakumeen artean.
Depresio kasuak, adibidez, bikoiztu egiten dira sexu erasoen ostean, eta sifilia, gonorrea, klamidia eta gisa bereko gaixotasunak ere ugariagoak dira biktimen artean. Abortatzeko arriskuak gora egiten du eraso egin izan dieten andreen artean, eta jaiotzen diren haurren osasunari ere kalte egiten dio indarkeriak. Hala, gutxiegi pisatzen duten umea izateko aukera %16 handiagoa da indarkeriaren biktimen artean. Datu horien argitan, prebentzio eta kontzientziazio neurriak areagotzeko eskatu die OMEk nazioarteko gobernuei.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.