Diedrich Diederichsen. Kultur kritikaria

«Norbaitek jaitsiko al dio bolumena gure egoari, mesedez?»

Musikaren eta artearen pentsalari garaikiderik nabarmenetakoa. Kritikari eta kritiko. Idazle eta kazetari. Alemaniarra. Donostiako Artelekun izan da egunotan, musikaren, soinu ekoizpenaren, entzuleen eta kritikaren beharraren inguruan hitz egiten.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Xabier Erkizia -

2013ko maiatzak 17

«Pornografia eta pop musika lehengusuak dira. Biek sortzen dituzte amodioaren antzeko sentimenduak, prozesatzen nekeza den abiaduraz eta bat-batekotasunez. Horregatik eragiten dituzte zorion sentipen bereziki hutsalak, berdin musika fan edo idi jotzaileen artean». Gure kultur iruditeria ulertzeko musikak ezinbesteko garrantzia duela sinetsita idazten duela nabari zaio Diedrich Diederichsen kultur kritikariari (Hanburgo, 1957). Garai bateko singleen B aldeek musikaren historia ofiziala berridazteko moduak eskaintzen dituzten bezala, Diederichsenek musika mugimenduek eragindako zurrunbiloen hondakinak arakatzen ditu, gure errealitatearekiko ikuspegi kritikoak eraikitzeko lagungarri zaizkigun arrastoen bila. Eta ahalegin horretan, maila berean aztertzen ditu Britney Spears, Madonna, Quentin Tarantino, Sonic Youth, Throbbing Gristle, soinu artea, iPoda eta Benjamin eta Adorno gisako teorikoen diskurtsoen arteko loturak. Eta, batez ere, hausnarketaren bidez musika egiteaz edo entzule izateaz era kritikoan pentsatzera bultzatzen gaitu.

John Oswald artistak esaten du entzuten dugun musika gehiena entzutea eskatu ez dugun musika dela.

Itsaso bazterrean paseatzen nabilenean ere ez dut eskatzen olatuak entzutea, eta ez dut arazorik naturarekin dudan erlazioaren errealitate hori onartzeko. Baina jada ez gara naturan eta naturarekin bizi. Arazoa, beraz, beste bat da, kulturala da. Erlazio sozial txarrek soinu zatarrak sortzen dituzte. Eta horri erreparatu beharrean, momentu honetan gure kezka nagusia gehiegizko aukera da. Imajina dezagun momentu batez hiriek gure gustuko soinuak soilik egiten dituztela. Beldurgarria litzateke! Ba, laster, gure bilduma pertsonaleko soinu edo musika gogokoenak aukeratu eta hiriari jarriko dizkion aplikazio bat eramango dugu gurekin. Norbaitek jaitsiko al dio bolumena gure egoari, mesedez?

Orduan, musika gehiegi izatea ez da arazoa?

Ilusionismoa sortzeko gaitasuna ez da jada ikusizko artearen erantzukizuna. Orain, publizitatea eta bideo jokoak daude horretarako. Eta soinuari ere laster iritsiko zaio egoera horri aurre egiteko momentua. Gaur egun, esaterako, soinu diseinuaren inguruko ikerketarik garrantzitsuenak autogintzaren industrian egiten dira, eta musika, artearen ikuspegitik, behintzat, ezingo da diseinuaren industriarekin lehiatu. Laster, zure autoko atea ixtea gitarra batekin akorde bat egitea bezalakoa izango da. Eta hori da kezkagarriena. Orain gutxi arte, entzuleok eraikitzen genuen gure gustuko musikarekiko edo soinuarekiko harremana, guk nahi bezala, gure erabakien bidez, nahi genituen loturak eginez eta deseginez. Aspaldi honetan, ordea, dena prefabrikatuta dator. Kontrakoa dirudien arren, gero eta aukera gutxiago dugu.

Beraz, zein egiteko izan behar luke musika kritikariak?

Musika bati buruz jaso behar dudan informazioa nork, non edo nola grabatu duen bada, ez dut pertsona bat behar horretarako. Informazio hori algoritmo batek edo makina batek konta diezadake. Kritika iritziak jasotzeko behar dut. Akaso norbaitek pentsatuko du kritikoki idazteak edo soilik musikari buruz idazteak esan nahi duela jarrera autoritario bat hartzea, baina ez da hala. Autoritarioa da datu guztiak zentzu eta maila berean erabiltzea edo garrantzitsua ez den zer edo zer garrantzitsua dela esatea, ona edo txarra den zehaztu gabe. Baina iritzi bat ematen duen pertsona ez da, inondik ere, autoritarioa. Jakina, zu konbentzitzen saiatuko da; hizketan ari zaizu, alegia, serio hartzen zaitu. Algoritmoek, aldiz, ez gaituzte serio hartzen.

Internetek eragindako musika kontsumitzeko ohitura berriek ba al dute horretan zerikusirik?

Esate baterako, uste dut MP3ak obsesiboki bildumatzea jarduera interesgarria izan daitekeela. Ez diot arazorik ikusten. Gehiago kezkatzen nau Shuffle, Random Genius eta halako aplikazio ezagunen atzean dabilenak. Funtzioa bera da: zuri hitz egiten dizun pertsona artifizial gisakoa bihurtzen da. Zure gustuko kantuak hartu, eta ausaz jartzen dizkizu, zure plazererako, inolako kritikarik sortzeko aukerarik izan gabe. Baina ezinezkoa da aukeraketa itxuraz inuzente horrek zentzurik ez sortzea; nahitaez, zentzua sortuko du. Alegia, aplikazio horiek inteligenteak izaten saiatzen dira, eta norberak gehien entzuten duen musikaren eta beste musiken arteko antzekotasunak bilatzen dituzte, baina, jakina, ez dute musikaren kalitatea edo musikak kontatzen duena aukeratzeko modurik. Oraindik ez dute kritikaren ideologiaren aplika- ziorik asmatu. Baina asmatuko balute, eta kantu bat aukeratzean horren atzean dagoen informazio ideologikoa irakurtzeko gai izango balira, beharbada orduan gure bizitzari benetan eragiteko moduak sortuko lituzkete.

Diskoa, orduan, nolabait erresistentzia gune bihurtu da?

Diskoak badu zerbait, esaterako, iraupenean, oraindik sakonki zentzuzkoa dena. Arkitektonikoki funtzionatzen duena. Adibidez, CDa merkaturatu zenean, pop musikak ez zuen jakin 70 minutuko iraupenera egokitzen. 40-45 minutuko disko onak egiten zituzten taldeek ez zuten asmatu 70 minutuko unitate onak egiten. Beraz, ez dakit zehazki antropologiarekin zerikusia ote duen, baina albumak, formatu gisa, bizirik iraun du. Berriki, Youtubekiko dugun jokabidea aztertzen ari diren ikerlariek ondorioztatu dute, bideoen iraupena edozein izanik ere, gure atentzioaren iraupenak ez duela lehen herena gainditzen. Eta jokaera hori ez da leku jakin batekoa; guztiz transkulturala, transnazionala da.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Inma Moro, Itziar Llanera eta Begoña Olaskoaga, Arrondegiko osasun etxean. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aztarnariak zaintzaile

Maite Asensio Lozano

Koronabirusean positibo eman dutenen gertuko kontaktuak bilatzea baino gehiago da aztarnari sistemako kideen lana: gaitzari eta bakartzeari buruzko informazioa emateaz edota zailtasunak dituztenen jarraipena egiteaz ere arduratzen dira.

PCR proba bat, Donostian. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Beste 855 positibo atzeman dituzte Hegoaldean

Uxue Rey Gorraiz

Inoiz baino PCR proba gehiago egin dituzte azken egunean: 14.298, zehazki. Horietatik 855 kasutan detektatu dute birusa. 337 Nafarroan detektatu dituzte. Aurreko egunean, laurehunetik gora izan ziren lurralde horretan, lehenbiziko aldiz.

Miren Basaras, EHUko COVID-19aren Zaintza Batzordeko arduraduna. ©EHU

EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun

Mikel O. Iribar

Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da. 

Susanna Paavilainen eta haren txakurra, Kossi, Helsinkiko aireportuan lanean, atzo. ©MAURI RATILAINEN / EFE

Koronabirusa atzemateko txakurrak erabiltzen hasi dira Finlandian

Edu Lartzanguren

Helsinkiko aireportuan hasi ziren lanean atzo animaliokin. Azterketen arabera, txakurrok kasuen ia %100 usaintzen dituzte, kutsaturiko pertsonak oraindik sintomarik garatu ez baditu ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna