Landaida: «Aukeretan bat da zaintza partekatua»

Auziari buruz berariazko araua onartu ala ez eztabaidatu dute adituek, Emakunderen Berdintasun Gunean

Maite Asensio Lozano -

2013ko urriak 8
«Zaintza partekatua baikorra da gurasoen artean adostasuna dagoenean. Akordiorik ezean, aukera bat izan behar du, kasu bakoitzean baloratu beharrekoa, eta hala ahalbidetzen du egungo legediak». Zaintza partekatua hedatzeko berariazko araudirik ez dela behar ondorioztatu zuen Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak atzo, Berdintasun Gunean auziari buruzko eztabaida jorratu ostean. Lege aldaketak bainoago, aldaketa sozialak behar direla erantsi zuen: «Zaintza partekatuak ez du berdintasuna sustatzen; haurren jaiotzetiko erantzunkidetasunak sustatzen du. Harrigarria da aitatasun baimen parekide eta transferiezinen aldeko mugimendu indartsurik ez egotea eztabaida honetan».

Kidetzak Eusko Legebiltzarrera eramandako herri ekimen legegileaz mintzatu ziren, besteak beste, atzoko hizlariak. Oro har, denek baztertu zuten halako zaintza sistema ezartzea gurasoen arteko harreman onik eta adostasunik ez dagoenean. «Zaintza partekatuak ondo funtzionatzeko, alderdi guztiek oso ondo antolatuta eta lotuta egon behar dute, eta hori ezinezkoa da gurasoak ez badira ingeles klaseari buruz ados jartzeko gai», esan zuen Patricia Verdes abokatu eta gizarte langileak.

Themis emakume juristen elkarteko kide Maria Angeles Jaimek bi kritika egin dizkio lege aurreproiektuari. Batetik, bikotea banatu aurretik zaintzaz nor arduratu den ez duela kontuan hartzen: «Ez da berdintasunaren aldeko neurria izango banaketaren unean desberdintasun egoerak daudela aintzat hartzen ez badu». Juana Balmaseda abokatuak beste ideia bat gaineratu du: «Bikotea elkarrekin dagoen bitartean berdintasuna egon bada, zaintzaren lana eta ardura partekatzeko interesatu nagusia emakumea izango da. Amek soilik zaintza edukitzea ez baita pagotxa: andreak pobretzea dakar, baita lan merkatuan txertatzeko prozesua zailtzea ere».

Bestetik, Maria Angeles Jaimek adierazi du Kidetzaren proposamenak ez duela egoki jorratzen genero indarkeriaren auzia: «Banatutako bikotean bortizkeriarik egon den aztertzeko adierazleen garrantzia erlatibizatzen du, eta zaintza partekatuari betoa jartzeko baldintzak zorrozten ditu: ez da nahikoa gizonaren aurkako zigorrarekin; beste txosten bat ere eskatzen du».

Ildo horretan, Raul Lizana psikoterapeuta eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileak gogora ekarri du emakume askok ez dituztela tratu txarrak salatzen, besteak beste, seme-alabak babesteko eta «erasotzaileek zaintza eskatzearekin mehatxatzen dituztelako». Hartara, uste du legez zaintza partekatua lehentasunezko ezartzeak mesede egingo liekeela tratu txarrak ematen dituztenei: «Denbora gehiago edukiko lukete umeen aurka indarkeria egiteko, eta amaren gaineko kontrola ere nabarmenagoa izango litzateke».

Gurasoen harremanetan bortizkeriarik egon den aztertzeko baliabideak eskatu dituzte aditu guztiek. Baina familia zuzenbidean «baliabide falta orokortua» dagoela aipatu du Patricia Verdesek. Bat etorri da Maria Angeles Jaime: «Zaintza partekatua egokia den ebazteko zailtasun handiena da familien errealitatera hurbiltzeko mediorik ez dagoela». Bitartekaritza prozesu luzeagoak eskatu dituzte. Juana Balmasedak erantsi du esparru horretan ere kode deontologikoa ezarri behar dela, «indarkeria egoerak antzemanez gero prozesua bertan behera uzteko».

Baina, tratu txarrik ez dagoenean ere, lege aurreproiektuaren aurka agertu da Raul Lizana, irmo. Genero desberdintasunen ondorioz aita askok «okerrago» zaintzen dutela azaldu du: «Gizonak oso motel ari dira ikasten; sarri inguruko andreengan uzten dute ardura hori». Zaintza partekatua lehentasunezko ezartzea ez du ondo ikusten: «Seme-alabak zaintzeko eskubidea emango die aitei, baina ez die gurasotasun betebeharrik jarriko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna