Berria.eus

Iritzia Felipe X 'mitomanoa'

Publizitatea

Iritzia

Felipe X 'mitomanoa'

 

2012-05-09 / Xabier Makazaga - Estatu Terrorismoaren ikertzailea

Javier Ortiz kazetariak horrela deskribatu zuen Felipe Gonzalez: «Txunditzen nau bere gezur-ekoizpen ikaragarri eta amaigabeak. […] Hainbeste gezur esaten ditu, gezur-adiktoa bilakatu dela, eta batere beharrezko ez duenean ere gezurrak esaten ditu. Beharbada gezurretan aritzeak ematen dion plazer soilarengatik, edo agian kontrolaezina zaion joera gezurti patologikoa duelako».

X Jauna mitomano hutsa da, bai, eta hainbeste gezurren artean oso nabarmen uzten duten egia-erdi batzuk ere botatzen ditu, edo ihesten zaizkio. Adibidez, behin batean ETAko buruzagitza guztia leherrarazteko agindua emateko aukera izan zuela eta halakorik ez egitea erabaki zuela esatean, are nabarmenago utzi du bere burua gerra zikinaren arduradun gisa. Gaur egun inor gutxi ausartzen da hori ukatzera, baina, hala ere, espainiar (in)Justiziak ez du inoiz ezertxo ere egin bere kontra horregatik.

Follonero kazetari ezagunak gidatzen duen Salvados programan berriro ere El País egunkariko elkarrizketa zabal batean esan zuena berretsi du. Bertan zioen, duela urte dezente, ETAko buruzagitza non eta noiz biltzekoa zen jakin zutela, baina frantsesak orduan uko egiten ziotela haiek atxilotzeari. Ez omen zeuden prest halakorik egiteko. Horregatik, «une hartan aukera bakarra denak biltzekoak ziren etxea leherraraztea zen. Erabaki beharrekoa bai ala ez zen. Laburbilduz esango dut: EZ esan nuen». Hau da, buruzagitza guztiari ihes egiten utzi ziotela, eta hori zeharo sinestezina da.

Izan ere, Felipe X-k oso argi utzi zuen aipatu buruzagitza Bidarten atxilotu baina zerbait lehenago gertatu zela berak aipaturiko aukera hura («beharbada, 1990ean edo 1989an»), baina hori baino dezente lehenago izan balitz ere, ukaezina baita frantziar Poliziak, ETAko buruzagiak atxilotzeko prest egoteaz gain, mordoxka ederra atxilotu zituela garai hartan eta baita lehenago ere.

Adibidez, 1984 eta 1986 artean, GALekoek hainbeste hilketa egin zituzten garaian, ETAko ia arduradun nagusi guztiak atxilotu zituzten: Txomin Iturbe, Antxon Etxebeste, Azkoiti, Txikierdi, Mamarru, Peio Ansola, Juanra Aranburu… Eta espainiar agintariek, X Jauna buru zutela, GALosoen ekintzak bertan behera utzi zituztenean, Paris eta Madrilen arteko kolaborazioa arlo horretan handitu besterik ez zen egin.

Madrilekiko kolaborazio horren adibide argiena 1987ko urria hasieran eman zen. Bi mila bat poliziek 120 lagun atxilotu zituzten II. Mundu Gerraz geroztik exiliatuen kontra izandako operazio handienean. Gainera, erdia, 60, espainiar Polizia zein Guardia Zibilaren atzaparretan utzi zituzten eta haietako gehientsuenak tortura latzak jasan zituzten.

Zer esanik ez Madrilek eta Parisek ETAko buruzagitza guztia batera harrapatzea lehenesten zutela eta hala azaltzen da argi eta garbi J. M. Zuloaga kazetari ezagunak idatziriko El Azote de ETA liburuan zeina gerra zikinaren arduradun gorenetakoa izan zen Enrique Rodríguez Galindoren panegeriko garbia den.

Galindo bera izan zen nabarmen Guardia Zibila eta Poliziaren Merituaren dominak dituen Zuloagaren iturria, eta segurua da harexek esan ziola liburuan datorren guztia. Tartean, frantziar Polizia Judizialaren buruarekin elkartu zela ezkutuan 1990ean zera erabakitzeko: zeharo kontrolaturik zuten ETAko buruzagietako bati, Josu Arkauzi, «ihes» egiten uztea, atxilotu ordez. «Zuzendaritza guztia batera harrapatzeko elkarrekin aurrera zeramaten estrategiarentzat bere askatasuna oso komenigarria zelako» erabaki ere.

Beraz, itxura guztien arabera, benetan gertatu zena izan zen dilema hau planteatu ziotela X Jaunari: «zuzendaritza guztia batera lokalizatzen badugu, bi aukera izango ditugu, atxilotu ala leherrarazi». Eta bi kasutarako aldeko eta kontrako ondorioak agertu zizkioten, prest egon zedin erabakia hartzeko.

Aldeko ondorioei dagokienez, argi gera bedi, batetik, Felipe X-k gezurti doilor baten gisa jokatzen duela esatean ETAri burua moztuz «200 hildako gutxiago egongo ziratekeela», Bidart-en hori gertatu ondoren ez baitzen inondik inora halakorik gertatu, ezta urrundik ere. Eta, bestetik, badagoela nahikoa zantzu esateko hari mahai gainean benetan jarri zioten aukera ez zela izan berak aipaturikoa, ETAko buruzagien kontrako atentatu bat egitea, «denak biltzekoak ziren etxea leherraraziz» GAL edo beste edozein sigla erabiliz, baizik eta «istripu» bat eragitearena zeinetan haiek, eta gainerako biktimak, etakideek beraiek zituztela esango zuten leherkari batzuen erruz hilko ziren.

Horrela planteatuz, haiek leherraraztearen abantaila nabaria zen. Baina oso kontuan hartu beharrekoa da, halaber, antzeko ekintza bat egitea eta makillatzea ez zela batere erraza. Gaizki ateraz gero, frantziar Gobernuaren kolaborazioa arriskuan zegokeen zalantzarik gabe, hura oso leku txarrean utziko baitzuten. Horra X Jaunari planteatu zitzaion dilema eta horretan du ardatz seguruenik gaur egun manipulaturik kontatzen duenak.

Errealitatea da ETAko zuzendaritza osoa lokalizatu ahal izan zuten aldi bakarrean, Bidart-en, baldintzak ez zirela izan batere egokiak antzeko «istripu» bat antolatzeko. Egokiagoak izan balira, ordea, ezetz esango ote zuen haiek atxilotu ordez leherrarazteari? Hona ene iritzia: bere erabakia baldintza horiek zenbateraino egokiak zirenaren menpe egongo zen eta, edozein kasutan, arrazoi moralek ez zuketen inongo pisurik izango erabaki horretan. Felipe X amoral hutsa baita.

Bere eskala etikoan, interesatzen zaion egiaren parteak du soilik lekua eta interesatzen zaionean soilik. Eta espainiar (in)Justiziak ez du ezta egiaren parte hori ere ikertzen. Horregatik da hain beharrezkoa Egiaren Batzorde bat zeinak ikertuko dituen, batetik, X Jaunak botatzen dituen, edo ihesten zaizkion, egia-erdiak, eta, bestetik, bereziki bere ohiko gezur-parrastadaren atzean ezkutatzen den guztia.
 

Iritzia saileko albiste gehiago

Albiste nagusiak

Gehien irakurriak