Berria.eus

Kirola Kolpe eman nahi, eta kolpea jaso

Publizitatea

Kirola

Kolpe eman nahi, eta kolpea jaso

Irujo-Barriolak galdu egin dute, eta kanpoan geratuko dira gaur Xala-Laskurainek irabazten badute

2012-03-25 / Julen Etxeberria

Ez dira izango asko Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak adina final jokatu dituzten pilotariak. Ohituta daude presiopean jokatzera. Binakako Txapelketa honetan, ordea, irentsi egin ditu presioak. Eta atzo inoiz baino ageriago geratu zen. Irabazi beharra zuten finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko. Pablo Berasaluze eta Jon Ander Albisu zituzten aurkari. Asegarceko bikoteak ez zuen ezer jokoan, aurreko jardunaldian ziurtatu baitzuen toki bat bigarren ligaxkan. Egoera, beraz, aproposa zen Irujo eta Barriolarentzat, kolpea eman eta beste emaitzen zain egon gabe etxeko lanak egiteko.

Ondo hasi zen partida Aspekoentzat. Haienak izan ziren lehen hiru tantoak. Hurrengo hirurak, ordea, Asegarcekoentzat izan ziren, hirurak Barriolak eginiko hutsen erruz. Ez zegoen kezkatzeko motiborik, are gutxiago Irujoren bi erremateri esker berriro aurretik jarri ondoren (3-5). Baina Barriolak berriro egin zuen huts, pilota txapara bidalita. Huts horri, etekin handia atera zioten Berasaluze VIII.a-Albisuk, aurrelariak egindako hiru tantori esker lehen aldiz jarri baitziren aurretik (7-5). Irujok pilota errebotera bidalita erantzun zuen, baina hurrengo jokaldian huts egin zuen. Jokaldi bera egin zuen jarraian Berasaluze VIII.ak: tantoa lehenbizi, eta hutsa gero.

Horrela, tantoak eta hutsak partekatuz iritsi ziren bederatzinako berdinketara. Kolpea eman nahi zuten Irujo-Barriolak, baina haiek jaso zuten kolpea, aurkariek 5-1eko partziala lortu baitzuten (14-10). Tanto ikusgarri batek eta Albisuk egindako huts batek ere ez zituen suspertu Irujo eta Barriola. Ordurako presioan itota zeuden, atzean dominatu eta aurrean errematatu ezinik. Antzik ez Asegarceko bikotearekin. Albisu ikusgarri ari zen, nahierara kasik, pilota guztiak indartsu itzultzen. Ataungoak txapelketako neurketarik onena jokatu zuen atzo, eta arrazoia eman zien etorkizun bikaina aurreikusten diotenei. Albisu bikain, eta Berasaluze VIII.a ezin eraginkorrago, aurrean zituen aukera guztiak aprobetxatzen.

Batzuk ezer ez, eta beste batzuk asko. Ondorioa: Asegarceko bikotea kolpe batean iritsi zen 22ra. Bidean, hori bai, Aspekoen miseria eta gabezia guztiak geratu ziren agerian, azken hamar partidetatik hiru besterik ez irabaztera eta ligaxkatik ia kanpo egotera eraman dituenak. Hala ere, oraindik badute aukera sailkatzeko. Horretarako, Yves Salaberri Xala-k eta Aritz Laskurainek galdu egin behar dute gaur Eibarko Astelenan, Oinatz Bengoetxearen eta Alexis Apraizen aurka. Azken horiek ez dute ezer jokoan.
 

Informazio osagarria

Publizitatea

Kirola saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak