Nazio-identitatea merke-zurrean

Joxe Manuel Odriozola - Euskaltzalea

2013ko abenduak 14
Atzo arte bere nazioaren independentziak askorik kezkatzen ez zuena gaur estatu burujabea aldarrikatzen ari da bere nazioarentzat. Azken aldi honetan, nolabait esate aldera, nazionalismo sozioekonomikoa boladan jarri zaigu. Eskoziakoa oso nabarmena da, baina Kataluniakoak ere badu ezaugarri hori. Nazio-identitatea merke-zurrean ote dago? Esate baterako, Irungo espainolari berdintsu ote zaio frantsesa izatea eta Hendaiako frantsesari espainiarra izatea estatus sozioekonomiko hobearen truke?

Badirudi nazio bateko ala besteko kide izatea eta bataren ala bestearen nazio-ezaugarriak partekatzea ez dela funtsezko kontua gure bizitzan. Baldintza sozioekonomikoek bizi omen gaituzte, gainerakoa ez bide da garrantzitsua. Gure bizi-maila hobea izango omen da orain arte mendean eduki gaituen estatuaren sistema ekonomikotik askatuta.

Ez nituzke independentziarako egon litezkeen motibazio sozioekonomikoak gutxietsi nahi. Dibortzioa nahi duenak gero babak eltzetik nola aterako dituen jakitea zentzuzkoa dirudi. Edonola ere, susmo bat daukat gai honetan: independentziarako motibo nagusia nazionalismo ekonomikoan ikusten duenak ez ote duen nazio-identitateak esan nahi duen eta ordezkatzen duen guztia gutxiesten. Alegia, atzo arte espainola nintzen neure bizitzaren identifikazio eta sozializazio gune nagusietan, baina, krisi eta estatu zapaltzailearekiko morrontza ekonomikoa tarteko, gaurtik aurrera katalana edo euskalduna izan nahi dut. Ez dut uste hori errealitatean posible denik. Formalki beharbada bai; bizitza errealean, ordea, ez.

Nazio-identitatearen kontzeptua itxuragabeki murrizten ez badugu behintzat, haren esku eta mendeko dauden identifikazio-faktoreen sisteman sozializatuta bizi gara gaurko nazioen munduan. Gainera, nazio-identitatea ez dago norberaren eskueran nahi duen nortasun nazionala aukeratu ahal izateko, adibidez, identitate erlijiosoa neurri batean egon litekeen moduan: alegia, fededun izan ala ez izan. Jaio garen lurralde estatalean hegemonikoak diren hizkuntza, kultura, historia, lurraldea, eta gainerako sozializazio-gune batzuk dauzkagu, eta neurri batean haien emaitza gara. Irunen jaiotzetik Hendaian jaiotzera aldea dago, aldea dagoenez. Gure hautu pertsonalagatik naziotasunaren inertzia estruktural horretatik aldendu gaitezke hein batean, baina funtsean ezer gutxi egin dezakegu bakarka logika nazional horren aurrean.

Deskolonizazio prozesu askotan gertatu dena ikusita arrazoi batzuk badaude independentzia formalaren emaitzak auzitan jartzeko. Kolonizatzailea egotzi dute edo alde egin du; okupazioaren ondorioak, ordea, bizi-bizirik daude oraindik. Ondorio horietako batzuk sozioekonomikoak izango dira, jakina, baina ez denak. Hartara, kolonizatzailearen hizkuntza eta kultura bertan geratu dira boteregune hegemonikoetan errotuta.

Eskoziako eredu makurrean bezala, nazio euskaldunak gaur egun eduki behar lukeen izaerak iraganean izandakoarekin zerikusirik izan behar ez baldin badu, Euskal Herriari iraganean eragindako etnozidioa euskaldunon orainarekin lotzeko beharrik sentitzen ez baldin badugu, orduan ulertzekoa da orain eta hemen gure nazionalismoa irizpide material eta ekonomiko soiletan oinarritzea. Gure asmoa, dirudienez, ez da atzoko bidegabekeria nazionala zuzenduz gaurko Eskozia, Katalunia edo Euskal Herri bidezkoago bat irudikatzea. Guk ez dugu jakin nahi atzo zer gertatu zitzaigun, hobeki esan, zer gertatu zitzaien gure arbasoei, etorkizuna bakarrik daukagu buruan. Bizi-maila ekonomiko hobeak ongizate hobea ekarriko omen digu, eta motibazio horixe da estatu burujabea sortzeko daukagun zio nagusia. Bejondeigula!

Identitate kontuak garenarekin, izan nahi dugunarekin eta ez garenarekin loturik daude. Aurreratu dugunez, nazio-identitatea ez da fenomeno indibiduala, kolektiboa da, komunitate batean sozializatzeak itsasten diguna. Nire ustez, nazio menderatu batean jaio denak ez lituzke inposatu dizkioten hizkuntza, kultura, identitate eta gainerako naziotasunaren ezaugarriak inola ere onartu behar. Baina normalena onartzea izaten da, inposizio estrukturala ez delako inposiziotzat hartzen naturalizatua dagoen heinean. Horregatik, nazio-eraikuntzak justiziaren mami moral eta politiko esanguratsu bat bereganatu beharko luke. Arbasoekiko enpatia historiko bat. Atzerakarga handi bat, alegia: euskal nazioa ez genuke eraiki behar garenetik soilik, izan ginena ere aintzat hartu behar genuke, izan nahi dugunak izan ginenetik, euskalduntasunetik, ezer izatea nahi baldin badugu bederen.

Goazen adibideetara. Irungo espainola ez da halakoa sentitzen bere ezaugarri sozioekonomikoengatik soil-soilik. Hendaiakoari buruz, beste horrenbeste esan dezakegu. Are gehiago, bata eta bestea oso antzekoak izan litezke bizitzaren alor jakin horretan, antzeko lanbideak eta antzeko bizi-maila eta ongizatea eduki ditzakete. Antzeko estatusa eta antzeko baliabide materialak. Aldiz, oso bestelakoak dituzte beraien erreferentzia-munduak eta interesguneak eguneroko bizitzaren gurpilean. Bidasoaren alde honetako herritar espainolak nazioarteko berrien mailan eta zentzuan bereganatuko ditu Frantziako gorabeherak, Espainiako bizitza nazionala, sozioekonomikoa eta kulturala, berriz, etxekotzat dauzka. Hizkuntza eta kultura partekatuari esker beren bizitzaren barrutia nazio-identitateak zedarritzen die batari eta besteari. Pertsona hauentzat nazio-identitateak zedarritzen dien bizitzaren marko nazionala, soziala eta kulturala oinarrizko giza eskubidea da, funtsezkoa, eta ez daukate ez ordezkatzeko ez merke-zurrean saltzeko.

Bizi-kalitatea eta ongizatea erosmena eta estatus ekonomikoa baino askoz gehiago da. Bestela galdetu adibidetzat ipini ditudan herritarrei. Horientzat oinarrizko giza eskubidea dena euskaldun askorentzat eta abertzale gehienentzat zergatik ez da hain muineko beharrizana? Ez da izango bada gurea ez den beste nazio-identitate batek bizi gaituelako? Eta, ondorioz, hitzak hitz, egitez onartu egiten dugula Eskozian Ingalaterrak bezala Espainiak eta Frantziak iraganean Euskal Herria mendean hartu eta gure nazio-nortasun suntsitu izana?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna