Noiz sortua: 2011-07-14 00:30:00

Gidoia berridatziko dute

Arte eszenikoetako profesionalek P6 gunea sortu eta kudeatuko dute Bilboko ZAWPen, lanak erakusteko aukera gehiago izateko

Diru laguntzen sistemaren morrontzatik aparteko emanaldiak ahalbidetuko ditu
Zorrotzaurre Art Working Progress gunearen espazio bat bereganatuko du P6 Pabellon Seis proiektuak.
Zorrotzaurre Art Working Progress gunearen espazio bat bereganatuko du P6 Pabellon Seis proiektuak. BERRIA

Irune Berro -

2011ko uztailak 14

Antzokirik gabeko antzezle gisa aurkeztu izan dute beren burua hainbatean, sektoreak nozitzen duen premia larriaz ohartarazi nahian. Gidoia aldatzea deliberatu dute, baina. Ekimena hartu, eta antzokia haiek zabaltzea. Hots, P6 Pabellon Seis proiektuari ekitea. Antzerki zein dantza lanak plazaratzeko gunea atontzea eta kudeatzea, alegia.

Sektore osoaren gabezia denez gero, sektoreko esparru askotako profesionalak bildu dira P6 sortzeko eta martxan jartzeko talde eragilean. Soslai arras diferentetako hamahiru sortzaile dira: Ander Lipus, Blanca Arrieta, Borja Ruiz, Irene Bau, Jose Urrejola, Jose Ibarrola, Josu Montero, Matxalen Bilbao, Nagore Navarro, Nuria M. Cres, Pako Revueltas, Patxo Telleria eta Ramon Barea. Erlojupean ari dira lanean, Bilboko Aste Nagusian irekitzeko asmoa baitute. ZAWP Zorrotzaurre Art Working Progress gunearen barruan dago P6, Bilboko Deustuko Erribera auzunean. 750 metro koadro dauzka. 300 bat lagunentzako tokia. «Eta aukera ugari».

Ramon Barea P6ren sustatzaileetako batek azaldu duenez, aktore zein dantzariak «umezurtz» egon dira urte askoan, antzoki edota produkzio gune zehatz batekin inongo loturarik izan ez dutela, ez afektiborik ez komertzialik. «Ez gara izan antzoki bateko edo besteko, unean uneko interesen arabera kontratatzeko materia baizik». Eta aktoreek zein dantzariek eta, oro har, konpainiek duintasunez lan eta bizi behar badute, beren lanak plazaratzeko aukera izan behar dutela dio Bareak. Oinarrizko beharrizan horri erantzuteko zabalduko dute P6. Eta Euskal Herriaren luze zabalean ekoitzitako lanak eskainiko dituzte. «Esaterako, Gasteizko talde askok ezin izan dituzte beren lanak Bilbon eman, eta zer esanik ez Ipar Euskal Herrikoek». Bareak nabarmendu du herrialde guztietako obrak erakusteko gunea izango dela P6. «Ikuspegi integrala izango dugu».

Ez da sorkuntzarako tokia izango, erakusteko plaza baizik. Egitarau finkoa izango du. Eta oroz gain Euskal Herriko ekoizpenei emango zaie lehentasuna. Hau da, lan gehientsuenak hemengo talde edo sortzaileenak izango dira. «%80tik gora».

Lanak ez dituzte behin edo bitan soilik eskainiko. «Astebetez edo denbora gehiagoz egotea nahi dugu. Antzokietan egun gutxitan egoten dira, errentagarritasunari begiratzen diotelako, ez dutelako txarteldegia beste egun batez arriskatu nahi. Baina erabaki horiek hartzean ez dituzte kontuan izaten ikusleak, eta astegun batez obra ikusteko aukera ba ote duten», azaldu du Bareak.

Halaber, euskal konpainien errepertorioa ere berreskuratu nahi dute P6 gunean. Ez da izango soilik lan berriak, azken-azkenak emateko gunea. Diotenez, konpainiek Administrazioak ezarritako diru laguntzen sistemaren mende jardun behar izan dute urte askoan. «Eta esku artean zeuzkaten lanak utzi, eta obra berria sortu behar izan dute askotan, diru laguntza jaso eta bizirik iraun ahal izateko. Horrek eragin du benetan onak ziren lan asko galtzea. Oso emanaldi gutxiren buruan konpainiak beste bati ekin behar izatea, diru laguntzen sistemak behartuta». Horrenbestez, obra gogoangarri ugari izango dira P6n, askoren gogoko izandakoak edo plazan izateko aukera urriak izan zituztenak.

Bazkideak lortzeko kanpaina

Hori guztiori egia bihurtzeko, P6ren bazkide sortzaile izateko kanpaina abiatu zuten duela aste batzuk, «eta espero baino harrera hobea izan du», Bareak esan duenez. 150 euroan jarri dituzte salgai P6ren akzioak, eta dagoeneko 200 bazkidera iristekotan dira. «Pozgarria da ikustea sektoretik kanpoko jendeak nola babesten gaituen». Bareak dioenez, P6ren bitartez sortzaileen interesak ez ezik ikusleenak ere defenditu nahi dituzte. «Azken urteetan txarteldegitik pasatzeko eta ordaintzeko eskubidea baino ez zaie aitortu». Eta aktorea ziur da ikusleek ere badutela zer esana eta zer erabakia.

P6ren eguneroko martxa eta egitaraua taldea osatzen dutenek kudeatuko dute, hasieran behintzat. Baina Bareak ziurtatu du toki irekia izango dela eta bazkide arruntek ere iritzia eman ahal izango dutela. Izan ere, bazkide sortzaileak izango ez diren bestelako bazkideak ere lortu gura dituzte. «Kopuru txiki baten truke, P6ko jarleku bat sinbolikoki erostea eskatuko diegu. Berez ez dute zertan lan guztiak ikustera etorri. Proiektuari ematen dioten laguntza gisa planteatu, eta ondo datorkienean eta obrak bereziki atentzioa ematen dienean etorri». Sarean jarri duten atarian, www.pabellon6.org helbidean eskura daitezke akzioak, proiektuaren nondik norakoak sakonago ezagutzearekin batera.

Marijaiaren etorrerarekin batera altxatu nahi dute P6ko oihala, eta Aste Nagusian egin irekiera ofiziala. Gorputz eta arima ari dira lanean, ordurako dena prest edukitzeko. Ez dute aurreratu gura izan zein lanekin inauguratuko duten P6, baina aste horretan «estilo desberdineko lanak eta bat baino gehiago» emango dituztela iragarri du Bareak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 2an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bi lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta lau gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.406 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.068 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bilboko errepideak konfinamendua hasi berritan. ©Marisol Ramirez / Foku

Nafarroako Gobernuak udako herri bestak bertan beheiti uzteko gomendatu du

Berria

Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak nabarmendu du herri bestetan zaila dela segurtasun eta osasun neurriak betetzea. Hala, halakoetan birusa zabaltzeko arriskua ikusita, bestak bertan beheiti uzteko gomendioa egin du gobernuak. 

Gallartako agerraldiaren irudia, Josu Erkorekaren Twitter kontuan agertua ©@Jerkoreka

Urkulluk Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Frantziari eta Espainiari

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak espero du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatuko direla astelehenetik aurrera. Salvador Illak aurreratu du hirugarren fasean ezingo dela erkidego batetik bertzera mugitu. 

Adegiko zuzendaritzako kideak, gaurko agerraldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Adegi bat dator ELArekin erregulazioan daudenen soldata osatzeko

Xabier Martin

Osatze horiek egin ahal izateko finantzaketa, ordea, ez du nahi "bakarrik enpresaren bizkar uztea". Ekonomia %7 eta %10 artean uzkurtuko dela aurreikusi du Gipuzkoako patronalak, eta azken bi urteetan sortu diren 12.000 enpleguak galdu egingo direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna