Berria.eus

Politika Herriaren aldeko borrokaren mugarria

Publizitatea

Politika

Herriaren aldeko borrokaren mugarria

Burgosko prozesuari buruzko ekitaldia egin zuten atzo Donostian; gaur dira 42 urte lehen epaia eman zutela
Itziar Aizpurua, Jon Etxabe, Antton Karrera, Miguel Castells eta Joxean Agirre, atzo, Donostian.
Itziar Aizpurua, Jon Etxabe, Antton Karrera, Miguel Castells eta Joxean Agirre, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP

2012-12-28 / Hodei Iruretagoiena

Gaur bete dira 42 urte Francoren garaiko Espainiako auzitegi militar batek Burgosko auziaren epaia eman zuenetik: bederatzi heriotza zigor eta urte askotako espetxe zigorrak. Hamasei ziren denera, auzipetuak, eta haien artean ziren Jon Etxabe, Itziar Aizpurua eta Antton Karrera. Frankismoaren aurkako epaiketa bihurtu zen, ordea, Euskal Herriari egin nahi ziotena. Sarri aipatu izan den ideia da hori, eta hala baieztatu zuten garai hartan protagonista izan zirenenek ere. Atzo Donostian elkartu ziren aipatutako hiruak eta Burgosko prozesuan abokatu aritutako Miguel Castells, Euskal Memoria fundazioak eta Goldatu elkarteak antolatutako ekitaldian. Txiki geratu zen aretoa.

Francoren diktadura garaiko euskal preso eta errepresaliatuak biltzen dituen Goldatu elkarteko Josu Ibargutxik azaldu zuenez, «inpunitate osoa» izan zuten aparatu frankista guztiek «trantsizioaren asmakizunarekin». Inpunitate lege bat izan zen, berrogei urtetako basakeriak epaitzeko zirrikiturik utzi ez zuena. Orain, Argentinan ireki dute bidea, eta zirrikitu hori aprobetxatu nahi dute Euskal Herriko talde memorialista gehienak biltzen dituen plataformatik. Lan horretan ari da, besteak beste, Euskal Memoria fundazioa ere: euskal memoria jaso eta zabaltzen. «Gure bertsioa behar dugu, gaizki egindakoaz ikasi eta etorkizuna gure historiaren gainean eraikitzeko», azaldu zuen Iñaki Egañak. Izan ere, bere esanetan, «garairik garai askatasunaren alde borrokatu zirenei esker» heltzen dira gaur egungoa bezalako egoerak, «aukera historikoak». Burgosko epaituak ziren borrokalari horietako batzuk: Euskal Herriaren «izar koadrila», Egañaren hitzetan.

Memoria bizia

Detaile guztiekin gogoratzen ditu Castellsek epaia jakin zutenekoak. Hilaren 28an eman zuten epaia, arratsaldeko lauetan. «Logika frankista guztia zeukan», dio. Izan ere, lehen ere izan ziren heriotza zigorrarekin amaitu ziren epaiketak, eta Burgoskoarekin, frankismoaren haustura bilatzen zutenei lezio bat eman nahi zieten: «Hori zen frankismoak arazoei aurre egiteko zuen modua: jendea fusilatzea». «Trenen arteko talka» gertatu zen, ordea. Auzipetuek defentsari buruzko erabakiak eurek hartuko zituztela jarri zieten baldintzatzat abokatuei. Izan ere, etengabea izan zen epaitegiko eta kaleko borrokaren arteko harremana. heriotza zigor bikoitza zuela jakitean Jokin Gorostidi auzipetuak esandakoak erakusten du Castellsek kontatzen duenaren neurria: «Hau da izan genezaken oparirik onena: azkenean kendu du mozorroa faxismoak».

Gorostidiren bikote eta auzipetu zen Aizpuruak mugarritzat du Burgosko epaiketa. bere arabera, garai hartako estrategiaren ikur izan zelako eta garrantzia handiko erantzuna izan zuelako. «Euskal gazteriak beldurra galdu zuen», nabarmendu zuen. Hiru arrazoi aipatu zituen frankisten «porrota» azaltzeko: auzipetuen prestasun osoa, Euskal Herriaren inplikazioa eta nazioarteko elkartasuna. «Euskal Herriak irabazi egin zuen, eta eutsi egin zion bai frankismoari, baita erreformari ere. Orain du aukera berriz irabazteko», bukatu zuen.

Beste hari mutur bati heldu zion Etxabek: apaiza zen garai hartan, eta hala aurkeztu zen epaiketara ere, nahiz eta ordurako ez zen elizkide sentitzen. «Apaiz konbentzitua nintzen ETAn aritu nintzenean, eta hala aurkeztu nahi nuen», azaldu zuen. Izan ere, jarduera armatuaren eta kristautasunaren printzipioen arteko kontraesanez pentsarazi nahi zion jendeari. «Ez nuen lortu nire ustez, eta egun hor dago eztabaida». Hala ere, berak nahik argi du ondorioa: «Jainkoak eta erlijioak ezin dute herria baten borroka oztopatu».

Aurrekoek bezala, kaleko mobilizazioaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen Karrerak ere. «Prozesuaren edukia» kaleratu nahi zuten, Euskal Herrian bor-borka zeuden hainbat gairena: hizkuntzarena, langile mugimenduarena... «Kaleko berri bagenuen, eta hori indartzea nahi genuen. Hori zen gure oxigenoa», dio. Kaleko mugimenduari, eta zehazki, indar handia hartu zuen greba orokorrari kalteri ez egiteko erabaki zuten epaiketaren haustea ere, zazpigarren egunean: «Izugarrizko inpaktua izan zuen hark». Kaleko mobilizazio batean hil zuten Roberto Perez Jauregi ere, Eibarren. Haren anaia Jorge ere izan zen ekitaldian, eta anaia hil zion polizia zein zen jakitea lortu zutela ere kontatu zuena -Jose Ramon Sanchez Pizarro delako bat-. «Ohore handia da borroka horren parte izatea. Borrokak merezi du», bukatu zuen, txalo artean.
 

Publizitatea

Politika saileko albiste gehiago

Gogoa egituratuz

Podemos Hego Euskal Herrian ere egituratuz doa. 49 hiri herri kontseilu eratu ditu, eta urtarrilaren hasierarako izango dira haietako zuzendaritzak. Oraingoz, batik bat, «aldaketarako» nahia dute garbien.

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak