Berria.eus

Mundua «Amerikarren eta irandarren morroiak ditugu jomugan»

Publizitatea

Mundua

Irakeko okupazioaren ondorena (eta V). Erresistentzia. 1920ko Iraultzaren Brigada talde armatuko komandanteburua

«Amerikarren eta irandarren morroiak ditugu jomugan»

AEBetako tropak abenduan erretiratu arren, herrialdea oraindik okupaziopean ikusten dute batzuek. Irakeko erresistentzia sunitaren klabe nagusiak jaso ditu BERRIAk, esklusiban.

2012-04-10 / Karlos Zurutuza - Berriemaile berezia

Bagdaden dago hitzordua jarrita: tokia eta ordua «azken unean» zehaztuko dira. Gizonak esan du Saad duela izena, eta berehala hainbat dokumentu eskura jarri ditu. Zerrendak dira, egungo Irakeko aginte postuetako izenak daude han. «Denak xiitak dira. Apenas dagoen sunita bat ere Irakeko administrazioan, eta are gutxiago segurtasun indarretan». Bere brigadaren helburuak ote? Luze erantzuteko parada izan du.

Nola dago antolatua erresistentzia sunita gaurko Iraken?

Inbasioaren eraginez, talde armatu asko sortu eta elkartu ziren. Mugimendu erlijiosoak daude, Ansar al-Sunna edo gurea kasu, bai eta sekularrak diren beste batzuk ere. 1920ko Iraultzaren Brigada eta beste hamabi talde, JAF Jihad eta Aldaketarako Frontea izeneko erakunde baten barruan gaude. Zelula bakunetan antolatzen gara, kanpoko infiltrazioak saihestearren. Argitu nahi nuke JAF erakundeak hamahiru talde biltzen dituela, baina ez Al-Qaedako kiderik. Azken horiek euren agenda propioa dute, eta ez daukagu inolako zerikusirik edo harremanik haiekin. Armak direla eta, lehenagoko erregimeneko kuartel eta biltegitik atera genituen, inbasioa hasi bezain laster. Gobernuaren menpeko komunikabideek Al-Qaedako kideak garela diote behin eta berriz, edo Baath alderdikoak. Baina, lehen esan dudan bezala, okupazioaren kontra borrokatu garen jendea baino ez gara gu.

Baath alderdiko kide ohiak ere JAF barruan al daude? Zein da haien benetako ahalmena?

Ez daude JAFen barruan. Nik dakidala, baathistek unitate bakarra daukate, eta eremu gutxitan dira erasotzeko gai.

1920ko Iraultzaren Brigadako komandantea zara. Nortzuk zarete zuek?

Amerikarrak sartu baino lehen sortu genuen 1920ko Iraultzaren Brigada, berehala jabetu baikinen inbasio bat izango genuela laster. Izan ere, antolatu zen lehen taldea izan ginen. Gure lehen ekintza 2003ko maiatzaren 20an egin genuen, amerikar ibilgailu baten kontra, Mosulen. Antzekoa izan zen gure azken operazioa, iragan abenduan, Bagdad iparraldeko amerikarren Baker basearen kontra. JAFeko beste kide batzuek martxoaren 27an jo zuten Bagdadeko aireportua, Katyusha jaurtigailuekin. Egun, gure brigada herrialdearen bi herenetan ekintzak egiteko gai da, gure komandanteen aginduetara edozein momentutan erasotzeko.

Amerikarrek iragan abenduan alde egin izanak ez al zion bukaera eman okupazioari?

Alemaniak Frantzia inbaditu zuenean Bigarren Mundu Gerran, Vichyko gobernu txotxongiloa utzi zuen atzean. Frantziako erresistentziak haren kontra borrokatzen jarraitu zuen eta, funtsean, gauza bera egiten ari gara gu. Amerikarren kontra borrokatu ginen gure herrialdea inbaditu zutenean, eta haiek utzitako gobernu kolaboratzailearen kontra orain. Halaber, Iraken Irango esku hartzea errazten duen oro gure etsaia da. Bagdadeko segurtasun indarrak eta haien agintariak, mertzenarioak, xiita miliziak… Amerikarren eta irandarren morroiak ditugu jomugan.

Gerran hildako eta zauritutako amerikarren benetako datuak jakiteke daude oraindik. Zeintzuk dira zuenak?

Argitu nahi dugu amerikarrek emandako datuak ez direla errealak. 40.000 soldadu baino gehiago hil dira Iraken, eta 250.000 zauriturik atera dira.

Sunitok diskriminazioa pairatzen ari zaretela diozue, «Iranek kontrolatutako alderdi politikoen esku». Azalduko zenuke baieztapen hori?

Irakeko sunitok boteretik erabat baztertu gaituzte xiitek, eta ia ez daukagu ordezkaririk instituzioetan. Esaterako, Barne Ministerioan %3 baino ez dira sunitak, eta %9 Defentsa Ministerioan… Segurtasuna kudeatzen duten bederatzi departamentuetan xiitak dira buruzagi guztiak. Egungo komandante asko Saddam Husseinekin ere maila goreneko ofizialak ziren; xiitek postuak mantendu dituzte, baina ez sunitek. Aldi berean, Polizia Federalaren entrenamenduaren %80 Iranen egiten dute eta Iran-Irak gerran parte hartutako 150 pilotu entregatu dizkio Bagdadek Teherani berriki. Ez dakigu ezer horietaz.

Gizarte zibilaren egoera ez da hobea. Egun, 300.000 preso sunita daude Iraken, gehienak errugabeak. Aldi berean, ohikoak dira suniten kontrako exekuzioak. Haietako askori aitorpen faltsuak atera dizkiote torturen bidez.

Xiitek herritarren %60 osatzen omen dute. Errealista al da guztiz armatutako gehiengo bati aurre egitea?

Hain justu, amerikarrek zabaldu zituzten populazioari buruzko datu faltsu horiek, eta, jakina, Iranek hobetsi egin du bertsio hori. Edonola ere, badago modu erraz eta fidagarriagoa egiazko zenbakiak jakiteko. Blokeoaren garaiko janari kupoiak zenbatzea besterik ez da behar, haietako bakoitzak bere jabearen etnia edota erlijioa jasotzen baitu. Aldi berean, ez ahaztu kurdu gehienak sunitak direla, baita turkomanoak ere. Gobernuak ederki asko daki hori, eta Irango jatorria duten askori Irakeko pasaportea ere eman die.

1920ko Brigadako ustezko hainbat kidek amerikarrekin bat egin zuten 2007an, Al-Qaedaren kontra borrokatzeko. Nola uler daiteke hori?

Diyala eskualdean, gure hainbat kide ohiek amerikarrekin bat egin zuten Al-Qaedaren kontra borrokatzeko, baina Hamas Iraq izeneko erakunde bat eratua zuten jada. Gauza jakina da sunita gerlari ugari Sahwan sartu zirela —gobernuaren aldeko talde paramilitarra—, baina gutako inork ez du inoiz bat egin, ez inbaditzaileekin, ezta atzean utzitako gobernu txotxongiloarekin ere.

Beraz, Sahwako kideak ere zuen jomugan al daude egun?

Haietako bi mota daude: soldata batengatik sartu zirenak eta erresistentziaren kontra sutsu borrokatu direnak. Lehenengoei armak bertan behera uzteko eta gurekin bat egiteko eskatu nahi diegu. Besteei zera esan nahi diegu: merezi duten zigorra aurki jasoko dutela.

Sirian ere ari al zarete borrokatzen?

Nahiago dut ezer ez esan gai horren inguruan.

Irakeko Gobernua behin eta berriz esaten ari da borrokalari sunitekin bidean dela jada senidetze prozesua, amerikarrek alde egin ostean. Egia al da?

Inola ere ez. Nola liteke lehenago eman dizkizudan bazterketari buruzko datu horiekin guztiekin? Nola senidetu erabat baztertzen gaituen sistema batekin? Tokirik al dago guretzat estatu horretan?

Nazioarteko komunitateari mezurik helarazi nahi al zenioke?

Munduak jakin beharko luke gure jendea akabatzen ari den jendearen eskuetan dagoela Irak. Gure herrialdea hondakinetan dago. Gerrak milioi eta erdi hildako eragin ditu, milioi bat alargun eta lau milioi umezurtz. Egoera honen errudunen erantzukizuna da herrialdea berreraikitzea. Inork ez dezala inoiz ahaztu gezur batean sustraitutako inbasio basatia eta arrazoigabea pairatu dugula irakiarrok: Iraken suntsipen handiko armak zeudela zioen gezurrean.