Albistea entzun

Editoreei ordaindu egin beharko zaie edukiak sarean kopiatzeagatik

Jabetza Intelektualaren Legearen erreforma egitasmoa onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak
Gobernuko ordezkariek uste dute legearen erreformak «pirateria digitala» gutxituko duela.
Gobernuko ordezkariek uste dute legearen erreformak «pirateria digitala» gutxituko duela. BOB EDME

Juan Luis Zabala -

2014ko otsailak 15

Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen Jabetza Intelektualaren Legearen erreforma egitasmoaren arabera, Google News-ek eta gisako webguneek baimenik gabe berenganatu eta sareratu ahal izango dituzte «informazio, iritzi eta entretenimendu» mailako «eduki zati ez-esanguratsuak», baina eduki horien editoreek eskubidea izango dute webguneek emandako «ordain zuzen bat» jasotzeko, Alemanian eta Frantzian Google tasa izenekoaren bitartez egiten duten bezala. Argazkiei dagokienez, baimena beharrezkoa izango da beti; hitzen araberako bilaketarako, berriz, ez da ez baimenik, ez inolako ordainketarik beharko.

Nolanahi ere, oraindik ez dago jakiterik erreformak zer ondorio izango dituen, ez baita zehaztu zer-nolako eduki zatien erabileragatik ordaindu beharko duten webguneek, ezta ordainketak zenbatekoak izango diren ere.

Erreforma egitasmoa Europan «aitzindari» dela adierazi du Jose Ignacio Wert Espainiako Kultura ministroak. Erreformaren asmo nagusiak, ministroak azaldu duenez, «sortzaileen eskubideen babesa eraginkorragoa izatea» eta «sormen eta kultur industriei trantsizio digitala erraztea» da.

Luis Enriquez AEDE Espainiako Egunkari Editoreen Elkarteko lehendakariak uste du erreforma «norabide egokian egindako urrats garrantzitsua» dela. «Editoreok ez ditugu laguntza zuzenak nahi, gehiegikerien aurka gure edukien balioa onartzen duen marko juridiko bat baizik», adierazi du Enriquezek. SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkarteak uste du hasierako planteamenduaren aldean hobea dela gobernuak orain aurkeztu duena, baina oraindik ere hobetu beharra dagoela, oraingo erreformarekin ere legeak Espainiako kultur arloa inguruko herrialdeetakoa baino egoera okerragoan uzten duelako. Edukien legez kanpoko erabilerak —batez ere eduki digitalenak— gogorrago zigortzearen aldekoa da SGAE. Antonio Guisasolak, Espainiako musika ekoizle nagusiak batzen dituen Promusicae elkarteko lehendakariak, lege berria «gatazka iturri» izan daitekeela adierazi du, eta «pirateriaren aurkako» neurri «argi eta erradikalak» eskatu. Andres Torresek, Espainiako Diputatuen Kongresuko Kultura Batzordeko PSOEren bozeramaileak, arloko ordezkarien eta gobernuaren arteko «elkarrizketa eta kontsentsu falta» salatu du.

IIPAren ohartarazpena

Otsailaren 7ko data duen txosten batean, IIPA Jabetza Intelektualaren Nazioarteko Aliantzak Espainiak jabetza intelektualaren aldeko defentsan zer egiten duen «behatzea» gomendatu du, eta zerrenda beltzean sartzea gaiaren inguruan dituen politikak modu nabarmenean hobetu ezean. Txina, Errusia, Argentina, Bolivia, Brasil, Bulgaria, Ekuador eta Italia daude, besteak beste, 301 Zerrenda esaten dioten horretan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar bat, asteon, Donostiako areto bateko karteldegiari begira. ©GORKA RUBIO / FOKU

LEKUA EGIN NAHIAN

Ainhoa Sarasola - Ainize Madariaga

Zinema areto, jaialdi eta ziklo gehienetan, euskarazko filmen eta azpidatzien presentzia txikiagoa da beste hizkuntzetakoekin alderatuta. Hainbat eragilek azaldu dute pixkanaka kopuru hori handituz doala, baina ehunekoei erreparatuta, salbuespenak salbuespen, oreka lortzetik urrun dago oraindik.

Cordal, erakusketako lanetako batekin. ©Aritz Loiola / Foku

Egunero, atsedenik hartu gabe

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Isaac Cordal artistak etengabe produktiboak izatearen beharra jorratu du ’24/7′ erakusketan. Bilboko SC Gallery aretoan dago ikusgai, hilaren 28ra arte.

Cat Power, azken diskoaren promozio argazki batean. ©MARIO SORRENTI

Bizitza bat bertsioetan

Alex Uriarte Atxikallende

Cat Powerrek 'Covers' albuma plazaratu du. Bere ibilbide musikalean funtsezkoak izandako 11 egileren kantuen bertsioak egin ditu, eta 'Hate' izeneko bere abestia berrinterpretatu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.