Berria.eus

Iritzia AHTa da benetako atentatua

Publizitatea

Iritzia

AHTa da benetako atentatua

 

2013-11-27 / Mikel Alvarez, Ibon Garcia, Gorka Ovejero eta Julio Villanueva - Okzitaniako Tolosan AHTaren aurkako tartakadengatik epaitu berriak

Duela bi urte Okzitaniako Tolosan AHTaren aurka jaurtitako tartakada haien kontura gure aurka eginiko epaiketa-fartsa bukatu da. Zergatik epaiketa-fartsa? Auzibide baten inpartzialtasuna bermatzen duten tresna juridikorik gabe gelditu garelako: sendoki oinarritutako helegiteak baztertu dituzte, eta, azken unean, aurkeztutako lekukoak eta aditu-txostenak ukatu zaizkigu. Epaiketa ondoren, gure aurkako eskaerak 5 eta 6 urte eta hiru hilabeteren artean mantendu dituzte.

Epaiketaren oihartzunak isildu diren honetan, ekintza haren zergatiak aztertzea egokia izan daiteke. Izan ere, hedabide gehienen interesa ekintza haren ikusgarritasunak eragindako morboagatik izan da, eta ez benetako arrazoiengatik.

Hori dela eta, artikulua sinatzen dugunok, agintariaren aurkako atentatu larria egozten diguten hauek, eta berorren baimenaz, Herri jauna, gure aurka altxatutako akusazioak errefusatzen ditugu eta AHTko lanak bultzatzen dituzten Euskal Herriko agintariak, beharrezko kolaboratzaile gisa aritzen diren eraikuntza enpresak, zein lanak finantzatzen dituzten bankuak delitu hauengatik akusatzen ditugu:

Elikagaiak eta babesa eskaintzen dizkigun lurraren aurkako atentatu ekologiko larria eta itzulezina: lurraldea bi zatitan banatzen duen harresi efektua, elikagai burujabetza bermatzeko beharrezko ditugun milaka hektarearen deuseztapena, balio ekologiko handiko gune babestuen txikizioa, lur azpiko eta lur azaleko erreken aurkako kalteak uholde eta luizien arriskua areagotzen dutenak, milioika metro kubo lur tokiz aldatzeagatik eragindako paisaiaren erabateko itxuraldaketa, harrobien ugalketa, porlana eta zentral nuklear nahiz zentral termikoetatik eratorritako energia kontsumoaren gorakada itzela —kutsadura nahiz beroketa efektu larriak eragiten dituenak—, tentsio altu eta ertaineko autopista elektriko berrien eraikuntza eta abar.

Kaltetutako herrien aurkako eraso iraunkorra, soinu-inpaktu larria, etxebizitzen irtenaraztea, lurraldearen desegituraketa, egungo tren zerbitzu eta geltoki askoren desagerpena, metropolien hazkundea eta landa eremuen despopulatzea, azken horiek metropolien zerbitzura bihurtuak...

Ondasun publikoen arpilaketa, usurpatzea eta lapurreta, alferrikako azpiegitura elitista honen mesedetan populazioaren beharrak asetzeko guztiz beharrezkoak diren baliabideak xahutzeagatik, are gehiago krisi testuinguru honetan, non murrizketak, langabezia, lan prekarizazioa eta etxebizitza duinaren gabeziagatik pobrezia eta bazterketa soziala azken muturreraino igotzen ari diren. Horretaz gain, AHTa defizitarioa den heinean, datozen urteetan zor maila goratuko da, egungo egoera latza are latzago bihurtuko delarik. Hori guztia botere politiko eta ekonomikoaren goi arduradunen interesak asetzeko azpiegitura bat martxan jartzeagatik.

Indarraren erabilpena, herri honetan sekula egin den azpiegitura suntsitzaile eta garestiena inposatzeko, tresna hauek baliatuz: manipulazio politikoa, eztabaida sozialaren ukapena, erabaki eskubidearen galarazpena, aurkarien kriminalizazioa...

Dirua bidegabeki erabiltzea eta bereganatzea, lan esleiketan lagunen eraikuntza enpresetatik jasotzen dituzten eskupeko ez-legalengatik, Barcenas auzian argi gelditu den bezala.

Pertsona eta merkantzien etengabeko mugikortasuna bultzatzen duen bizimoduaren ezarpena: gero eta azkarrago, gero eta urrunago; hurbila urrunduz eta urruna hurbilduz, gaur egungo estresa eta antsietate eritasunak eragiten dituen abiadura eta presaren kultura sustatuz. AHTaren bidez, berdinzalekerian oinarritutako eredu ideologiko eta kulturala bultzatzen da, kontsumismoa, indibidualismoa eta elkartasunik eza bezalako balio Ā«modernoakĀ» ahalbidetuz.

Etorkizunik gabeko hazkundearen inposizioa: izan ere, AHTak, beste azpiegiturekin batera —plataforma logistikoak, autobideak, superportuak, aireportu handitzeak, energia zentralak...— lurra, herriak eta kulturak txikitzen dituen kapitalismo globalizatzailearen eredu desarrollista ezartzen laguntzen du.

Delitu zerrenda luze honen ondoren, Herri jauna, mota honetako auzibideak behar duen proportzionaltasun printzipioa aintzat hartuz, bakoitzak merezi duen zigorra berorren eskutik jaso dezagun. Eta berorrek merengea arma guztiz arriskutsutzat jotzen badu, delitu zerrenda amaigabe horren errudun horietako bat Tolosan merengez igurtzeagatik atentatu kalifikatzeraino, berorri aholku ematen diogu bere agindupeko polizia eta armada oro merengezko tartez horni ditzan eta bere lurraldeko arma lantegi guztiak gozotegi eta gozo-denda bihur ditzan.

Jaungoikoak berori urte luzez zain dezan.