Berria.eus

Kirola Zaila bezain erakargarria

Publizitatea

Kirola

Zaila bezain erakargarria

Maila ziurtatu ostean, Real Madrilen lepotik Europarako sailkatzeko hautagaitza aurkeztu nahi du gaur Osasunak

Mendilibarrek beste denboraldi baterako berritu du gorritxoekin duen kontratua

2012-03-31 / Asier Legarda-Ereño

Gaur Nafarroako Erresuman Real Madrilen aurka jokatu beharreko partidari arreta pixka bat kendu zion atzo Jose Luis Mendilibarrek. Osasunako entrenatzaileak atzo sinatu zuen Iruñeko taldearekin beste urtebetez lotuko duen kontratua. Aurreko asteburuan Levanteren zelaian irabazita mailari eutsi ostean iritsi da Mendilibarrek kontratua berritutako albistea. Real Madril liderraren aurkako partida zail bezain erakargarriaren bezperan, alegia.

Beste urtebeterako lana daukala ospatzeko liderra mendean hartzea bezalakorik ez dago Mendilibarrentzat. Sasoi honetan partida bakarra galdu du Real Madrilek etxetik at. Beraz, ez da erraza izango helburua lortzea. Halere, mailari eutsi ostean, liderra mendean hartu eta Europarako hautagaitza aurkeztu nahi dute gorritxoek. Gaur irabaziz gero, Europako Ligako postuetan finkatu eta Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duten postuetatik puntu bakar batera jarriko dira gorritxoak. Hori da helburua.

Osasuna talde sendoa da bere zelaian. Bartzelona ahalguztidunari irabazi zion, eta gaur beste balentria bat egitea da asmoa. «Badakigu dena ondo egin beharko dugula irabazteko. Defentsan sendo aritzeaz gain, izandako aukerak baliatzen jakin beharko dugu, Real Madrilek jokalari handiko baitauzka. Taldean ongi jokatzen ez dutenean ere hiruzpalau aukera on sor ditzaketen jokalari asko ditu, eta dena ondo egin beharko dugu», esan zuen atzo Mendilibarrek. Hargatik, zaldibartarrak badaki Real Madril errespetu handiarekin zelairatuko dela. «Azken sasoietan emaitza on gutxi lortu ditu Real Madrilek gure zelaian. Aurkari guztiei errespetu handia izan ohi die, baina guri, gure zelaian, akaso apur bat handiagoa».

Gaur iluntzeko norgehiagokan Muñiz Fernandez ariko da epaile lanetan, eta zaleengandik jasoko duen presioa ez ezik, Madrilgo hedabideek Real Madrilen aurkako erabakirik har ez dezan egindako presioa ere jasan beharko du. Real Madrilek etxetik at jokatutako azken neurketan, Vila-realen, bi jokalari gutxiagorekin amaitu zuen norgehiagoka Jose Mourinhoren taldeak, eta Paradas Romero epaileak egundokoak entzun behar izan zituen. Mendilibarrek ez du uste normala denik Ligako bi talde handienek epaileari buruz hainbeste hitz egitea. «Vila-realeko partida aztertuz gero, ikus daiteke Paradas Romerok Vila-realen aldeko bi penalti argi ez zituela adierazi ere. Ez dut uste Real Madrilen aurkako lana egin zuenik, baina Liga honetan Bartzelonaz eta Real Madrilez soilik hitz egiten da. Beste taldeei buruz haien aurka aritzen direnean soilik hitz egiten da, eta ez zait normala iruditzen Bartzelonak eta Real Madrilek epaileen lana hainbeste kritikatzea. Denok kritikatzen dugu, baina bi talde handiak larregi kritikatzen ari dira. Gainera, konbentzituta nago epaileek ikusten dutena soilik adierazten dutela»

Gorritxoen hasierako hamaikakoan aldaketa bat egitera derrigortuta dago Mendilibar, Marc Bertran eskuin hegaleko atzelaria min hartuta dagoelako. Roversio Rodrigues ariko da ziurrenik haren ordez.
 

Publizitatea