Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala irabazi du Josu Zabaletak

Josu Zabaletak irabazi du aurtengo Espainiako Itzulpengintzako Sari Nazionala. Hala, azkeneko hiru hamarkada pasatxotan egin duen lana saritu du Espainiako Kultura, Hezkuntza eta Kirol Ministerioak, eta 20.000 euro emango dizkiote. Epaimahaiak azpimarratu du euskarazko itzulpengintzan aitzindarietako bat izan zela Zabaleta, eta gainera hizkuntza literarioak eta poetikoak garatzeko gauza izan dela. Saria irabazi duen euskarazko lehen itzultzailea da.
Testu dibulgatiboen, teknikoen eta baita telebistarako dokumentalen itzulpenak ere egin izan ditu Zabaletak, baina batez ere literatur obrekin nabarmendu da. Orain, erretiratuta dagoela eta, horiei eskainiko die bere denbora
1981ean Mark Twainen Printzea eta eskalea (Lur) kaleratu zuenetik, beste hemeretzi literatur lan itzuli ditu Zabaletak. Ondokoak, besteak beste: Leonardo Sciasciaren Itsaso ardo kolorea (Erein, 1991), Pier Paolo Pasoliniren Gauza baten ametsa (Alberdania, 1998), Antoine de Saint-Exuperyren Gerrako pilotu (Elkar-Alberdania, 2003), Pio Barojaren Jakintzaren arbola (Elkar-Alberdania, 2006) eta Machado de Assisen On Casmurro (Elkar-Alberdania). Egindako lan horiei esker, bitan irabazi du itzulpengintzako Euskadi Saria: 2001ean Guy de Maupassanten Fantasiazko ipuinak-ekin (Ibaizabal), eta 2008an Gesualdo Buffalinoren Gaueko gezurrak-ekin (Elkar-Alberdania).
Itzuli dituen autoreetako dezente italiarrak dira. Izan ere, Erromako Santo Tommaso Unibertsitatean egin zituen filosofia ikasketak. Euskara, gaztelera, frantsesa eta italiera menperatzen ditu.
Itzultzaile eta haren bueltako beste hainbat egitasmoen sustatzailea ere izan da. Esaterako, Senez itzulpengintza aldizkariko zuzendaria izan zen, eta baita Hordago argitaletxeko euskarazko lanen arduraduna ere. Gainera, Lur hiztegi entziklopedikoa zuzendu zuen, eta EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea sortzen lagundu zuen. Euskaltzain urgazlea ere bada.
Hain zuzen ere, aitzindaritza hori saritu dio epaimahaiak. Ondokoek osatu dute, besteak beste: sariaren iazko eta orain bi urteko irabazleek —Francisco Javier Uriz eta Selma Ancira—, Galegoaren Akademiako Gonzalo Navazak, Euskaltzaindiko Lourdes Auzmendik eta Institut d'Estudis Catalanseko Alex Boschek.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.