Albistea entzun

Orlettiren amarruan

Automotores Orletti garaje mekanikoaren itxura zuen tortura zentroko lau kide epaitu dituzte Argentinan; Cabanillas jeneralari bizi guztirako kartzela zigorra ezarri diote, eta gainontzekoei, 20 eta 25 urte artekoa.

Amagoia Mujika -

2011ko apirilak 2

Buenos Airesko Automotores Orletti garajeak autoetarako sarrera handi bat dauka, biltzen den metalezko errezel bat eta, ondoan, ate blindatu txikiago bat. Bi solairuko erakin horretan, areto handi bat da behekoa, eta komun bat eta garbitegi bat ditu bereizita. Betoizko zorua lurrez eta koipez zikindua dago, txasien arrastoak nonahi, eta bahitutakoren baten autoa. Erdian, urtegia eta presoak zintzilikatzeko txirrika, urpekoa egiteko prest. Goiko solairuan, galdeketetarako gela bat, torturatzeko beste bat eta arropa eskegitzeko terraza bat daude: terrazari lorategia deitzen diote militarrek.

Ate blindatuaren behazulora gerturatu, eta «Operacion Sesamo» esatean ireki diote atea Eduardo Cabanillas jeneralari. Zentroko nagusiak zain dauzka Honorio Martinez Ruiz, Eduardo Alfredo Ruffo, Raul Guglielminetti eta Anibal Gordon. Beste edozein egun izan daiteke, baina 1976ko irailaren 14a da. Estela Moya Saravia eta Gustavo Gaya senar-emazteak etxetik atera dituzte, baita haien lagun Ana Maria Perez ere. Une batetik bestera lehertuko zaion bederatzi hilabeteko sabela dauka Perezek, eta besteak baino lehenago atera dute handik; tiro bat sabelean jota bota dute inguruko muino batean.

Zigorrak

Eduardo Cabanillas bizi guztirako kartzela zigorrera kondenatu dute, hilketengatik epaitutako bakarra. Hil zituenen artean daude herenegun epaia ematerakoan lekukoek, senideek, seme-alabek lagunek eta biktimek oihukatutakoen izenak: Gustavo eta Ricardo Gaya, Marcelo Gelman, Dardo Albeano Zelarayan eta Ana Maria Perez bera, besteak beste. Cabanillasen kasuan, ez dute egindakoengatik soilik epaitu, baita bere zereginengatik ere: OT18ko buru izan zen —Orletti garajearen izen ofiziala—, Condor Planeko buru Ruben Visuararen eta Otto Paladinoren agindupean. Honorio Martinez Ruiz, Eduardo Alfredo Ruffo, Raul Guglielminetti eta Anibal Gordon —azken hori hilda dago— hark agindutako tortura guztiak egiteko zeuden. Guglielminettiri jarri diote kondenarik laburrena, kasu guztietan ez zuelako parte hartu —beste zentro batzuetan egindakoengatik epaitua dago—, eta beste biek hogeita bost urteko zigorra jaso dute.

Epaia irakurtzeko saioan prozesuan lekuko izan diren biktimak, seme-alabak eta abokatuak egon dira. Sara Mendezek epaia bere urtebetetze egunean jaso du, hunkituta. Orletti ongi ezagutzen du Mendezek. Han eduki zuten bahituta; han lapurtu zioten Simon semea —hogei urtera berreskuratu zuen—. «Beti esaten dut justizia berandu heltzen denean ez dela justizia, zigorgabetasuna luzatu egiten delako urteekin, baina kasu hau urrats bat da, oso garrantzitsua».

Kanpoan, epaitegi aurrean, Gayaren semeetako bat besarkatu dute han daudenek, Maiatzeko Plazako amek ere bai, eta norbait Sara Mendezi Zorionak zuri kantatzen hasi da.

Hego Amerikako zuloa

Orlettin 200 lagun atxilotu eta torturatu zituzten Argentinako diktadurak iraun bitartean, 1976tik 1983ra bitartean. Hego Amerikako diktadoreen Condor Planaren koordinazio zentroa zen, eta oposizio politikoa egiten ziotenentzako zuloa. Argentina, Uruguai, Txile, Bolivia, Paraguai eta Kubako biktimak egon ziren han, herri haietako torturatzaileen esku. Victor Visuarak Eduardo Ruffo agenteari agindu zion kobazulo bat aurkitzeko. Garajea ezin egokiagoa zen. Gaur egun, museo bilakatu dute, biktimen oroimenez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gazte batzuk koronabirus proba egiteko zain, Moskun. ©MAXIM SHIPENKOV / EFE

Egunean mila hildakotik gora eragiten ari da COVID-19a Errusian

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskun, oinarrizkoak ez diren zerbitzuak ixteko agindu dute azaroaren 7ra bitartean. Erresuma Batuan beste 40.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte hamargarren egunez
Letoniako armadako soldadu bat, Bielorrusiarekiko mugan, burdin harizko hesi labanaduna altxatzen. ©VALDA KALNINA / EFE

Zigor gehiago Bielorrusiari

Gorka Berasategi Otamendi

Bruselak Lukaxenkoren gobernuaren kontrako neurri «murriztaileagoak» hartuko ditu, migratzaileei EBrako bidea errazteagatik. Mugetan hesiak finantzatzearen aurka mintzatu da Von der Leyen
 ©LARA VILLALON

«Erdogan kritikatzen duten guztiak atxilotzen dituzte»

Lara Villalon

Abokatuaren esanetan, Turkiako Gobernuak legea baliatzen du bere eta estatuburuaren aurkako kritikak isilarazi eta beldurra zabaltzeko: «Ez dute nahi borroka egiterik eta jendea babesterik».
Guantanamoko atxilotze gunearen aurkako protesta bat, 2019an. ©EFE

AEBetako epaile batek ebatzi du preso bat legez kanpo dutela Guantanamon

Igor Susaeta

Asadullah Haroon Gul afganiarrak hamalau urte daramatza preso gune horretan. Magistratu federal batek defentsaren 'habeas corpus'-a onartu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.