Albistea entzun

Donostiako 60. Zinemaldia

Muguruzaren konspirazioa

Zuloak musika taldea dokumentalerako propio sortutako proiektua izan dela jakinarazi du Fermin Muguruzak

Zinemaldian aurkeztu ondoren, urriaren 5ean estreinatuko dute komertzialki
Eider Rodriguez, Arrate Rodriguez, Fermin Muguruza eta Zuloak taldeko kideak, atzo, Donostian.
Eider Rodriguez, Arrate Rodriguez, Fermin Muguruza eta Zuloak taldeko kideak, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Mikel Lizarralde -

2012ko irailak 23

Zer da benetakoa eta zer gezurra? Fikzioa noiz bilakatzen da errealitate? Dokumentalak egia islatu behar du? Edo sormenari, irudimenari, egin behar dio lekua? Galdera horiek guztiak eta beste hainbat egingo dizkio bere buruari Zuloak filma ikusten duenak. Fermin Muguruza zuzendariak, Eider Rodriguez gidoigileak eta beren lantalde osoak atzo gauerdian estreinatu zuten filma Zabaltegi-Bereziak atalaren barruan, baina horren aurretik pelikularen misterioa argitu zuten: dokumentala egiteko propio sortutako musika taldea da Zuloak. Ez orain arte esan den moduan, bizitza laburra izan zuen eta desagertu zen talde bat.

Checkpoint Rock eta Al Jazeera katearentzako dokumental sorta egin ostean, Muguruzari Euskal Herrian eta emakume musikariekin lan egiteko gogoa piztu zitzaion. Era berean, Jesus Garayren Mirant al cel Bartzelonako 1938ko bonbardaketen gaineko fikzioko dokumentalaren musika ere egin zuen duela lau urte. Eta «muga labainkor» horretan mugituko zen proiektua aurrera ateratzea bururatu zitzaion. Euskal Herrian, egiazko emakume musikariekin. Baina fikzio handi bati lekua eginez. «Azken batean, beste genero bat da hau. Edo anti-generoa. Eta horrek asko erakartzen ninduen. Mise en scène-ari garrantzia ematea, egia beti baita eraikuntza bat». Muguruzak Orson Wellesen F for Fake ekarri du gogora, baina baita Banskyren Exit Through the Gift Shop ere. Egiarekin eta gezurrarekin, dokumentalarekin eta fikzioarekin, jolasten diren filmak.

Zuloak-ek istorio luze eta korapilo askokoa du atzean. Duela bi urte, Miarritzeko FIPA jaialdian, Muguruzak proposamena egin zion Eider Rodriguezi: talde bat sortuko zuten, eta haren gaineko filma egin. «Nik ez nuen halako ezer espero», aitortu du Rodriguezek, baina egitasmoak bere interesa piztu zuen. «Baina biak, Fermin eta biok musika eszenatik urrunduta geunden, eta, ahizpa [Arrate Rodriguez] musikazale amorratua denez, harengana jo genuen».

Gorabehera ugariko bidea

Arrate Rodriguezen lana, hasiera batean, informatzailearena izan zen. Kontzertuzalea izanik «neska lotsagabe eta karismadunak» bilatu zituen hala zuzeneko emanaldietan nola Youtubeko bideoetan, baina berehala bilakatu zuten proiektuaren hari narratiboaren eramaile. Hain zuzen ere, Arrate fikzioaren gakoetako bat bihurtu zuten. Harena da, filmean, Andy Warholek The Velvet Underground taldearekin egin bezala, taldekideak elkartu, musika estiloa zehaztu eta estetika jakin bat aukeratzeko ardura.

Zailtasunak ez dira falta izan prozesu osoan. Izaskun Muruaga abeslariak (Lights of Eden taldean ibilitakoa) gogotsu ekin zion proiektuari, baina utzi egin behar izan zuen: «Ni oso lotsatia naiz», aitortu du Muruagak, «eta kamerarekin grabatzen zutenean oso urduri jartzen nintzen. Paniko eszenikoa daukat». Horren ondorioz, Muruagak utzi egin zion lekua Tania de Sousari —Las Putass del Mistolen ibilitakoa eta gaur egun The Dispositives taldeko kidea—. Ez zen, baina, gorabehera bakarra izan. Proiektua abian zela, Naiara Goikoetxea bateria jotzailea —Las Sfintters surf taldekoa— haurdun gelditu zen, eta hari ere ordezkoa bilatu behar izan diote: Uxua de la Fuente Ursula Strong. Errealitateak fikzioari gaina hartzen dionean. «Izaskunen kontuarekin, adibidez, asko sufritu genuen», aitortu du Muguruzak.

Filmak Zuloak taldearen ibilbidea kontatzen badu ere, beste musikari batzuk ere azaltzen dira beren esperientziak kontatzen: Anari, Aiora Renteria (Zea Mays), Ines Osinaga (Gose), Maite Arroitajauregi (Mursego), Afrika, Marieder Iriart (Sparteens). Baina kolaboratzaileen zerrenda amaigabea izan da. Esaterako, Bilboko Kafe Antzokian, Gasteizko Helldoradon, Hendaiako Kanttun eta Hondarribiako Psylociben ehunka lagun bildu behar izan zituzten, Zuloak taldeak egin zituen kontzertuak filmatzeko. «Konspirazioaren beste konplize batzuek» argazkiak egin eta Flickr-en jarri zituzten. Modu horretan, fikzioa osatuz joan ziren Muguruza eta Rodriguez ahizpak. Zuloak taldeari iragana ematen.

Zinema zuzendariak garbi du haien guztien konplizitatea ez ezik, «kazetariena» ere ezinbestekoa izan dela egitasmoak aurrera egin dezan. Maiatzaren 18an proiektua aurkeztu zuenetik igaro diren hilabeteetan inork ez du Zuloak-en atzean dagoen ezustekoa zapuztu. «Musika kazetari gehienek jakingo zuten ez zela Zuloak izeneko talderik, inoiz ez baita agertu, baina segitu dute jokoa».

Zinemalditik pasatu ondoren, urriaren 5ean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Madrilen eta Bartzelonan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Saltxitxa batzuen barrutik igaroko da erakusketako bisitaria. Barruko hormetako azukre kotoiek Glauze eta Kreonte irudikatzen dituzte. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Medearen ekintzak, enpatiaz

Amaia Igartua Aristondo

Antoni Hervasen 'Sausages' erakusketak Euripidesen 'Medea' tragedian pertsonaia mitologiko horrek duen bilakaera islatzen du. Okela sormen lantegian ikus daiteke, ostiralera bitarte

Katinka Bock artistaren piezetako bat, Artiumeko erakusketan. ©J. FONTANEDA / FOKU
'Nomadland' filmaren fotogrametako bat ©Berria

BAFTA sariak: ‘Nomadland’ nagusi, lau sarirekin

Berria

Film, zuzendaritza, emakumezko protagonista eta argazkilaritza onenen sariak jaso ditu Chloe Zhaoren filmak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.