Albistea entzun

Erb Nom. Artista

«Ez dut edertasuna lortu nahi, jendearen erreakzioa baizik»

Jendearen erantzuna interesatzen zaiola dio Erb Nom artista brasildarrak, eta horregatik jo du muralgintzara azkenaldian, eta horregatik txertatzen ditu euskarazko esaldiak bere lanetan: «Hizkuntza politizatuta dago, eta efektu interesgarria sortzen du».
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko maiatzak 24 - Bilbo

Bidaiarako maleta gurpildun handi bat darama arrastaka maldan gora, spray poteen hotsa entzuten da barrutik jauzitxo bakoitzean, eta pintura markak ageri ditu praketan. Brasilen jaio zen Erb Nom, baina urteak daramatza nomada, eta Euskal Herrian eman ditu hilabete batzuk. Ez du benetako izenik eman nahi, eta aurrez izan dituen beste ezizenen pistarik ere ez. «Izan dudan bizitzak ez dit utzi kasik naziotasunik izaten ere. Sustrairik gabe nator». Gurpildun bera ere. Kasik diziplina guztiak landu ditu, baina muralgintzarekin dabil aspaldi. Eta euskararik ez jakin arren, euskarazko esaldiak txertatu ditu bere azken kutsu tribaleko margolan koloristetan. Harkaitz Canoren testu batekin aritu zen Eibarren Txonta auzoko industrialde abandonatuak margotzen, eta Sevillara, Kordobara eta Bartzelonara ere eraman ditu euskarazko muralak. Orain Bilbon dabil, Etxegabe taberna margotzen. Kolore nahaspila abstraktu bilakatu ditu hormak. Euskarazko mezua erdi-ezkutuan: Ongi etorri, eta hobeto joan.

Brasilen jaio zinen, nola hasi zinen zure lanetan euskara sartzen?

Jendeak galdua du ezezagun zaiona baloratzeko gaitasuna, baina deskutsatze guneak beharrezkoak dira zureaz bestelakoak diren gauzak ulertzeko. Hizkuntza beti politikarekin lotuta dago, eta horregatik interesgarria da euskarazko muralek sortzen duten efektua. Sevillan 15 metroko luzera duen horma bat marraztu eta erreakzio bat gertatzen da. Nik nire lanean ez dut lortu nahi edertasuna, baizik eta erreakzioa. Oso dibertigarria da euskararekin lan egitea horregatik; erreakzioa sortzen du. Jendeak idatzi dit galdetuz zer hizkuntza ote zen. Euskal Herriarekin egunkarietan esaten denaz bestelako harremana sortzeko aukera ematen diote jendeari mural horiek. Aurrerantzean ere erabili nahi dut euskara.

Eibarren Harkaitz Canok idatzitako testuekin egin dituzu muralak fabrika abandonatuetan.

Ez naiz agian egokiena halakoak esateko, baina iruditzen zait egongelan dagoela elefantea hemen, eta inork ez duela ikusi nahi. Fabrikak margotzen hasita, ohartzen zara hemen gorpu piloa dagoela. Erdi-tabua dirudi desindustrializazioaren gaiak. Eta Txonta auzoa beste hainbat guneren parekoa da horretan. Pintura eta idazketa azaleko zerbait baino ez dira han. Auzotarrak elkarren artean, eta auzotarrak eta udala elkarrizketan jarri izana da benetako lorpena. Aitzakia da halakoetan arte eta literatur sorkuntza.

Edertasuna lortu beharrean, erreakzioa lortzen duzula diozu. Horregatik zabiltza muralgintzan orain?

Bai. Edertasunarekin egin nuen lan urte luzez. Oso gauza teknikoak margotzen nituen. Erotikoegia zen dena. Galeria garrantzitsuetan egin nituen erakusketak, baina ezein galeriatan baino ikusle gehiago ditu beti mural batek kalean, eta, gainera, jendea zintzoa da. Artearen oso ikuspegi idealizatua dugu, baina benetan oso jende gutxik du artearekiko sentsibilitatea. Jende gehienak betiko galderarekin jotzen du artearen atea: badago bizitzarik bizitzaren ostean? Jendea bere egunerokotik aterako duen zerbait horren bila doa artera. Maiz arteak intentzio erotikoa izaten du, eta asmo horrek itsutu egiten gaitu. Nire asmoa orain da teknikoki oso lan landua egitea, baina oso modu soilean aurkeztea. Primitiboa eta futurista uztartzea.

Lehenengoz Bilbora etorri zinenean kosta egin omen zitzaizun kartelak jartzeko hormarik aurkitzea.

Kalean lan egiteko gogoz nengoen, baina hona heldu eta ohartu nintzen ezin zela kartelik inon jarri. Tabernetan jarri nituen horregatik. Kartelek mezu ezkutua zutela zirudien, eta sarean foroak ere sortu ziren haien esanahia argitzeko. Errumaniar lapur talde baten markak zirela esan zuten!

Ohiko kartelgintzaren negatiboa da zure lana. Ohiko karteletan testua da klabea, baina zure lanetan kasik ikusezinak dira esaldiak.

Hutsuneari beldur handia diogu. Ahorik, begirik eta sudurrik ez duenak, identifikatu ezin dugunak izua sortzen digu. Jendeak beldurra dio ezagutzen ez duenari, eta etengabe erretorikara jotzera darama horrek. Jendeak topo egiten du irudi abstraktu horiekin, eta pasa daiteke ukapenetik onarpenera. Hartu-emana sortzen du horrek. Erreakzioa. Euskadin lehen aldiz ezagutu nuen antzinako zena eta modernoa dena hala uztartzen duen leku bat. Oso gizarte garaikidea da hau, baina oso oinarri sustraitukoa. Nik asko konplikatzen nuen neure burua lehen, baina komunikazioa da klabea. Eta nik hori sendagaien bidez jakin nuen. Ongi zihoakidan lana, baina kolpez ohartu nintzen dirudunez betetako galeria batean nengoela, eta ez nuela hori nahi. Horrekin apurtu eta esperimentuak egiten hasi nintzen. Esaterako, peiotea hartu eta basoan bi ordu ematen nituen biluzik gauez ilunpetan galduta. Kontzientziaren eraldaketarekin esperimentatzea zen asmoa. Dena aldatzen da halakoetan. Ez dago leihotxorik, ez dago etxetxorik, ez dago hodeitxorik... Hutsunea soilik. Orduan desegiten da zure egoa, eta hasten zara gauza asko ulertzen. Hor heldu zen aldaketa. Aurpegi bat zehatz-mehatz erreproduzitzea da xedea, edo bestearekin hitz egitea? Nik nahiago dut komunikazioa, eta horregatik jo dut hizkuntza horietara. Horregatik abstrakzioarena. Errealitatea beste ikuspegi batetik ikusteko saioa da.

Uztailean, beste hainbat artistarekin itsasontzi batean Mediterraneoan izango zara, hiriz hiri. Nomadismoa halabeharrezkoa da zuretzat ala hautu bat da?

Bidaian jaio nintzen. Nahiko nomada da nire familia. Datorren urtean, bost hilabetez egon nahi nuke nonbait geldi. Zerbait landatu. Oso gogorra da beti heltzen eta joaten aritzea. Oso erromantikoa da, baina gogorra. Ez duzu heldulekurik. Nomadismoak laguntzen dizu errealitate asko daudela ulertzen. Nire bizitzak ez zidan utzi kasik nazionalitaterik izaten. Sustrairik gabe nator. Baina nomada izanik, ohartzen zara badaudela oso sustraituriko lekuak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost puntuko aldearekin

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...