Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Lau graduko lurrikara batek Iruñerria astindu du

Publizitatea

Gizartea

Lau graduko lurrikara batek Iruñerria astindu du

Utergan izan du erdigunea, eta Tafallan ere sumatu dute; lur mugimenduek ez dute inolako kalterik sortu

2013-04-21 / Iker Tubia

Berriz ere lurra dardarka antzeman dute Iruñerriko biztanleek. Richter eskalan lau gradu zituen lurrikara batek eragin ditu mugimenduak. 17:18an izan da, eta Iruñerrian ez ezik, Tafallan, Lizarran eta Erriberrin ere antzeman dituzte. Azken hilabeteetan hainbat lurrikara izan dira Nafarroan.

Lur mugimenduek ez dute kalte pertsonal edo materialik eragin. Hala ere, herritar askok Nafarroako Larrialdietarako Agentziara deitu dute. Iruñeko auzo gehienetatik hots egin dute, baita Zizur, Sarriguren, Barañain, Atarrabia, Orkoien eta Galar ibarretik ere. Iruñerritik kanpo deiak jaso dituzte Tafalla eta Erriberritik batik bat.

Utergako herritarren ahoetan ez da beste gairik. Bilobarekin paseatzen zebilela lurra mugitzen zela nabaritu du Blanca Uhartek. Oraingoan beldur handiagoa izan dutela azaldu du, eta kezkaturik dagoela aitortu: «Oso handia izan da». Otsailaren 14tik lurrikarak etengabe izan dituztela dio Utergako bizilagunak. «Hasieran aditzen genuen, baina geroago sumatzen hasi ginen».

Toño Arraiza, berriz, etxean zegoen. Autoa aparkatu berri zuela sumatu du lurrikara. «Lau edo bost segundo izan dira, baina asko zela zirudien», esan du. Lur mugimenduak ez dira gelditzen, eta horrek susmo txarra piztu dio Utergako biztanleari.

Adiosen ere burrunba handia aditu dute arratsaldean. Hasieran erdigunea bertan zegoela zabaldu dute, baina Utergan kokatu dute gero. Lurrikarak beldurturik, bizilagun asko etxetik atera dira agudo, eta hedabideak azkar gerturatu dira bertara.

Bizilagunek diotenez, orain arte izandako lurrikaretan handiena izan da. «Etxe osoa mugitu egin da, osorik. Nire koinata lorategian zegoen, eta zimenduak mugitzen ari zirela iruditu zaiola esan digu », azaldu du Adioseko Luis Antonio Sanz de Acedok. Sukaldean harrapatu du lurrikarak, bakarrik eta egunkaria irakurtzen. Segundo gutxi iraun du, eta berehala joan da egongelara. «Apalategiak mugitu dira, eta han nituen irudi batzuk bota dizkit dardarak». Susto handia hartu duen arren, Sanz de Acedok ez du beldurrik.

Utergakoaz gainera, hiru lurrikara gehiago izan dira Nafarroan. Hirurek toki berean izan dute erdigunea: Biurrunen. Lehenbiziko biak 17:21 eta 17:27an izan dira, 1,9 eta bi graduko lur mugimenduak. Azkenengoa 19:30ean izan da, 1,7 gradukoa.

1,5 gradutik gora, 120 lurrikara

Dardara asko izan diren arren, ez dago kezkatzeko motiborik. Uste horretakoa da Antonio Aretxabala geologoa. Lurrikara gehiago izanen zirela aurreikusi zuen joan den hilabetean, baina ez dio garrantzi handirik eman, ez baita hondamendirik gertatuko. Geologoak uste du orain arte lurreko dardarei ez zaiela kasurik egin, gaia ez delako gizartearen interesekoa. Lurrikarak sumatzen direnean, berriz, denak jartzen dira horri begira.

Nafarroan lur mugimenduak ohikoak direla azaldu du, betidanik egon direla. «Ahantzi egin dugu lur hau beti mugitu dela». Haren aburuz, herritarrek beste toki batzuetako «tragediak» dituzte gogoan, eta horregatik kezkatzen dira lurrikara bat dagoen bakoitzean. Aste honetan Aretxabala Utergan izan da, herritarrei egoera zein den azaltzeko, eta lasai egoteko deia zabaldu du.

1,5 gradutik gorako 120 lurrikara izan dira azkeneko bi hilabeteetan. Handienak martxoan izan ziren, Utergakoaren antzeko bi lur mugimendu izan baitziren. Martxoaren 21ean Ziritza erdigune zuen lurrikara bat izan zen, 3,7 gradukoa, eta bi egun geroago 4,1 graduko lur mugimendua sumatu zen. Erdigunea Etxaurin izan zuen horrek.

Horietaz gainera, lurrikara txiki asko izan dira. Ostiralean, lurrak hiru aldiz egin zuen dardara: Mutiloabeitin bi graduko lurrikara batekin hasi zuten eguna. Biurrunen 1,9 graduko lur mugimendua izan zuten 10:11n, eta Utergan 2,1 gradukoa 17:28an.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Tubia Iker Tubia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak