Ismael Manterola
Artea. Begiz

Louvre

2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Ilaran egon behar izan genuen poltsen eta motxilen kontroletik pasatzeko. Ilara egin behar izan genuen sarrerak erosteko. Ilaran zain egon behar izan genuen txamarra uzteko, beste horrenbeste poltsa eta motxila lagatzeko eta, azkenik, ilaran egon behar izan genuen museoan sartzeko.

Oztopoz betetako lasterketa baten antzekoa iruditu zitzaigun Louvre museoa bisitatzea, jendez gainezka baitzegoen Parisko museorik ezagunena eta handiena. Komunera joateko ere ilaran denbora pixkatxo bat egin behar izan genuen! Horregatik, ez ninduen gehiegi harritu nire lankidearen galdera: «Hainbeste jenderi gustatzen al zaio artea?»

Galderari erantzuteko aukera izan genuen, museoan zehar genbiltzala ikusitako jendearen jarreren bidez. Batetik, ekialdeko jendez osatutako taldeen korrika saioak, gidariari segi ezinik, hark azalpenak pinganillo-tik ematen zituen bitartean. Bestetik, jende pilak artelan batzuen aurrean eta beste artelan batzuen bakartasuna. Azkenik, artelanaren aurrera iritsi bezain pronto, jendeak, argazki kamera edo sakelakoa atera, eta argazkia egin ondoren barre asebetearekin alde egiten zuen. Benetan, ulertzeko zaila egin zitzaigun jendearen jarrera artelanen aurrean, nahiz eta ikerketa soziologikoa egiteko modukoa izan.

Artezale izan arren, ikusteko, behatzeko, disfrutatzeko, ikasteko edo hausnartzeko denbora pixka bat ez badut, nahiago dut museo erraldoi horien zurrunbiloan ez sartzea. Gainera, ez dut ondo ulertzen museoak eskaintzen dituen maisulanen aurrean hainbeste jende egotea, eta beste lan batzuen aurrean inor ez. Greziako artearekin gertatzen dena harrigarria da, barregarria ez esateko. Greziako artelan nagusietako bat Partenoiko frisoa da. V. mendeko eskulturaren adibiderik finena eta interesgarriena museo ezberdinetan sakabanatuta dago, nahiz eta Londresko British Museumek zatirik gehienak izan. Zati txiki baina adierazgarria Louvren dago, eta denbora gehienean inoren arreta jaso gabe egoten da. Handik metro gutxira dagoen greziar garai helenistikoko Venus Milokoa eskultura, berriz, zaila da ikusteko aurrean duen jendetzak oztopatuta. Gainera, diru-zorroarekin kontuz ibiltzeko ohartarazten zaituen kartel izugarriak egonezina sortzen duenez, ezin lasai begiratu jainkosa greziarraren edertasuna.

Hala ere, egoera Mona Lisa edo Gioconda koadroarekin gailurrera iristen da. Leonardoren koadro txikiak jende manifestazio iraunkorra dauka, aurrean argazki kameren flashez argiztatuta. Bitartean, Leonardoren Arroketako Ama Birjina, San Joan eta Santa Ana, Ama Birjina eta haurra koadro zoragarriak, bakar-bakarrik, triste-triste, inoren begiradarik jaso gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.