Albistea entzun

48. Durangoko Azoka

«Genero literatura ez zait batere deigarria egiten gaur egun»

Bernardo Atxagak 'Nevadako egunak' plazaratu du, kronika, nobela eta biografia zantzuak elkartuta
Bernardo Atxaga, <em>Nevadako egunak</em> liburua eskuetan duela.
Bernardo Atxaga, Nevadako egunak liburua eskuetan duela. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2013ko abenduak 5 - Donostia

Ikusmina bazegoen. Jakin-mina. Hedabideak ez ezik, lagunak, ezagunak eta interesa zuen jende asko joan zen atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunera, Bernardo Atxagaren liburu berriaren aurkezpenera. Nevadako egunak (Pamiela) lanaren aurkezpenera joandakoen artean zen Jabier Muguruza musikaria, eta, hark egindako lausengu moduko galdera bati tiraka, Atxagak esan zuen ezertaz idazteko hura oso ondo ezagutzea ezinbestekotzat jotzen duela gaur egun: «Oso zaila da ezer aurkitzea, izan poesia, edo literatura, edo filosofia, bizitza... oso ondo ezagutzen ez baduzu gaia. Esan nahi dut ezagutu gorputzez, arimaz eta mila modutara... Eta, horretarako, eskura daukazuna zure esperientzia da, zure hurbileko errealitatea». Hurbiletik eta eskarmentuaren poderioz sakon ezagutu duenaz idazten duela, alegia.

Eta ezagutzaren kontuarekin erabat loturik ikusten du Atxagak idazteko hautatutako literatur generoa ere. Gaur egun behintzat —«ez dakit zer aldarte izango dudan hemendik 50 urtera»—, bere burua ez du genero literatura egiten ikusten. «Genero literatura ez zait batere deigarria egiten gaur egun. Detektibe bat begi bat urdina duena eta bestea horia... ez zait batere interesatzen. Interesatzen zait agian, barkatu horrela esatea, txikitan ezagutu nuen txakur bat begi bat urdina zuena eta beste bat horia».

Aske aritzeko «lizentzia»

Ezagutzak eta denborak, edo eskarmentuak, eman diote Atxagari «lizentzia» modu askean idazteko, eta generoa kontu hibrido moduan lantzeko. Liburuaren kontrazalak honela dio: «Kronika da hasieran, eta bukaeran nobela». Atxagarentzat generoa literaturaren «alde soziala» da: «Generoa ez dugu guk asmatzen, ez da ezer pertsonala. Generoa hor dago, zuk hartu edo utzi egiten duzu. Generoa hor kanpoan dagoen zerbait da, irakurlearen eta idazlearen arteko itun bat da, eta horregatik diot generoarena dela zerbait soziala».

Etiopia liburua idatzi zuenean hasieratik bazekien poema liburua izango zela, atzo adierazi zuenez. «Eta helburu hori nuenez, apunteak hartzen nituen poemak idazteko. Eta horrela antolatu nuen liburua, poema liburu moduan. Obabakoak, Gizona bere bakardadean, Soinujolearen semea, Zazpi etxe Frantzian idatzi zituenean ere, hasieratik bazekien nobelak izango zirela. Oso bestela gertatu zaio Nevadako egunak liburua idazterakoan. «Nire nahietako bat zen ez genero jakin batetik abiatzea, ezta haren bila joatea ere. Baizik eta beste modu batean antolatzea idazkiak eta testuak». Eta horretan ari zela bururatu zitzaion bere liburua egin behar zuela Ferdinand Cheval postari frantsesak bere jauregia eraiki zuen modu berean. 1836an jaio zen Cheval postaria. Egun batez estropezu egin zuen harri batekin. Harri berezia zela iruditu zitzaion, eta erabaki zuen harri hura izango zela bere jauregia eraikitzeko lehena. Handik aurrera, 30 urtez, harriak pilatuz joan zen, eta eraikuntza bat egiten hasi zen. «Hark harriak bezala, agian nik ere apunteak, oharrak, egunkari artikuluen pusketak... Horiek denak pilatuz joango nintzela pentsatu nuen, eta nik ere egingo nuela pieza munto handi bat, eta gero antolatuko nuela hura».

Hamar hilabeteko egonaldia egin zuen Bernardo Atxagak Renon (Nevada, AEB), 2007ko abuztutik 2008ko ekainera bitartean. Han bizi izandakoetatik abiatuta, 250 pieza inguru idatzi zituen; «baina, azkenean, 150 jaso ditut liburuan». Pieza «heteroklitoak» dira egilearen hitzetan, gai oso desberdinez eta oso modu desberdinean idatziak. Leku ezezagun batera joateak sorkuntzarako ernamuina eskaini baitzion Atxagari: «Bistakoa da edonor leku arrotz batera joaten denean, paisaia bat du aurrean, jende bat, ezezaguna, arrotza zaio, ez da bere eguneroko bizitza, eta hor badago piztuera bat. Egon behar duzu erne, adi, leku arrotz batean zaude, eta gehiago entzuten duzu eta gehiago begiratzen duzu». Adi egote hori, piztuera kontenplatibo hori kontzientziari egozten dio Atxagak, baina era berean «arroztasun horrek subkontzientean dauden kontu asko ernatzen ditu: pertsonak, ideiak, sentimenduak, mamuak...».

Eta adibideak jartzen ditu Atxagak. Esaterako, Nevadako paisaia ohikoetako bat Piramide Lake lakua da. Han leienda bat badela dio Atxagak: «Esaten da lakuan itotako umeen intziriak entzuten direla». Atxagaren ibilbidean, hildako haurrek badute presentziarik, eta elezahar horrek bere haurtzaroko gertakizun batekin lotu zuen: «Nire jaioterrian, Asteasun, biki bat hil zen haurra zelarik, eta horrekin osatu dut pieza bat».

Pieza guztiei batasuna bi ardatzek ematen die. Lehena, ardatz kronologikoa da: «Abuztuan joan eta ekainean etorri behar genuen. Hor zegoen denbora bat, egutegi bat, eta horrek narrazioaren alde jokatzen zuen. Beste ardatzak «motiboekin edo elementu errepikakorrekin» dauka lotura: «Desertua da horietako bat. Desertua hor dago beti. Edo zaldi basatiak ere bai. Zaldi basatiak hasiera-hasieran daude, baina pieza ezberdinetan agertuko dira berriro. Horrek trinkotasun handia ematen dio liburuari. Liburu hau, nik uste, nire beste nobela batzuk baino trinkoagoa da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Harry Potterren sortaren lehen liburua, Londresko liburu denda batean. / ©Claudia Sacrest, EFE

Harry Potterrek 25 urte beteko ditu bihar

Jon Ordoñez Garmendia

J. K. Rowlingek 1997ko ekainaren 26an argitaratu zuen Harry Potter eta Sorgin Harria-ren ingelesezko edizioa.

<b><em>Simone Veil <em>pastoraleko mustraka bat; 95 arizale aste hondar guziez elkartzen dira.</em> </em></b> ©SEVERINE DABADIE

Veil pastorala hasia da ate joka

Ainize Madariaga

Hiru emanaldi eginen ditu 'Simone Veil' pastoralak Muskildin: uztailaren 24an eta 31n, eta agorrilaren 6an. Bostehun lagunendako bazkaria prestatuko dute ikastolek egunotan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.