Berria.eus

Gizartea Garitanok dio hondakinen aholku batzordeak ez dituela batzar nagusiak ordeztuko

Publizitatea

Gizartea

Garitanok dio hondakinen aholku batzordeak ez dituela batzar nagusiak ordeztuko

Bizkai eta Gipuzkoako ingurumen diputatuek bilera egingo dute gaur, zaborren inguruko ituna luzatzeari buruz
Hernaniko garbigunearen inaugurazioa, atzo.
Hernaniko garbigunearen inaugurazioa, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

2012-04-20 / Erredakzioa

Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok ukatu egin du Hondakinen Kudeaketarako eta Prebentziorako Aholku Batzordeak batzar nagusiak ordeztuko dituela. «Zaborren inguruan sortutako gatazka bideratzeko sortu da batzorde hori. Haren txostenak kontuan hartuko dira, baina ez dira bete beharrekoak izango».

Gipuzkoako Foru Aldundiari aholkularitza ematea eta parte hartzea bermatzea. Horiexek izango dira otsail amaieran sortu zen batzordearen zereginak, Garitanok zehaztu duenez. «Batzordeak ez du inolako misteriorik. Ez dugu guk asmatu. Aurreko gobernuaren hondakin planak ere aurreikusten zuen». Zaborren gaia eztabaida politikotik ateratzeko eskatu du.

Baina hondakinen auzia Bilduk sartzen du eztabaida politikoan, EAJko batzarkide Xabier Ezeizabarrenaren ustez. «Bilduren neurrira dago eginda batzordea, eta azaldu nahi ez dituzten asmoak daude horren atzean». Aholku batzorde bat izateko «eskumen deigarriak» eman dizkiola salatu du Ezeizabarrenak. «Batzar nagusiek hartzen dituzten erabakiei aurre egiteko bada, arazo larriak izango ditu aldundiak».

Antzera mintzatu dira PSE-EE eta PP. «Hondakin planaren bidez ere errauste planta sortzea zen asmoa. Argi dago Bilduk komeni zaiona betetzen duela bakarrik», nabarmendu du PSE-EEko Mikel Duranek.

Hernaniko garbigunea

Atzo inauguratu zuten, bestalde, Hernaniko garbigunea (Gipuzkoa). Bertan izan zen Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Carlos Alduntzin. Aldundiak zero zabor politiken alde egindako apustua berretsi zuen, eta horretarako eraginkorrena gaikako bilketa dela baieztatu. Bide horretatik jarraitzeko beharrezkoak diren konpromisoak hartuko dituztela nabarmendu zuen.

Gaur bertan Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Iosu Madariagarekin bilduko da, zaborren inguruan duten hitzarmenaz hitz egiteko. Akordioa luzatzeko eskaria egina du Gipuzkoak. Bizkaiak, ordea, defendatu du horretarako Gipuzkoako Batzar Nagusien nahia errespetatu beharko dela, eta errauste planta eraiki. PSE-EEk ere hori eskatu du.

Bizkaiko Bilduk, berriz, hitzarmena luzatzea nahi du. «Manipulazio hutsa da Bizkaiko Foru Aldundia eta EAJ akordioaren inguruan egiten ari direna. Gatazka artifizial bat baino ez dute sortu nahi, eta arrazoia bakarra da: Gipuzkoan Bilduk agintzen duela». Gainera, koalizioak ukatu egin du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa hitzarmenean jasotzen dena betetzen ari ez dela.
 

Publizitatea