Berria.eus

Plaza Bizia Hamarkada oso bat, azaletan

Publizitatea

Plaza Bizia

Hamarkada oso bat, azaletan

Bilboko Foru Liburutegiak 70eko hamarkadako egunkarietako azalekin erakusketa bat zabaldu du
Egunkarietako azalez gain, orduko argitalpen eta berezitasunekin osatu dute erakusketa.
Egunkarietako azalez gain, orduko argitalpen eta berezitasunekin osatu dute erakusketa. L. JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2012-02-26 / Lander Muñagorri Garmendia

Denboran atzera salto. Ariketa hori proposatzen dute Bilboko Foru Liburutegian. Jaio ginen hamarkada prentsan: 70. hamarkada erakusketa aste honetan zabaldu dute, eta apirilaren 15era arte egongo da ikusgai liburutegiko lehen, bigarren eta hirugarren solairuetan. 40 panelek osatzen dute erakusketa, eta 1970. urtetik 1979 urtera arte argia ikusi zuten egunkarietako 40 azal ikusi ahal izango ditu bisitariak. Baina ez hori bakarrik. Urte bakoitzerako aukeratu dituzten azalak testuinguruan kokatzeko hainbat elementu jarri dituzte: azalaren gaiarekin zerikusia daukaten albisteak, urte horretako euskal kulturako argitalpenen bat, mundu mailakoa, edo bestelako berezitasunak. 1970eko urteetara atzera egiteko beharrezko elementuak guztiak.

«Liburutegian hemeroteka oso zabala daukagu, eta bertako baliabideak aprobetxatzea ondo legokeela iruditu zitzaigun», esan du Antton Gandariasek, erakusketako arduradunetako batek. Euskarri hori aprobetxatuz, 70eko hamarkadaren berri eman nahi izan dute, «eskaintza kultural bat emateko bide bezala». Joan den urteko udan hasi ziren bilketa lana egiten. «Hilabete luzeetako lana izan da», Gandariasen esanetan.

Baina zergatik hamarkada hori? «Erakusketaren izenak dio jaio ginen hamarkada. Liburutegian lan egiten duten langile gehienak 70eko hamarkadan jaiotakoak dira, eta nonbaitetik hasi behar zenez, prentsaren historiako garai hori aukeratu genuen». Ekimenak hurrengo urteetan jarraipena izango duela aurreikusten du Gandariasek, «baina aurreko hamarkadak egin edo hurrengoa, hori zehazteko dago». Berak 60koa nahiago du, berea baita hamarkada hori.

Denetariko azalak

Frankismoaren azken urteak, eta trantsizioaren lehenak izan ziren erakusketak gaitzat hartzen duen hamarkadan. Vietnamgo gerra eta petrolioaren krisia izan ziren beste gertaera azpimarragarrienetako bi. Horien erreferentziak biltzen ditu Jaio ginen hamarkada prentsan: 70. hamarkada erakusketak. Aipatutakoez gain, Nixonen dimisioa eta ondorengo Gerald Forden kargu hartzea, igande odoltsua, Francoren heriotza, Carrero Blancoren hilketa, Urtainen Europako txapelketa edo Municheko Olinpiar Jokoetako hilketak topatu ahal izango dira, besteak beste. «Jendeak harrera ona egin dio erakusketari, ikusminez ikusten ditu panelak. Batez ere garai hori ezagutu zutenek eta egunkari horiek ezagutu zituztenek», Gandariasek dioenez.

Orduko egunkariak ezagutzeko tresna ere bada erakusketa. Bizkaian garai hartan argitaratzen ziren egunkarietako azalak ekarri dituzte Foru Liburutegira: El correo español, La gaceta del norte, Hierro, Diario de la tarde eta La hoja del lunes. Argitalpen horiez gain, Deia eta Egin egunkarietako azalak ere ekarri dituzte erakusketaren amaierara, bi horiek 1977an sortu zituztelako.

Bizkaian argitaratutako egunkariak bakarrik izan dituzte hizpide, baina salbuespen bat egin dute 1976ko abenduaren 6ko azal batekin. Izan ere, egun hartako El diario vasco egunkaria ekarri dute. «Bezperan Athletic eta Realak elkarren aurka jokatutako derbian ikurrina atera zuten, eta horren ezaguna den argazki hori ere ekarri nahi genuen erakusketara azal baten bidez». Bizkaiko inongo egunkarik ez zuten egun horretan ordea argazki hori ekarri, nahi bada, testuetan aipamenen bat besterik ez. Gipuzkoako egunkariak bakarrik ekarri zuen argazkia, eta horregatik salbuespena egitea hobetsi dute kasu horretan erakusketako arduradunek.

Gaur egungo kazetaritzarekin alderatuta, 70eko hamarkadan denetarik egiten zela dio Gandariasek. Edozein modutan, La gaceta del norte argitalpena bereizten du. «Bere azal asko oso sensazionalistak ziren, agian gaur egungo batzuek baino gehiago». Estralurtarren inguruko berri ugari argitaratzen zituen egunkariak, hartan ere bolo-bolo zebilen fenomenoa.

Baztertzea, zailena

Hamar urteetako egunkari guztietako azalak begiratu, eta zein aukeratu, hori izan da Gandariasen ustez lanak izan duen zatirik zailena. «Informazio asko topatu dugu, eta arazoa izan da zein baztertu aukeratzea». Emaitzarekin gustura agertu da, ordea, eta azalen aukeraketa orekatua izan dela iruditzen zaio. «Urteko lau azal behar genituen aukeratu, beraz, zaila izan da».

Aukeraketa hori guztia, gainera, mikrofilmen bidez egin dute, eta hori ere nekagarria izan dela aitortzen du. Izan ere, negatiboan ikusten dira bertan egunkarietako azalak, «eta hori begietarako nekagarria egiten da azkenerako». Behin aukeraketa eginda, argazkiak egin dituzte, eta horrela ilustratu dituzte erakusketako panelak. Garai horietako argitalpenak, ordea, kalitate eskasekoak ziren, Gandariasen hitzetan. «Puntu handiko argazkiak zeuzkaten, eta inpresioa ere ez da oso ona. Edozein modutan ahal duguna egin dugu», dio.

Lan handia hartu duten arren, gustura egindakoa izan dela onartzen du. Datorren urteetan aukeratzen duten hamarkada aukeratzen dutela ere, gogotsu hartuko dutena izango da.
 
Lander Muñagorri Garmendia

Publizitatea